INFO

Alde Zaharrean libre dauden oheen %25 turismora bideratuta daudela salatu dute

SOS Alde Zaharra eta Bihotzean eragileek Bilboko Alde Zaharreko etxebizitzaren erabilera gaitzetsi eta «auzoa hiltzea» egotzi diete app turistikoei. Ildo horretatik, auzoan libre dauden oheen %25 turismora bideratuta daudela salatu dute.

SOS Alde Zaharra eta Bihotzean eragileek deitutako prentsaurrekoa, Alde Zaharrean. (BIHOTZEAN AUZO ELKARTEA)

SOS Alde Zaharra eta Bihotzean eragileek prentsaurreko bateratua eskaini dute ostegun honetan Bilboko Alde Zaharreko espekulazio immobilarioa deitoratzeko. ‘Auzoa hiltzen ari zarete, baina guk defendatuko dugu’ lelopean, auzoan libre dauden oheen %25 turismora bideratuta daudela salatu dute. Horregatik, Airbnb-ri auzoa hiltzen dabilela egotzi diote.

Gainera, adierazi dute auzokide gazteak alokairua ordaindu ezinik beste auzo batzuetara joaten ari direla eta multinazionalak zein frankiziak negozio txikiak ordezkatzen ari direla. Beraien salaketa datuekin berresteko, Alde Zaharrean 202 lokal huts zenbatu dituztela jakinarazi dute bi eragileek. «Oraindik ez dakigu haietako zenbat bihurtuko diren hotel, frankizia, edo zenbatek ez duten berriro negozioa irekiko», ohartarazi dute.

Erakundeei dagokienez, SOS Alde Zaharrak eta Bihotzean auzo elkarteak Bilboko Udalari multinazionalei auzoan sartzen lagundu izana aurpegiratu diote, beraien aburuz, prozesuan auzokideen eskaerei entzungor eginez: «Udalak, gainera, alfonbra gorria jartzen die enpresa multinazionalei, euren produktuak espazio publikoan promozionatzeko, Erriberako merkatuan edo Areatzan askotan ikusi dugun moduan. Bitartean, auzokideok zailtasunak besterik ez ditugu aurkitu gure kaleetan ekimen desberdinak egin nahi izan ditugunean. Auzoko jaiak antolatzerakoan jarritako trabak horren adibide bat besterik ez dira izan».

Bukatzeko, ekainaren 22an, asteazkenean, deitu duten lan egunean parte hartzeko gonbidapena luzatu dute bi eragileek, «udako kanpainari begira gure kaleak mezuz hustu ez daitezen eta datorren turisten saturazioari erantzun kolektibo bat emateko».