Zerbitzuen sektorean euskara areagotzeko kanpaina abiaraziko dute aurten ere UEMAk eta udalek
Hirugarren aldiz, bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzuen sektoreko arduradun eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko kanpaina egingo dute uda honetan ere udalerri euskaldunetan.
UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta bertako kide dozenaka udalek ‘Bertatik bertara’ kanpaina abiaraziko uda honetan ere, hirugarrenez, zerbitzuen sektorean euskara areagotzeko helburuarekin.
Hilaren 21etik irailaren erdialdera izango den kanpaina honen baitan, 250.000 mahai-gaineko inguru banatuko dituzte ostalarien artean, UEMAk har bidez azaldu duenez.
‘Bertatik bertara’ kanpainarekin, bertoko produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu nahi du aurten ere UEMAk, parte hartuko duten udalekin eta garapen agentziekin batera.
Horretarako, bisitarientzat eta zerbitzuen sektoreko arduradunentzat eta langileentzat hainbat baliabide prestatu dituzte: udalen webguneetarako eta sare sozialetarako bannerrak eta testuak, tabernetan eta jatetxeetan erabiltzeko mahai-gainekoak, zerbitzuen sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak, eta bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegia, besteak beste.
Bertako hizkuntza ere kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbesteko osagaia dela gogoratu nahi die kanpainak zerbitzuen sektoreko arduradunei. Izan ere, jakinarazi zaien moduan, «askotan bertako hizkuntza alde batera uzten dugu, bisitariei arreta erdaretatik eskainita. Ez du zentzurik, egindako inkestek eta ikerketek argi erakusten baitute bisitari asko berariaz etortzen dela udalerri euskaldunetara, eta euskara ikustea eta entzutea gustukoa dutela».
Hori guztia gogorarazteko eta kanpainaren berri emateko, UEMAko kide diren herrietako merkatariei eta ostalariei helarazi zaie ekimenaren berri. Merkataritza zerbitzua UEMAk eskaintzen duen herrietan, posta arruntez jaso dute informazioa 2.000 biztanletik beherako herrietan. 2.000 biztanle baino gehiagoko herrietan, berriz, udalak arduratu dira informazio orriak banatzeaz. Azkenik, merkataritza zerbitzua UEMAk eskaintzen ez duen herrietan, informazio orria PDF formatuan jaso dute udalek, egokien ikusten duten moduan zabaltzeko zerbitzu sektorean zein udalen webguneetan eta sare sozialetan.