INFO

Bizkaiko garbitzaileak beren sektoreko soldata-arrakalaren aurka mobilizatu dira

Bizkaiko eraikin eta lokalen garbiketa-sektoreko langileek manifestazioa egin dute astelehen honetan Bilbon, sektoreko hitzarmenen artean dagoen genero-soldata-arrakala amaitzeko eskatzeko. Hilean 1.200 euroko soldatak eskatzen dituzte, 15 ordainsariekin.

Bizkaiko garbitzaileen manifestazioa Bilbon. (ELA)

Greba eguna duten Bizkaiko eraikin eta lokalen garbikuntzako ehunka langilek parte hartu dute gaur Miribillan (Bilbo, Samsic enpresaren egoitzaren aurrean) hasi eta Limpiezas Garnica parean amaitu den manifestazioan, sektoreko hitzarmenetan dagoen soldata arrakala salatzeko.

ELA eta LAB sindikatuek azaldu dutenez, sektore honetako soldatak ez dira urtean 16.000 eurora iristen lanaldi osoan, eta, gainera, eraikin eta lokaletako garbikuntzako langile gehienek lanaldi partzialak dituzte.

Gipuzkoako langileek 18.000 euroko soldata dute 2018tik. Bizkaian, helburua nagusia soldata arrakala ezabatzea bada ere, fase honetan 1.200 euroko hileko soldatak aldarrikatzen ari dira, 15 ordainsaritan banatuta.

Sindikatuek gogorarazi dute urtebete baino gehiago igaro dela hitzarmena negoziatzeko mahaia eratu zenetik, eta harrezkero patronalak ez duela hobekuntza nabarmenik eskaini.

Bihar, ekainak 21, asteartea, beste greba egun bat izango dute. Manifestazioa 11.00etan abiatuko da Bilboko Plaza Biribiletik eta Gran Vian amaituko da, Cebek patronalaren egoitzaren aurrean.

Hainbat greba egun egin ondoren, hitzarmen duina lortu arte borrokan jarraituko dutela argi utzi dute langileek.