INFO

Gehiengo berriak osatzeko beharraz arituko dira Donostian Otegi, Zabaleta, Madrazo eta Rabago

Arnaldo Otegik, Gemma Zabaletak, Javier Madrazok eta Manuel Diaz de Rabagok parte hartuko dute asteazken honetan Donostiako Kussaalean EH Bilduk antolatutako solasaldi batean. Gehiengo berriak osatzeko beharraz hitz egingo dute, euskal ereduan sakonduz.

Rabago, Zabaleta, Otegi, Madrazo eta Arranz, duela bi urte egindako bileran. (Jon URBE | FOKU)

Euskal Herriak dituen erronkei aurre egiteko gehiengo berriak osatzeko beharraz hitz egingo dute asteazken honetan Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, Gemma Zabaletak, Javier Madrazok eta Manuel Diaz de Rabagok.

Solasaldia arratsaldeko 18:00etan hasiko da, Donostiako Kursaalean; eta ‘Euskal eredua. Nuevas mayorías’ izenburupean egingo da. Sarrera librea da, lekua bete arte.

EH Bilduk ohar batean azaldu duenez, «ezkerreko subiranisten etxe komun izateko helburuarekin jaio zen EH Bildu», eta hori lortzeko lanean tinko ibili dira «urte hauetan guztietan».

«Bere oinarria zabaltzen joan da, norbanako eta gizarte sektore gehiagotara heltzea lortzen ari da. Horren lekuko da hurrengo asteazkeneko solasaldia. Euskal Herriko ezkerreko hainbat ordezkari esanguratsuk mahaia partekatuko dute Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiarekin, gure herriak dituen erronka handiez eta ezkerrak oro har jokatu behar duen paperaz hausnartzeko».

Hala nola, Otegirekin batera izango dira Gemma Zabaleta, Javier Madrazo eta Manuel Diaz de Rabago. Azken hauek, Daniel Arranzekin batera, artikulu bat argitaratu zuten duela bi urte GARA egunkarian. Bertan EH Bilduren inguruan proiektu zabal bat sortzearen beharra azpimarratu zuten.

Ideia hori aztertu zuten ere pasa den astean Ezkerreko Foroak egindako mahainguru batean. Bertan izan ziren Arnaldo Otegi, Javier Madrazo, Isabel Lopez Aulestia, Paul Nicholson, Angel Elias, Garbiñe Atxukarro eta Ruben Ardiles.