INFO
Elkarrizketa
Mikel Gonzalez
AEK Larnaka taldeko jokalaria

«Ziprera heldu nintzen lehen momentutik oso gustura sentitu nintzen»

Arrasatearrak bosgarren denboraldia beteko du aurten Zipreko taldean, bertan erabat egonkortu den seinale. Hiriaren eta euskaldunekin harreman berezia duen taldearen inguruan aritu gara berarekin.

Mikel Gonzalez, AEKrekin jokatutako partida batean (AEK LARNAKA)

Kasu deigarria da AEK Larnaka Zipreko taldearena. Kirol zuzendaritzan euskaldunen alde egindako apustuak hainbat jokalari eta entrenatzaile euskaldun eraman ditu talde horretara azken urteetan. Gaur egun kirol zuzendari lanetan Xavi Roca kataluniarra dagoen arren, Oier Sanjurjo nafarra izan da zipretarrekin fitxatzen azkena. Gehienek esperientzia bizi eta denbora nahiko gutxi ematen dute bertan, baina Mikel Gonzalezek (Arrasate, 1985) bosgarren denboraldia beteko du Zipre hegoaldeko hirian, bertan oso pozik dagoen seinale. Berarekin hitz egin dugu taldearen eta hiriaren berri jakiteko.

Berrienetik hasiko gara. Zer moduz joan da aurreko denboraldia?

Ondo. Egia esan, nahiko denboraldi txukuna egin dugu. Bigarren bukatu dugu eta bigarren izateak aurten Championseko kanporaketa aurrekoak jokatzeko aukera ematen digu. AEK Larnakak bere historian lehen aldiz jokatuko ditu kanporaketa horiek eta halako talde batentzat lorpen aipagarria da. Europako liga denak gero eta lehiakorrago bihurtzen ari dira, Ziprekoa ere bai. Baina ziur jende askok ez duela ezagutuko, normala den bezala, nik ere etorri aurretik ez nuelako ezagutzen.

Nikosia hiriburuko taldeak ibiltzen dira batez ere sailkapenaren goialdean, eta zuek ere borroka horretan sartzen zarete denboraldi gehienetan. Balorazio positiboa egin duzue, beraz?

Orain dela hogei urte pasatxo sortu zen klub hau; alde horretatik klub txiki bat da, baina hazten ari da azken urteetan. Aurtengo helburua bazen Europako kanporaketaren bat jokatzea. Kontuan izan behar da Zipreko lehen mailan hamabi talde daudela eta horietatik bostek Europako kanporaketaren bat jokatzen dutela. Ez dakit ziur UEFAn zer koefiziente edukiko duen Zipreko ligak, baina hamabitik bost Europara sailkatzeak zerbait esan nahi du; ez dagoela horren behean besteekin alderatuta.

Motibazio berezi bat izango da denontzat, ezta? Klubarentzat, jokalarientzat, zaleentzat batez ere…

Europan jokatzeak ziur klubarentzat eragin positiboa duela, eta guretzat ere polita da bidaiatzea, zure ligakoak ez diren talde batzuen aurka jokatzea… Polita izango da.

Pertsonalki zer balorazio egiten duzu? Azken neurketetan titular izan zinela ikusi dut.

Bada, ez dut nahi beste jokatu aurten. Azken partidetan gehiago jokatu dut, bai, eta ongi sentitu naiz. Beste urte baterako berritu dut kontratua, beste denboraldi bat egongo naiz han, eta hortxe jarraituko dut. Pozik. Oso egokituta nago hango bizitzara, familia ere gustura dago, eta ni ere ongi sentitu naiz jokatu dudanean.

Bosgarren urtea beteko duzu, beraz, Larnakan. Horrek esan nahi du oso pozik zaudela taldean, hirian, herrialdean…

Bai, bai. Galdetu izan bazenit orain bost edo sei urte ea 37 urterekin futbolean jokatzen jarraituko nuen, ‘ni de coña’ erantzungo nizun. Baina Ziprera etortzea erabaki nuen eta heldu nintzen lehen momentutik oso gustura sentitu nintzen. Irla txiki batean jokatzeak beste abantaila bat ere badu: etxetik kanpoko partiduak jokatzeko ez duzu bidaia luzerik egin behar; ordu erdi edo ordubeteko bidaiak dira normalean, eta horrek erosotasuna ematen du. Eta jada oso egokituta nago hango bizitzara, kluba ezagutzen dut, nola funtzionatzen duen hango lan egiteko moduak… Oso eroso nago.

Begiratu dezagun atzera. Nola sortu zen Ziprera joateko aukera?

Realetik irtendakoan Zaragozan jokatu nuen urte bat eta hurrengo udan Ander Murillok deitu zidan, Athleticeko jokalari ohiak. Kirol zuzendari moduan zebilen orduan AEK Larnakan, eta aurrez bertan jokalari ibilitakoa zen bera. Aukera eman zidan bertara joateko, eta nik ere baneukan gogoa atzerrira joan eta zerbait berria probatzeko. Familiarekin begiratu egin genuen apur bat, bertan jokatutako jende askorekin hitz egin nuen eta denek erreferentzia onak ematen zizkidaten eta joan egin ginen.

Euskaldun asko pasatu ziren garai hartan taldetik, ezta?

Bai. Andoni Iraola zen entrenatzailea ni iritsi nintzen denboraldian, adibidez. Aurretik Imanol Idiakez egon zen; Javi Garridok ere jokatu zuen urtebete; Igor Gabilondo, Mikel Saizar… Neuzkan erreferentzia denak onak ziren eta ez naiz damutzen joan izanaz.

Pentsatzen dut erabakia hartzerakoan horrek asko lagunduko zuela, klub serioa dela erakusten baitu.

Klub txikia da, baina serioa, hori bai. Agian ez dauka Realak edo Zaragozak daukan egiturarik, horrenbeste jende lanean barruan, edo horrenbeste jarraitzaile. Horretan ezin da konparatu, noski, baina gauzak ongi egiten ari dira azkenaldian, hazten ari dira, eta horren parte izatea ongi dago.

Gazteleraz hitz egiten duten jokalari dezente daude taldean, baina aldagela oso askotarikoa da. Ingelesez aritzen zarete zuen artean?

Hemengo hizkuntza ofiziala greziera da, baina 60ko hamarkadara arte kolonia ingeles bat zen, eta horregatik ia denek dakite ingelesez. Eta taldean ere aldagelako hizkuntza nagusia ingelesa da. Orain lau urte iritsi nintzenean gazteleraz asko hitz egiten zen; agian hamar edo hamabi jokalari egongo ginen gazteleraz hitz egin genezakeenak. Asko da Zipreko talde bat izateko. Orain gutxiago, orain lau edo bost izango gara, bi venezuelar ere badaudelako, eta mundu osoko jokalariak daudenez ingelesez hitz egiten dugu batez ere.

Hirira eta herrialdera ere erraz egokitu zinen? Kulturalki antzekoa da?

Antzekoa da. Zerbait aipatzekotan esango nuke irla bat dela eta bizitza erritmoa agian lasaiagoa dela, baina ez nuen igarri aldaketa handirik. Beroa eta hezetasuna, hori bai. Udako hilabeteak, adibidez, oso gogorrak dira alde horretatik eta oso goiz entrenatu behar duzu. Baina Larnaka hiri txikia da, dena eskura daukazu, eta kulturalki ez zen shock handirik izan. Azkenean, uste dut norberak daraman predisposizioak asko eragiten duela egokitzerako garaian eta kasu honetan gure erabakia izan zen hara joatea eta ederki moldatu ginen hasieratik.

Zipreko alde bat Greziari lotuta bizi da eta bestea Turkiara begira. Zatiketa hori nabaritzen al da futbolean?

Irla bi zatitan banatuta dago. Iparraldea turkiarra da: sartzeko pasaportea behar duzu, beste txanpon bat daukate, kulturalki desberdina da… Eta hegoaldea, gu bizi garen lekua, greziarra da, greziartzat dute beren burua; greziar-zipretarrak eta turkiar-zipretarrak esaten da normalean. Zipre estatu bat da, baina beren sentimendua oso greziarra da. Alde turkiarrean, adibidez, beste liga bat jokatzen dute eta guk hegoaldeko liga jokatzen dugu. Historia interesgarria da. Nikosia, adibidez, bi aldeen hiriburua da, bai greziarrena eta bai turkiarrena, eta erditik zatituta dago. Pasatu zaitezke batetik bestera, baina kuriosoa da. 1974an gertatu zen gerrate hori eta turkiarrek irla erdia hartu zuten.

Zuek alde greziarreko taldeen aurka bakarrik jokatzen duzue, orduan?

Bai, hori da, ez duzu irla osoan jokatzen. Irla bat da, estatu bakarra, baina horren barruan ia bi herrialde desberdin bezala funtzionatzen dute. Europar Batasunak ez du onartzen iparraldeko zati hori, baina Turkiak bai eta ekialdeko herrialde denek ere bai. Mobida politiko ‘polita’ dagoela esan daiteke, interesgarria da.

Azken bizpahiru urteak bereziak izan dira pandemiagatik ere. Nola bizi izan duzue han?

Futbolari dagokionez, denboraldia bertan behera geratu zen aurreneko denboraldian, ez genuen amaitu. Eta orokorrean esango nuke Europa osoan nahiko antzekoa izan dela egoera. Herrialde denak soka batekin lotuta daude eta bat erortzen bada besteak ere bai. Zipreko berezitasun bakarra zen pare bat aste beranduago heltzen zirela gauzak: bai konfinamendua, bai neurriak… Hori izan da sentsazioa.

Eta nola ikusi duzu Reala distantziatik?

Bada, gure partiduengatik, ordutegiengatik eta abar ez ditut nahi nituen partida guztiak ikusi, baina azken urteetan Reala izaten ari den ibilbidea, bai Europarako sailkapenak, bai Kopako titulua, sekulakoa izan da. Harrobia ere sekulako lana egiten ari da: urtero irteten dira jokalari berriak, bigarren taldea Bigarren Mailara igo zen… Uste dut sekulako proiektua dagoela, oso lan ona egiten ari dela, eta Realeko zale denek oso harro egoteko arrazoiak dituztela. Han ere Realaren inguruan hitz egiten dugunean mundu guztiak oso estimatua dauka; badakite etxeko zenbat jokalari dauden eta zer maila ematen ari diren. Oso garrantzitsua da eta harro egoteko modukoa.

Ez duzu onartuko, baina oraingo loraldiaren oinarria zuek jarri zenuten hein handi batean: Lehen Mailara igo, goian sendotu, Europarako sailkatu… Zer oroitzapen dituzu garai hartaz?

Oso oroitzapen onak dauzkat. Oso onak. Eta bai, egia da, Lehen Mailara igo ginenean esan liteke hortxe hasi zela dena. Aurreneko bi urteetan mailari eutsi, talde sendo bat eraiki, eta gero Europarako sailkapen horiekin beste dena etorri zen. Baina ez da erraza hamabi urtean maila horretan ibiltzea. Ikusten da egitura oso sendoa eraiki dela, ez bakarrik lehen taldea, beheko maila guztietakoa ere bai. Oso esanguratsua da. Ikusten dituzu jokalariak lehen taldean debutatzen, ezagutzen ez dituzunak, eta sekulako maila ematen dute. Ez debutatu bakarrik, hogei partida jokatzen dituzte. Harritu ez nau harritzen, baina oso harro egoteko modukoa da.

Oporretan harrapatu zaitugu [elkarrizketa ekain hasieran egina da], baina Europako kanporaketa horiek goiz hasiko direla suposatzen dut.

Bai. Ekainaren 14an hasiko gara entrenatzen.

Aurten opor gutxi orduan...

Hiru aste. Nahikoa. Hortik gora agian arriskutsua izan liteke niretzat (barrez).