INFO

Zazpi gazteen aurkako epaiketa amaitu da, Fiskaltzak zigor eskaerak mantenduta

2021eko maiatzean gazteen bizi baldintza prekarioak salatzeko Ernairen mobilizazio baten ondorioz auzipetutako zazpi gazteen aurkako epaiketa bukatu da. Urtebete eta urte eta erdiko espetxe zigor, isun eta kalte ordain eskaerei eutsi die Fiskaltzak. Bizpahiru aste barru jakingo da epaia.

Ernairen manifestazioa epaiketaren kontra. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Asteazken honetan bukatu da 2021eko maiatzean Ernaik deitutako mobilizazioen baitan Bilbon atxilotutako zazpi gazteen aurkako epaiketa.

Egun hartan, ‘Larrialde egoeran gaude. Eraldaketa soziala eta burujabetza’ lelopean, gazteen bizi baldintza «penagarriak» eta prekarizazio egoera salatu zituzten gazteek. Bilbon eta Gasteizen Ertzaintza gogor oldartu zitzaien gazteei eta, haietako zortzi atxilotzeaz gain, 60 baino gehiago zauritu zituen.

Epaiketa aurreko astean hasi zen Bilboko Buenos Aires kalean dagoen auzitegian. 100 gazte inguru bildu ziren bertan, zazpi epaituei babesa helarazteko. Gainera gazte borrokak «merezi duela» eta horretan jarraituko dutela nabarmendu zuten.

Urtebete eta urte eta erdiko espetxe zigor, isun eta kalte ordain eskaerei egin diete aurre 7 gazteek. Guztira, 20.000 euro baino gehiago eskatzen dizkiete.

Epaiketa hasieran, Fiskaltzak akordioa proposatu zion defentsari, baina hark ez zuen onartu, akusazioei «zilegitasunik ez» emateko.

Deklarazio guztiak aurreko asteazkenean izan ziren, eta atzoko saioan kontu teknikoei ekin zioten, hala nola, grabazioak ikusteari. Fiskaltzak, oro har, bere eskaerak mantendu zituen, eta epaiketa ebazpenaren zain bukatu zen. Bizpahiru asteetan epaiaren berri izatea espero dute Ernaiko kideek.

«Argi eta garbi esan nahi dugu gezurrez beteriko atestatu baten ondorioa dela epaiketa, eta ez dela soilik gazteriaren aurkakoa, baizik eta gazte mugimendua eta orokorrean mugimendu soziala eta borroka sozialen aurkako estrategia baten aurrean gaudela. Ez gara bakarrak borrokatzeagatik epaituak izan garenak azken hilabeteetan eta gainontzeko mugimendu sozialekin elkartasuna adierazi nahi diegu ere», adierazi zuen Ane Alava Ernaiko bozeramaileak epaiketa hasi zenean.

Zazpi gazteren aurkako epaiketari aurre egiteko kontu korronte bat ireki du gazte antolakundeak, herritarrek ekarpena egin dezaten. Epaiketaren gastuetarako eta isun eta kalte ordainei aurre egiteko erabiliko dute bildutako dirua.