INFO

Naziogintza ardatz eta feminismoa bizkarrezur, «gazte olatu» bat osatzera doa Ernai

Aurrera begira dago Ernai eta erronka zein asmo politiko nagusiak finkatuko dituen Ehotzen ponentzia onartu du, boto-emaileen %93aren babesarekin, antolakundearen III. Kongresuaren amaieran. 500 pertsona inguru elkartu dira Olatzagutian egin duten ekitaldian.

Olaztin eman dio amaiera Ernaik bere III. Kongresuari. (Endika PORTILLO | FOKU)

Olatzagutian 500 pertsonak parte hartu duten ekitaldi batekin amaitu du larunbat honetan Ernaik bere III. Kongresua. ‘Ehotzen’ ponentzia onartu dute bertan, besteak beste, naziogintza indartuta euskal gazteriaren gehiengoa independentziarekin bat egitera eramatea helburu duena eta antolakundearen baitan feminismoa modu egituratuan landu eta aplikatuko duena.

Orain bi urte murgildu ziren prozesuan, baina pandemiak geldiarazi zuen. Kurtso amaierako Batzar Nazionalarekin batera, ordea, atzera ere Kongresuari heltzea erabaki zuten militanteek. Eta prozesu luze bati ekin zioten ondotik: lehen fasean ponentziaren edukia eztabaidatu zuten, barne-tailerrak egin zituzten gero hamar gairen inguruan –ekologismoa, hiriburuak, naziogintza, transmaribibollo borroka, sozialismoa, internazionalismoa, komunikazioa, unibertsitateak, gazte borrokaren ezaugarritzea eta feminismoa– eta eztabaida fasea ireki zuten hortik ateratako ideien bueltan.

Eztabaida kolektibo horren ondoko emaitza aurkeztu dute Nafarroako herrian: Ehotzen ponentzia. %75,5eko parte-hartzea izan du eta %93,5eko baiezko botorekin onartu da larunbat honetako ekitaldian datozen lau urteetan Ernairen jarduna ezaugarrituko duen bide-orria. Boto-emaileen %4,7ak eman du boto zuria eta %1,8k ezezko botoa.

Lau ardatz, bost eremu

«Gazte Frontearen artikulazioa» izango da Ernairen apustu nagusia datorren ziklo politikoan, baina ez bakarra: naziogintza, hezkuntza eta borroka eremuak ere lehen lerrora ekarriko dituzte gazteek.

«Aldaketa soziala eta burujabetzaranzko norabide politikoan diharduen gazte mailako aldaketarako olatu gisa ulertzen dugu Gazte Frontea. Zentzu honetan, bizitza bizigarriak eskuratu ahal izateko eta zapalkuntza oro gainditzeko bokazioak ardazten du», esplikatu dute Ainhoa Bueno eta Manu Martinezek. Hiru dimentsiotatik egingo diote bultza honi: herri eta auzoetatik, borroka sektorialetatik eta ikuspegi orokorretik.

Gazte frontea indartzea da Ehotzen ponentziaren lehentasunetako bat. (Endika PORTILLO/FOKU)
Gazte frontea indartzea da Ehotzen ponentziaren lehentasunetako bat. (Endika PORTILLO/FOKU)

Naziogintza indartzearen erabakia, bestalde, kezka batetik abiatu dute: «pultsu nazionalaren beherakada» atzeman dute, batez ere gazteengan. Autokritika ere bai: «Horren aurrean plan falta izan dugu azken urteotan». Baina egoera iraultzeko epe motzeko estrategia du Ernaik. «Batetik, Euskal Herriaren eraikuntza proiektu eta bokazio eraldatzaileekin lotzeko ekinbidea indartuko dugu, horrekin, egungo belaunaldiak Euskal Herriaren eraikuntza bestelako mundu baten eraikuntzarekin lotzeko eta gazteriaren artean identitate abertzale eta eraldatzailea hedatzeko. Horren guztiaren garapenerako, kirolean, euskalgintzan, borroka antifaxistan, gazte sortzaileen proiektuetan edota gazteon aisialdian lanketak sustatuko ditugu», azaldu zuten Buenok eta Martinezek.

Hezkuntzari dagokionean, unibertsitateen «eredu publiko, nazional, burujabea eta komunitariorako bidea» egiten jarraituko dute, lanbide heziketan lanketak sustatuko dituzte eta, gainontzean, Ikama antolakundearen esku utziko dute ikasle problematikaren lanketa.

Azkenik, gazte mugimendu ezberdinen borrokak «artikulatu eta hauspotzea» du itu Ernaik. Zentzu horretan, bost lehentasunezko eremu identifikatu ditu «gazteria zapalduen gehiengoa antolatzeko»: feminismoa –eta, zehatzago, Euskal Herriko Neska* Gazteen mugimendua indartzea–, gaztetxe eta gazte asanbladak, euskara, borroka transmaribibolloa eta baldintza duinen aldeko borroka.

«Gazte olatu bat»

«Ikasturte honetan, Ernai indarberritu, egokitu, azalberritu dugu. Eta orain, argi dugu zertara goazen: gazte mugimendua indartu eta gazte fronte indartsu bat osatzera goaz, gazte olatu bat», nabarmendu du Ane Alava Ernairen bozeramaileak.

500 gazte inguru elkartu dira Olaztiko pilotalekuan. (Endika PORTILLO/FOKU)
500 gazte inguru elkartu dira Olaztiko pilotalekuan. (Endika PORTILLO/FOKU)

Alavak gazte antolakundearen egiteko nagusiak laburbildu ditu. Batetik, «gazte zapalduen errealitatea iraultzea» helburu duen estrategia garatuko dute. Bestetik, belaunaldi berriak ezker abertzalearen proiektura batzeko ahalegina egingo dute, iritzita mugimendua «gaztetu, indartu eta zabaltzea» ezinbestekoa dela Euskal Herriaren askapenerako.

Azkenik –«eta azpimarra berezia eginda», berretsi du Alavak–, gazte independentistak sortzea nahi dute, epe ertain-luzean gehiengoa independentziaren aldeko izan dadin: «Izan ere, Ernaik prozesu independentista eraldatzailea bultzatzeko ardura du, hausturak bilatu eta askapen mugimenduaren abiada azeleratzekoa. Eta horretarako, naziogintzaren ardatza indartzea beharrezkotzat jotzen dugu, eginkizun hori geure misio egiten dugularik».

Urrats feminista

Beste konpromiso sendo bat ere hartu du larunbat honetan Ernaik, kasu honetan, feminismoarekin. Helburua, Itxaso Mimeza eta Iker Eizagirrek aurkeztu bezala, «feminismoa transbertsala izatea gure antolakunde osan, kanpo jardueran, barne bizitzan, antolaketan edo militantzia ereduan».

«Antolakunde misto bezala, ardura hartu dugu gure estrategiaren osotasuna feminista bihurtzeko –berretsi dute–. Estrategia feminista integral bat osatzera goaz, olatu feminista propioa eraiki eta balio feministen hegemonizazioa emateko».

Gogora ekarri dute Ernai izan zela ezker abertzaleko lehen antolakunde feminista, baina esan sute sorreratik (2013) gaurdainoko egoera oso bestelakoa dela: «Ernai gazte belaunaldi berri batek osatzen du, lehen urrats feminista bizi ez genuen belaunaldi batek, alegia».

Gaiak «destentsionamendua» eragin du antolakundearen baitan, onartu dute, ardurak dituzten kide gehienak gizonezkoak baitira eta «boteretze maila gehiegi» daukate. «Ez gara gai izan arazo hau identifikatu eta neurriak hartzeko, gure kide feministen lana bikoiztuz eta zailduz», azaldu dute.

Hala ere, sinetsita daude, segurtatu dute, «prozesu independentista eraldatzailea» feminista izan behar duela eta, beraz, «proiektu politiko feminista erradikal baten alde» agertu dira.

«Aldaketa» eskatuko du eman nahi duten «Urrats Feministak»: etxe barrura begira jarriko dira antolakunde feminista eraikitzeko.

Une zailetarako, anbizioa

Sorturen izenean, Arkaitz Rodriguezek eskerrak eman dizkete gazteei egin duten prozesuagatik eta erakusten ari diren konpromisoagatik. Independentziaren, sozialismoaren eta feminismoaren alde egiten ari diren lan militantea azpimarratu du. Bide horretan, hitzekin batera ekintzak behar direla azaldu du Rodriguezek, diskurtso iraultzaileen eta praktika iraultzaileen arteko aldea nabarmenduz. Boterea lortzeko borrokatzen dutela esan die; gauzak aldatzeko behar den boterea eskuratzeko, hain zuzen ere.

Bera gazte zeneko pasarte bat gogoratu du, kartzelan sartu zuten lehendabiziko aldikoa. Berarengana hurbildu ziren poliziek harridura azaldu zioten, ez baitzuten ulertzen beste aukera batzuk zituen norbaitek militantziaren hautua egitea eta, ondorioz, espetxean egotea. Amore emateko gonbidapenei ezetz esateko eskatu die Rodriguezek bertan zeuden gazteei. Anbizioa ere eskatu die, une zail hauetan ezinbestekoa delako.

EPPKren mezua

Mezu grabatu baten bidez, euskal preso batek Olaztin bildu ziren 500 gazteak agurtu ditu. EPPKren izenean, konpromisoaren balioaz eta ekarpen politikoa egitearen garrantziaz hitz egin du. Euskal Herriak aurrera daraman borroka askatzaile batek belaunaldi desberdinen ekarpena behar duela ere azaldu du. III. Kongresu honetan, aurreko fase historikoak eragindako ondorioei heldu eta, bereziki, euskal preso politikoen eskubideen alde egiteko ildoa berretsi du Ernaik.