Euskaldunak Louisbourg-era itzuli dira, Mi’kmaq nazioarekin berriz elkartzera
XVIII. mendean Louisbourg-en, Unama’kin (laga gabeko lurrak) edo Cape Bretoneko uhartean, frantsesaren atzetik euskara zen hizkuntza erabilienetako bat. Hiru mende beranduago, kolonia hura birsortzen duen espaziora itzuli dira euskaldunak, Mi’kmaq lehen nazioarekin izandako loturak berreskuratzera.
Hile honen bukaeran, Galdakaoko eta Donostiako gazte bana Kanadara bidaiatuko dira, Eskozia Berriko Louisbourg-eko paraje ederretara, hain zuzen ere. Cape Bretoneko irlan edo Unama’kin –laga gabeko lurrak, Mi’kmaq nazioaren izendapenean– kokatuta dago Louisbourg, San Lorentzoko golkoan.
XVIII. mendean, frantses koroak gotorleku bat eraiki zuen lur haietan, baita kolonia bat antolatu ere. Baina, koloniaren aurretik, Mi´kmaq nazioa zegoen bertan, eta euskaldunak, balearen arrantzan lehenik eta bakailoaren arrantzan beranduago. Izan ere, herri biek erro sakonetako harremanak izan zituzten mendeetan zehar, eta historia horren nolabaiteko segida den proiektu baten barruan doaz euskal gazteak: Mi’kmaq herriaren kulturan blaitzera, eta euskal komunitateak Louisburgen izan zuen presentzia erakustera. Jatorrizko nazio kanadiar eta euskaldunen arteko iragan horretan sakontzeko leiho berri bat da izan nahi du proiektuak, baita ikerlan berriak egiteko inspirazio iturri bilakatu ere. Beste alderdi bat dauka proiektuak, urtero milaka bisitari hartzen duen erakusleiho horretan euskal izatea zabaltzearen aukera.
Egitasmoaren atzean, Euskal Herrian, Jauzarrea elkartea dago bakarrik, instituziorik ez. Kanadaren aldetik, erakunde publiko bi: Parks Canada –Parke nazionalak eta leku historikoak kudeatzen dituen Kanadako Gobernuko erakundea da eta Louisbourgeko gotorlekuaren proiektuaz arduratzen da– eta ikaskuntza indigenen Cape Bretoneko Unibertsitatea, Unama´ki College.
Egitasmoa ez da berria, 2019an jarri zen abian lehen aldiz, bi gazte euskaldunen parte hartzearekin, eta esperientzia bitxiak utzi zituen. Hurrengo bi edizioak ezin izan ziren ospatu, pandemiaren ondorioz. Aurten, proiektua berreskuratu eta indarberritu dute proposamen berriekin. Garazi Maeso galdakoztarra eta Mikele Albisu donostiarra bidaiarako prestatzen ari dira.
Louisbourg-eko kolonia 1713. urtean altxatu eta 45 urte beranduago eroriko zen, britaniar eta frantsesen arteko Zazpi Urteen gerran. Egun ikus daitekeen gotorlekua eta koloniako etxeak XVII. mendekoen erreplika bat dira. Indusketa arkeologikoek emandako informazioan oinarrituta, garaiko estiloko 42 eraikin altxatu eta gotorlekuen zati bat berregin zuten, ez osoa. Orain, hura bisitatzen duenak XVIII. mendeko gotorlekura eta herrira bidaiatzen du, “Azken mohikanoa” eleberriko istorioaren garai berberera, garaian kokatzeko. Kanpotik eta barrutik guztiz atonduta, 300 aktore inguru aritzen dira udan zehar han, garaiko bizimodua, lanbideak... birsortuz.
Gobernadorearen eta burgesen etxeak, tabernak, biltegiak dendak... garai horretan girotuta daude, eta horien artean euskaldunen etxe bat dago. Louisbourgeko gotorlekutik kanpo, arrantzaleen etxeen artean euskaldunen etxe bat dago, justu bistariek egiten duten ibilbidearen hasieran. Baionako familia bat da protagonista. Hori ere ez da girotzearen kapritxo bat, datu historikoetan oinarrituta dago.
Herritarren %20, euskalduna
Euskaldunen presentzia Kanadan ezaguna da aspalditik. Louisbourg-i dagokionez aski dokumentatuta dago, gainera. Izan ere, XVIII. mendeko agiri ugarik euskal presentzia esanguratsu bat islatzen dute. Euskara ere aspaldi desagertu zen Louisbourgetik, baina XVIII. mendean, tokiko biztanleriaren %20ak erabiltzen zuen euskal hizkuntza bertan.
Nortzuk ziren bertan zeuden euskaldunak? Zer dakigu haietaz? Xabi Otero Jauzarrea elkarteko zuzendariak GAUR8ri azaldutakoaren arabera, batez ere iparraldekoak ziren bertan instalatutako euskaldunak, bakailoaren arrantzan aritzen ziren itsasontzen tripulazioak, hegoaldeko tripulazioak zituzten iparraldeko itsasontziak, hain zuzen ere, «Utrecheko Ituna jada ez baitzuen uzten Espainiako bandera zuten ontziei ur horietan arrantzan egiten».
Istorio honetan «bitxia da», jarraitzen du Oterok, frantsesek kolonia altxatu zutela euskaldunentzat indiarrekin harremanetan jartzeko eta hornikuntzarako erabiltzen zuten portu naturala zen lekuan. «Garrantzitsua da azpimarratzea hasiera benetan euskal finkapen bat izan zela», nabarmentzen du.
Berez kokapen estrategiko bat zen, euskaldunentzat gelditzeko badia zen eta bertan aurretik zuten Mi’kmaq nazioarekin harremanetan jartzeko aukera zuten, XVI. mendetik dokumentauta dagoen harreman bat zegoen. «Indiarrekin trukeak egiten zituzten, larruak, artoa...», eransten du Jauzarreako kideak. 1713. urtean, bertan gotorleku bat altxatzea erabaki zuten frantsesek, San Lorentzoko Golkoa kontrolatzeko puntu indartsu bat ezartzeko, eta gerora, Nueva Yorketik iparraldera, koloniarik garrantzitsuena bilakatuko zen.
Apaiz euskaldunak
Bakailoaren arrantzan zebiltzan euskal arrantzaleez gain, frantsesen koroak bidalitako funtzionarien artean zeuden euskaldunak gehitu ziren, baita baita hemendik joandako merkatari batzuk ere. Izan ere, merkataritza nabarmen haziko zen hurrengo urteetan. Horren adibide da Oterok berak emandako datuetako bat: Baionatik eta Bordeletik ateratako itsasontzien fluxua urtean ehun ingurukoa izan zitekeen. Lousibourg-en arto asko zegoen, eta Kebekeko hiria hornitzen zuen, aipatzen du plaza haren garrantziaren adibide gisa.
Gauzak horrela, aurretik zegoen euskaldunen presentzia areagotzen joan zen. Horren erakusle da hainbat dokumentutan jasotako eskaera herritarra, apaiz euskaldunak bidal zitzaten edota agiriak itzultzeko galdeginez. Gehienak arrantza garaian bizi ziren han, eta bukatutakoan Euskal Herrira itzultzen ziren. Kalkulatzen da udan izaten ziren 3.000 biztanle ingururen artean 1.000 euskaldunak zirela, eta ez ziren kanpotik heldutako nazio bakarra, XVIII. mendeko Louisbourg oso hiri kosmolita gisa deskribatzen baitute haren historia aztertu dutenek. Oteroren esanetan, euskal biztanleria bezain handi izan zitekeen normandiarra edota bretoia.
Hala ere, euskaldunen eta indiarren arteko harreman zaharrago bat egon da Louisbourgen, gutxienez XVI. mendetik, agirietan josota, eta oraindik aurreagokoa izan daitekeena.
Izan ere, Kanadako esperientzia honek bi alderdi ditu: XVIII. mendeko Louisbourg hartan euskaldunek zuten presentzia atzeztea, eta Mi’kmaq nazioaren historia eta euskaldunekin partekatutako erlazioa berreskuratzea. Azken hau istorio honen jatorrian dago, hango erakundeen eta Mi’kmaq nazioaren inplikazio argi batekin. Euskal gazteen egonaldiaren zati bat indiarren erreserban izango da, haien kultura eta tradizioak haien eskutik ezagutzeko.
Oterok gogoratu duenez, Cape Bretoneko Unibertsitateak bultzatuta, eskoziarren, irlandarren edota kolonizatzaileen ikuspuntutik idatzitako historiaz gain, indiarren iraganean sakontzeko ideia sortu zen. Testuinguru horretan, nazioarteko harremanak ikasten zegoen euskal ikasle bat izan zen bertan, Stephen Augustine Mi’kmaq nazioko buruzagiaren laguntzarekin. Eskolen gaineko ikerlan bat egin zuen, orain gutxi ezagutu den barnetegietan izandako umeen heriotzekin lotuta, gainera,
Unama’ki Collegeko Donald Marshall instituak antolatzen du euskal gazteen egonaldiarekin lotutakoaz. Astean lau egunetan gotorlekuan izango dira gazteak turistei euskaldunen presentziaren antzezpen horretan, gainontzeko denboran indiarren kanpamnetu batean egongo dira, Mi’kmaq herriaren kultura ikasteko. «Haien erreserbetan egongo dira egun horietan, haiekin bizitzen», zehaztu du Oterok.
Harreman sendo bat
Xabi Otero 1983. urtean heldu zen lur horietara, Red Bay-n baleontzien indusketa batean parte hartzera. Harrez geroztik, gertutik ezagutu du Mi’kmaq herria. Ikertzailea eta dibulgatzailearen arabera, herri bien arteko harremana XIII. mendera arte joan daiteke, hori jasotzen duen agiri historikorik ez badago ere.
«Haiek (indiarrek) arrantzatutako baleen tratamentuan laguntzen zuten eta ziurrenik ehiza erraztuko zieten, larruak... larruen merkataritza oso garrantzitsua baitzen», komentatzen du. Baieztatuta dago herri bien arteko konfidantza irabazita, euskaldunek txalupak desmuntatuta uzten zituztela han, eta itzulerarako indioek beharrezko konponketa eginik arrantzarako prest aurkitzen zitzutela. Dibulgatzaileak aipatzen duenez, ezaguna da baita ere indiarrek eurek euskadunentzako txalupak egin zituztela, eta dokumentatuta dago bertako nazioen arteko gatazketan euskal txalupak erabili zituztela.
Hizkuntza harreman horren izpilu ere bada, euskararen egiturarekin antza handia duen Mi’kmaqen hizkuntzan euskal hitzen antzeko soinu bera duten hitz ugari daude, eta horrek harreman horren gaineko ipotesi ezberdinak bultzatu ditu.
Paraje haiek ondo ezaguzten dituen ikertzaileari, Louisboug zer nolako lekua den galdetu diogu. berezitasunetako bat aipatutako izaera estrategikoa da. «Louisbourg-etik San Lorenzoko Golkoko sarrera guztia kontrolatzen da», azaldu du.
Padurez eta itsasoz inguratuta, antzinako klimatologia txarragoarekin neguan nahiko leku ezerosoa izan zitekeen. «Neguan dena izozten da, baina lekua aukeratu bazuten itsasoak eta padurek babestutako lekua zelako izan zen, hauetatik oso sarbide zaila dauka», dio ikerlariak.
Louisbourgera heltzen diren turistek ibilbidearen hasieran aurkituko dute Maison DesRoches izeneko etxea. Garazi Maeso eta Mikele Albisu izango dira bertan, Baionako arrantzaleen familia baten bi alaben azalean jarrita. Bidaiarako prestaketen erdian aurkitu ditu GAUR8k bi gazteak, urduri baino ilusionatuta biak, munduari begirako leiho ugari zabaltzen dituen bidaiaren aurrean.
«Pribilejioa da»
Mikele Albistu antropologia ikasten ari da, eta dioenez, maila pertsonalean zein ikasketen ikuspuntutik aukera paregabea da egonaldi hau egin ahal izatea. Zer espero duen galdetuta, jasoko duen ezagutza aipatzen du, oso aberasgarria izango baita formazioaren planoan zein ikuspuntu pertsonal batetik: «bada beste modu batean iritsiko ez zaidan jakintza bat».
Onartzen du ilusio berezia egiten diotela Mi’kmaq lehen nazioarekin izango dituzten interakziorako saio horiek. «Haien egunerokoa ikustea, tradizioak, kultura, dantzak... ikusi ahal izatea eta euskaldunekin zituzten erlazioak, tradizio hain ezberdinen artean sortutako hori...».
Euskal dantzen munduan murgilduta dago donostiarra, Garazi Maeso galdakoztarra bezala. Izan ere, euskal dantzak eta kantak egon behar duten antzezpenaren zati bat izango dira.
Historialaria da Maeso, eta Albisuren kasuan bezala, Louisbourg-en egingo duten bi hilabetetako egonaldia aukera paregabeez beteta dagoela onartzen du. Indiarrekin izango duten esperientzia nabarmentzen du: «zorte handia da haien erreserban sartu eta egonaldirako prestatu dituzten jardueretan egon ahal izatea, zeren ez da erraza izaten, pribilejio bat da».
Lehen nazio horren izaera, bizimodua... erakargarritasun handienetako bat da Andra Mari dantza taldeko dantzariarentzat. Historialari baten begiradatik ikusita, gertaera historikoez inguratutako XVIII. mendeko kolonia baten errekreazioan aritzeak badu bere koxka, baina ezagutzen dugun munduaren beste ikuspegi bat daukan herri zahar baten arimara hurbiltzeak beste sustagarri handi bat da galdakoztarrarentzat.
Erdi Arotik aurreragoko zibilizazioen kultura du gustuko, eta alde horretatik, guztiz ezberdina den kultura batean sakontzeko aukera izango duela nabarmentzen du, «kolonizazioak baldintzatuta baina mendebaldeko garapenarekin zerikusia ez duen garapen bat, beste gauza bat».
Louisbourg-eko birsortze horretan, Maesok eta Albisuk jantziko dituzten arropak ere kontu handiz sortu dira. Maritzuli konpainiak egin ditu, euskal jantzi historikoan aditua den Calude Iruretagoyena koreografo eta disenatzaileak eginiko diseinuan oinarrituta, garaiko ehunak erabiliz.
Euskal dantzak eta platerak
Louisburg-en, bertan XVIII. mendean bizi ziren euskaldunen antzezpen horretan Garazi eta Mikele euskaraz hitz egiten dute haien artean. Hara joan aurretik perfilatu behar duten kontuetako bat da, eta Louisbourg-en bertan formakuntza saio bat izango dute heldu berritan. Lehen edizioko saioan, euskal dantzak eta kantak entzun ahal izan ziren, eta bertan egon ziren gazteak arrantza sareak josten agertzen ziren, taloak egiten...
Bisitaldiaren sarreran egonda ez dago tarte luzerik. Euskal Herriari buruzko zertzelada batzuk emango dituzte euskaldunek bertan zuten komunitateaz, historiaz eta bertakoekin zegoen erlazioaz, nagusiki. Euskaldunen agerraldia oso luzea ez bada ere, bisitari batzuen jakin-mina piztu du eta ez da arraroa bakar batzuk hurbildu eta gehiago jakin nahi izatea.
Aurte beste euskal gonbidatu batzuk izango dira Louisbourg-en. Friends of Louisbourg Association-en eta Parks Canadaren eskaerari erantzunez, jatorrizko izendapeneko euskal sagardoa dastatu ahal izango da Mi’kmaq nazioaren laga gabeko lurretan. Isastegi sagardotegia izango da euskla kulturaren presentziako programan.
Horren ondoan, euskal txokolatearen astea ospatuko dute aurten Louisbourg-en, euskaldunak izan baitziren kolonian txokolatea sartu zutenak. Txokolatea tabletean saltzeaz gaiz, kafetegietan salduko den txokolatezko euskal pastela egiten irakatsiko dute, artxiboetan aurkitutako agirien bidez baieztatu ahal izan baitute euskal postre eta txokolateak XVII eta XVIII. mendeetatik erabiltzen zirela. Ekimenak, gainera, Rafa Gotrrotxategi euskal gozogilearen parte hartzea izango du.
Tabernetako eszeneratze horietan, garaiko euskaldunenmahaietan falta ez zen makailoa da euskal tradizioaren aztarnaren beste protagonistetako bat, hainbat menutan aurki daitekeena. Girotze historikoaren inguruko guztia jasoko duen liburu bat prestatzeko proiektua ere badute, handien historiaren ondoan nazio txiki zaharren legatua bilduz.
EUSKARA ENTZUTEAN JAKIN-MINEZ GALDEZKA HASTEN DIREN BISITARIEN ISTORIOAK
Euskal presentziaren inguruko programazioa 2019an estreinatu zen Louisbourgen, eta lehen eszeneratzea ez zen oharkabean geratu. Louisburg-etik 150.000 turista inguru igarotzen dira urtean. Erdia baino hehiago estatu batuarrak dira, Kanadako beste herrialde batzuetakoak gainerakoak eta europar bakar batzuk. Duela hiru urte, Mirari Loyarte bertaratutako gazteetako batek kontatuko zuenez, bisitari gehienentzat euskaldunen istorioa guztiz ezezaguna da, baztuentzat ez zuen aparteko arretarik pizten, baina asko izaten ziren inguruan pilatzen zirenak, jakin-minez, euskara entzutean, eta galdezka hasten ziren.
Gogoratu zuen, adibidez, euskaraz ari zirenean bisitari bat hurbildu zitzaiela zein hizkuntzatan ari ziren galdetuz. Euskaraz eta Euskal Herriaz hitz egin ziotenean ezaguzteko gogoa piztu ziotela komentatu zien. Holako pasadizuen artean, Dithurbide abizena zuen bisitari bat ezagutu zuten. Hunkituta azaldu zien duela gutxira arte ez zuela bere abizenaren jatorria ezagutzen eta ikertu ondoren, Saratik zetorrela jakin ahal izan zuela. Euskal Herriko bisitariak ere agertu ziren Louisbourg-en, bertan bizi den euskaldunen bat...