INFO

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak hautagai euskaldunen beharra aldarrikatu du

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak hautagai euskaldunen beharra aldarrikatu eta hauteskunde zerrendak publiko egiterakoan, hautagai bakoitzaren informazioarekin batera ea pertsona hori euskalduna edo euskaldun hartzailea den adierazteko eskatu die alderdi politikoei.

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak ekimena aurkeztu du, eskualdeko hainbat pertsona ezagunen babesarekin. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Datorren urtean udal eta foru hauteskundeak izango dira Hego Euskal Herrian, eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak hautagai euskaldunen beharra aldarrikatu du Laudioko Faktorian egindako ekitaldi batean.

Bertan Euskalgintza Kontseiluko lehendakaria den Aitor Fernandez de Pinedok esan duenez, «udalak herritarrengandik hurbilen dauden instituzioak dira. Udal langileekin batera, alkate eta zinegotziak dira pieza klabea, herritarrek Udalarekin dituzten harremanetan hizkuntz eskubideak bermatuta izan ditzaten».

«Hautagai euskaldun batek hizkuntza eskubideak bermatzen ditu, gutxienez elebiduna baita euskalduna, herritar guztiei bere hizkuntzan entzun, ulertu eta erantzuteko gai. Agintariak erreferente ere badira herritarrentzat eta eredu izan behar dute, baita euskararen alorrean ere», gaineratu eta hautagai euskaldunak behar direla nabarmendu dute.

Eskaera zehatza

Horregatik hiru puntu dituen eskaera bidali die Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak alderdi politikoei. Lehen puntuan hauteskunde zerrendak publiko egiterakoan hautagai bakoitzaren informazioarekin batera pertsona hori euskalduna edo euskaldun hartzailea den adierazteko eskatu dute.

«Gardentasun ariketa bat izateaz gain, herritarrok bozka eskubidea ahalik eta informazio osatuenarekin gauzatu dezagun ezinbestekoa da», dio kontseiluak, eta informazio hori eskaintzen duten zerrendak «modu positiboan» baloratuko ditu publikoki, «euskaldun kopuruaren gainetik, informazioa emate hutsak euskarari balioa eta garrantzia ematea baitakar».

Halaber, «hautesle zerrendak publiko egitean, zerrenda bakoitzari nota bat jarriko diogu, hautagai euskaldunen presentziaren araberakoa. Neurketa gaur publiko egiten dugun dokumentuak jasotzen duen puntuazioa sistemaren bidez egingo dugu. Formula horren arabera zerrenda batek ezingo du gainditu alkategaia erdaldun elebakarra baldin bada. Nota hori, noski, publiko egingo dugu».

«Aurrerapausuak nahi ditugu euskararen normalizazioan, hizkuntz eskubideak udaletan bermatzea nahi dugu, horregatik, ezinbestean, hautagai euskaldunak nahi ditugu», ohartarazi du Fernandez de Pinedok, eta ekimena beste eskualdeetara ere zabaldu daitekeela esan du: «Horretara animatu nahi ditugu Euskal Herriko eragile ezberdinak».