INFO

Mercedeseko ekoizpena berriro eten dute greba bateratuaren bezperan

ELAk, LABek eta ESK-k deituta, lanuzte egun osoa egiten ari dira asteazken honetan Gasteizko Mercedes-Benz lantegian, enpresa-batzordea osatzen duten sindikatu guztiek ostegun honetan egingo duten greba bateratuaren aurretik.

Mercedeseko langileek manifestazio jendetsua egin zuten Gasteizen, iragan asteazkenean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Asteazken honetako lanuztea deitu duten ELA, LAB eta ESK sindikatuek azaldu dutenez, %95ekoa jarraipena izan du deialdiak 5.000 behargin inguru dituen Mercedesen Gasteizko lantegian.

Hitzarmen kolektiboan hobekuntzak lortzeko borrokaren baitan kokatzen da gaurko lanuztea, ostegun honetarako enpresa-batzordea osatzen duten sindikatu guztiek elkarrekin deitu duten grebaren aurretik.

Asteazken honetan, muntaketa lineetako langileen %95ak egin du bat lanuztearekin eta, hortaz, lantegian «ez dira kotxerik ekoizten ari».

Zuzendaritzak oraingoz ez du informaziorik eman lanuzte egun berri honen jarraipenaren inguruan.  

Joan den asteazkenean ere lanuztea egin zen, 20 urtean aurreneko aldiz, eta produkzioaren etena ekarri zuen. Egun horretan bi lanuzte deialdi egin ziren, bata ELAk, LABek eta ESK-k egina, eta bestea UGTk eta CCOOk. Egun horretan, sindikatuek jarraipena %95ekoa izan zela adierazi zuten, eta zuzendaritzak, berriz, %75ekoa. Ostegun honetako grebarako deia bateratua da.

Gaurko protesta egun berri honen hasieran piketeak izan dira lantegiko ate nagusietan, eta Ertzaintzaren presentzia nabarmena izan da.

Goizean zehar langileek batzarra egingo dute eta arratsaldean manifestazio batek Gasteizko kale nagusiak zeharkatuko ditu.