INFO

Mauletik abiatu da EuskarAbentura

Euskal Herriko bazter ezberdinetako 125 parte-hartzaileak Maulera heldu dira ostiral honetan, Zuberoako hiriburua baita EuskarAbentura 2022 espedizioaren abiapuntua. Bertako JaiAlai-n pasatu dute gaurko harrera-eguna eta bertan igaroko dute gaua ere, Pagolarantz abiatuko aurretik.

EuskarAbentura hasierako talde argazkia. (EuskarAbentura)

Martxan da EuskarAbentura 2022 espedizioa. Euskal Herria oinez zeharkatuko duten 125 gazteek eta hauekin batera esperientzia nomada biziko duten begiraleak Maulen elkartu dira eguerdian. Harrera labur baten ostean, espedizioak iraun bitarte soinean eramango dituzten elastikoak banatu dituzte.

Segidan, jzioquitarrak (gazte parte-hartzaileak) taldeka multzokatu dituzte eta, hilabete osoan erreferentziazkotzat izango duten xerparekin batera, kideak ezagutzeko saio motz bat egin dute. Bazkalostean espedizioari eta honen antolaketari buruzko informazio praktikoa jaso dute eta Maule bisitatzeko tartea ere izan dute. Gaua JaiAlai-n pasako dute eta bihar, goizean goiz, bideari ekingo diote oinez.

Espedizioak iraun bitarte soinean eramango dituzten elastikoak banatu dituzte.. (Guillaume FAUVEAU)

«Inoiz ahaztuko ez duten esperientzia bat» bizitzera doazela ohartarazi diete EuskarAbentura elkarteko kideek aurtengo jzioquitarrei: «Gozatu une bakoitza intentsitatez; oso zorionekoak zarete hemen egoteko beka lortu duzuelako, probestu!».

Datozen egunetako aurreneko etapak (uztailak 2: Maule–Pagola; uztailak 3: Pagola– Duzunaritze; uztailak 4: Duzunaritze–Donibane Garazi) 11, 20 eta 20 kilometrokoak izango dira, hurrenez hurren. Ez dira ibilbideko maldatsuenak, ezta luzeenak ere, baina baliteke gogor xamarrak suertatzea, hain justu, lehenengoak direlako. Jzioquitarrek zangoak indartzeko eta gorputz nahiz gogoak datozen hilabete osoko martxa eta errutinara ohitzeko balio izango dute, bai eta taldea trinkotzeko ere.

Mauleko JaiAlaien igaroko dute gaurko gaua. (Guillaume FAUVEAU)

Uztailaren 1etik 31ra bitarte Euskal Herria oinez eta euskaraz zeharkatzen duen espedizioa da EuskarAbentura. Aurten, orotara, 16 eta 17 urteko 125 gaztek hartuko dute parte eta, beste 32 lagunek osatutako lantaldearekin batera, 700 kilometroko ibilbidea osatuko dute 31 etapatan, Mauletik Getxora, Zazpi euskal lurraldeak zeharkatzen dituzten Donejakue bide ezberdinetan barrena.

Unescok Gizateriaren Ondare izendatutako leku eta eraikinak bisitatuko dituzte, baita Euskal Herriko natura- ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalaren adierazle diren beste asko ere. Hala nola: Orreagako Kolegiata, Donemiliaga Kukulako Yuso eta Suso monastegiak, Añanako Gesaltzak, Amaiurko gazteluaren hondarrak, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoria; Ekain, Zugarramurdi nahiz Santimamiñeko leizeak; Euskal Kostaldeko Geoparkea; eta Gernikako Juntetxea eta Bizkaia zubia.