INFO

Donostiarra, etxean garaile eta sailkapeneko lider; Orioren erreakzioa itsas zabalean

Eusko Label ligako bigarren jardunaldian Donostiarra izan da azkarrena, etxean jokatu duen banderan. Hondarribiarekin lehia estua bizi ostean, azken luzeak aldeak handitu ditu. Euskotren ligan, bestalde, Oriok ondo baino hobeto erantzun du eta Donostiako Badian nagusitu da.

Donostiarrak etxeko bandera erdietsi du. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Larunbatean ziabogako balizarekin izan zituen arazoak garaipenetik urrundu zuen Donostiarra, bada itsas zabalean jokatu den aurreneko estropadan, nagusi izan da, Hondarribiarekin lehia zinez interesgarria eskaini ostean.

Txanda batetik bestera eguraldi baldintzak apur bat aldatu dira eta hori agerian geratu da. Esaterako, Urdaibaik, bigarren txandan lehiatuta, hirugarren bukatu du eta Kaikuk eta Lekittarrak, hirugarren txandatik, seigarren eta zazpigarren postua erdietsi dute, hurrenez hurren. Kortaren traineruak hiru segundoko zigorra jaso du eta azken unera arte arriskuan izan du txandako onena izatea –lekeitiarrak lau segundora helmugaratu baitira–.

Era berean, itsas zabaleko ziabogatik barnerako itzulian olatuak hartzea izan da estropada markatu duen baldintza. Hala, hirugarren txandan Kaikuk modu horretan aurrea hartu dio Lekittarrari; bigarrengoan, oso parekatuta zihoazen Urdaibai eta Getariaren artean bizkaitarren alde tartea irekiera trebetasun horretatik iritsi da eta baita Donostiarren garaipenean ere.

Modu honetan, atzokoan donostiarrek bigarren amaitu ondotik eta igande honetan, XIV. Fabrika Bandera erdietsita, sailkapen orokorreko liderrak dira 23 punturekin. Orio da bigarrena 21 punturekin, Hondarribiak beste. Salsamendik entrenatutako traineruak Bilboko ibaian onenak izan ziren arren, Donostian denbora asko galdu zuten; hainbeste, laugarren helmugaratu direla.

Ondarroa, makal; Getaria, fin

Zierbena ere ez da fin ibili itsas zabalean, laugarren kalean aritu da eta ziabogetan sufritu egin dute bizkaitarrek. Horren erakusle da bederatzigarren postuan helmugaratu direla. Sufritu duten beste ontziak Santurtzi, Ares eta Ondarroa izan dira, zeinak denboraldi hasiera traketsa egin duen. Azken honek sailkapena ixten du, 4 punturekin.

Ondarroak makal hasi badu denboraldia, igo berri den Getariak, trainerua harrobiko jendearekin osatuta, ezustekoa ematen ari dela esan genezake. Bilbon merituzko zazpigarren postua erdietsi zuen eta Donostian, bosgarren helmugaratu da, bigarren ziabogara arte "Bou Bizkaiari" izerdia atera araziz. Hala, hasierako lan honek izan du fruitua getariarrentzat, A Coruñako lehendabiziko estropadan ere bigarren txandan ariko baita.

Orio eta Arraun Lagunaken arteko nor baino norgehiagokak beste kapitulu interesgarri bat utzi du Donostiako badian. Larunbatean, Bilboko ibaizabalean donostiarrak nagusitu baziren, igande honetan, itsas zabaleko aurreneko estropadan, oriotarrak nagusitu dira. Hala, biak ala biak, bandera bana eskuratuta, sailkapen nagusian liderrak dira. Donostiarra eta Tolosaldea koska bat beherago daudela nabarmen geratu da, denbora asko galdu baitute.

Ziabogatik tosta pare bat aurretik ateratzea giltzarri izan da Nadeth Agirre patroi izan duen traineruak denboraldiko lehendabiziko garaipena erdietsi zezan. Oso lehia parekatua bizi izan da lehendabiziko luzean. Lugañene traineruak segundo bateko aldea estatxa askatu bezain laster atera du baina luze erdian Oriokoak berdindu egin du.

Denbora berarekin hartu dute ziaboga baina oriotarrak trebeagoak izan dira ateratzerakoan. Nabarmentzekoa, itzulerako luzean Agirre patroiak izandako lan nekeza. Olatuak kudeatu ez ezik, bosgarren kalera bideratu du trainerua eta olatu pare bat hartzeko trebezia izan du. Eta horrek, hain zuzen ere, ireki du aldea Arraun Lagunakekiko.

Segundo bateko aldea zena lau segundokoa izatera pasa da. Juan Mari Etxaberen trainerua saiatu da denbora jaten, bigarren kaletik mugitu gabe, baina gehienez bi segundo errekuperatu ditu.

«Sentsazio onen bila»

Garaipena eskuratu berritan, Nadeth Agirre –ligako patroi onenaren sailkapenean buru dena, 8 punturekin– apur bat hunkituta agertu da EiTBko kameren aurrean. Larunbateko estreinako estropadan bigarren bukatzeak aho zapore mingotsa utzi zuela ez du ezkutatu. «Negu gogorra izan da eta sentsazio onen bila etorri nahi genuen», adierazi du patroiak.

Adierazi du itzulerako luzean «nahikoa lan» izan duela berea ondo egiten, «neskak animatu ere ez ditut egin, bukaeran berriro laugarren kalera itzuli behar genuen eta gogor-gogor eraman dut, ahal denal egiten».

Donostiarrak eta Tolosaldeak, bestalde, denbora dezente galdu dute lehendabiziko luzean eta hori areagotu egin da bigarrengoan. Bien arteko lehiak ere utzi du emoziorako tartea une batez tolosarrak hirugarren tokian jarri baitira baina azkenean, Donostiarrak hartu du aurrea.

Beraz, aurten ere liga Orio eta Arraun Lagunaken artean egongo dela dirudi, bien arteko ikuskizun paregabea eskainita. Honi buruz, Agirre ados agertu da eta era berean, bere kezka adierazi du hurrengo astean A Coruñan jokatuko den Banderara begira: «Datorren astean Galizian eguraldi eskasa dago emanda eta auskalo zer gertatuko den».

Eusko Label liga, XIV. Fabrika Bandera

1. Donostiarra - 20:35.57

2. Hondarribia - 20:41.01

3. Urdaibai - 20:47.76

4. Orio - 21:01.11

5. Getaria - 21:06.09

6. Kaiku - 21:14.02

7. Lekittarra - 21:15.38

8. Cabo - 21:20.48

9. Zierbena - 21:22.54

10. Santurtzi - 21:22.58

11. Ares - 21:32.47

12. Ondarroa - 21:37.37

Eusko Label liga, sailkapen nagusia

1. Donostiarra - 23 puntu

2. Orio - 21 puntu

3. Hondarribia - 21 puntu

4. Urdaibai - 18 puntu

5. Getaria - 14 puntu

6. Zierbena - 13 puntu

7. Kaiku - 11 puntu

8. Cabo - 10 puntu

9. Santurtzi - 10 puntu

10. Lekittarra - 7 puntu

11. Ares - 4 puntu

12. Ondarroa - 4 puntu

Euskotren liga, IV. Fabrika Bandera

1. Orio - 11:17.54

2. Arraun Lagunak - 11:22.12

3. Donostiarra - 11:47.90

Tolosaldea - 11:48.60

Euskotren liga, sailkapen nagusia

1. Orio - 7 puntu

2. Arraun Lagunak - 7 puntu

3. Donostiarra - 4 puntu

4. Tolosaldea - 2 puntu

KAE1 ligan, Zarautz gailendu da Elantxoben

KAE1 ligan, bestalde, Zarautz gailendu da Elantxoben jokatu den XXXIV. estropadan. Gauzak oso estu egon dira larunbatean Castron nagusi izan zen San Pedro eta zarauztarren artean –biak ohorezko txandan, nor baino nor– eta azkenean, "Enbata" izan da azkarrena, segundo bateko aldearekin.

Arkote, orain arte bi banderaren irabazlea, trakets aritu da gaurkoan eta hamargarren helmugaratu da. Hutsegite honek, beraz, eragina izan du sailkapen nagusian, zeinetan Sanpedrotarrek hartu duten lidertza (45 puntu) eta Zarautz jarri den bigarren (40 puntu), bizkaitarren aurretik (37 puntu).