INFO

Erabakitzeko eskubidearen «argia piztuta», aktibatzeko deia egin du Gure Eskuk

Larunbateko mobilizazio erraldoiak «itxaropen argiak» piztu eta burujabetzaren eta askatasunaren bidea «argiztatu» duela uste du Gure Eskuk. Horregatik, eta Europatik etor litekeen «olatu demokratizatzaile berria» harrapatzeko, erabakitzeko prozesu bat «landu, adostu eta sustatzeko» deia egin du.

Amalur Alvarezek eta Josu Etxaburuk Pirinioetako Bidea mobilizazioaren balorazioa egin dute. (Maialen ANDRES | FOKU)

Euskal Herritik Kataluniara autodeterminazio eskubidearen alde larunbat gauean Pirinioetako Bidea deiturikoan 300 gailurretik gora argiztatu zituen mobilizaio erraldoiaren balorazioa egin dute astelehen honetan Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileek Donostian.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

«Gau magikoa, hunkigarria, itzela...», gailurretan bizitakoa Euskal Herriaren «memoria kolektiboan eta bihotzetan» geratuko dela nabarmendu dute. «Itxaropen argiak piztu ditugu. Herri gogogoa hauspotzeko jarri genuen erronka, eta uste dugu lortu dugula. Pirinioetako gailurretan jarri dugun argi bakoitza gure herriaren burujabetza eta askatasunaren bidea argiztatu duen izar bat da. Erabakitzeko eskubidearen argia piztuta dago», adierazi dute.

Baldintzarik edo girorik ez dagoela, edo ez dela une egokia diotenen aurrean, Etxaburuk eta Alvarezek larunbatean «milaka eta milaka herritarrek» erakutsitakoa jarri dute mahai gainean: «Adierazi dugu baietz, badela giroa, baldintzak guk sortuko ditugula, herri hau anbizioz jokatzeko prest dagoela».

Aldi berean, ordea, eta egindakoaren tamainaz jabetu arren, argi utzi nahi izan dute «bideak jarraitu egin behar duela, gure gailurra ez baitago Pirinioetan; gure gailurra, hirumilakoa baino, zortzimilakoa da».

Iragan astean Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak bigarren independentzia erreferendumari data jartzeko egin zuen iragarpena izan dute hizpide, eta bidea ez dutela erraza izango onartu eta «euren asmoa nola bideratuko duten ikusgai» dagoen arren, «bederen plan bat eta anbizioa» badutela goraipatu dute.

Jarraian, Gure Eskuko bozeramaileek euskaldunok «geure buruari ea planik badugun» galdetu beharko geniokeela nabarmendu dute, «orain ez bada, noiz izango den une aproposa». Europatik etor litekeen «olatu demokratizatzaile berria» iristen denean «ez genuke nahi olatu horrek hondartzan harrapatzerik», baizik eta «igerian behar genuke». Hala, erabakitzeko prozesu bat «landu, adostu eta sustatu» behar dela deritzote, eta horretarako «beharrezko adostasunak lortzeko gai izan beharko ginateke». 

«Herri mugimendu indartsua»

Bide horretan Gure Eskuren konpromisoa baieztatu eta datozen hilabeteetan horretan lanean «temati» jardungo dutela agindu dute, «eskua luzatuz eta, betiere, exigente jokatuz».

Horrekin batera, euskal herritar guztiei dei egin diete «burujabetzaren alde aktibatzera», bidea urratzeko «ez baita nahikoa ekintza handi bat, eguneroko jarduna da gailurrera eramango gaituena».

«Geroz eta gehiago izan, orduan eta azkarrago eta urrunago iritsiko gara. Burujabetzarako espedizio honek herri mugimendu indartsu bat behar du; kidego aktiboa eta bazkidego sendoa. Denon artean, urratsez urrats, zortzimilakoa ere egingo dugu», amaitu dute.