Euskaraz idatzitako brebeta azterketen kopiak zuzentzen ari dira Baionan
Seaskako ikasleek euskaraz idatzi zuten brebeta azterketaren kopiak zuzentzen ari dira bost irakasle euskaldun astearte honetan Baionan, Euskal Elkargoak helburu horrekin utzitako gela batean. Originalak frantsesez zuzentzen ari dira zentro ofizialeta; bertan ekintzak izan dira goizean zehar.
Seaskako ikasleek ekainaren 30n eta uztailaren 1ean egin zuten brebeta azterketa ofizialaren Zientzietako ikasgaiaren kopiak zuzentzen ari dira bost irakasle euskaldunek Euskal Elkargoak helburu horrekin utzitako Baionako Kontserbatorioan. Astearte honetan, zuzenketa ofizialak egiten ari diren zentroetan ekintzak eta elkarretaratzeak egin dituzte Seaskako irakasle, ikasle eta burasoek.
Azterketak euskaraz egin ahal izatea aldarrikatzeko mobilizazio eguna izan zen atzo Ipar Euskal Herrian, brebeta azterketaren zuzenketekin bat eginez.
Zientzietako ikasgaia euskaraz egitea ez du onartu Bordeleko Errektoretzak, eta azterketen zuzenketak frantsesez egiten ari dira zuzentzaile ofizialak. Horrek azterketaren «nota erreala» ez duela erakusten iritzita, azterketak euskaraz egiteko eskubidearen alde diren zenbait irakaslek euskal hizkuntzan idatzitako azterketen kopien zuzenketa ez-ofiziala egiten ari dira.
Seaskan lan egiten ez duten irakasleak ari dira zuzenketak egiten. Donibane Garaziko Nafarroa lizeoko, Baionako L'argente kolegioko eta Hazparneko Saint-Joseph lizeoko hezkuntza zentroetakoak dira.
Seaskatik brebeta egin duten 252 ikasleetatik ia guztiek euskaraz egin dute zientzietako ikasgaia. Ikastolen federazioak duen lau kolegioetan azken urtea egin duten ikasleak dira, kasu gehienetan, gero lizeora joan aitzin.
Zuzenketak egin ahal izateko tokia utzi du Euskal Elkargoak, Seaskako buraso, irakasle eta ikasleen okupazioari erantzunez. Baionako Hezkuntza Ikuskaritza 15etik eta 18ra okupatu zuten, baina ez Bordeleko Errektoretzatik, ezta Pariseko Hezkuntza Ministeriotik ere ez zuten erantzunik jaso. Hori dela eta, Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeak elkartzen dituen erakundeak zuzenketa bermatuko zuela jakinarazi zuen, eta okupazioa bukatutzat eman zuten.
Ekintzak zuzenketa zentro ofizialetan
Seaskako ikasleen azterketen zuzenketa ofiziala egiten ari den hezkuntza zentroetan ekintzak eta elkarretaratzeak egin dituzte. Donibane Garazin 11:30etan azterketak frantsesez zuzentzeaz arduratzen diren eskola publiko eta pribatu katolikoetako irakasleak Azterketak Euskaraz mugimenduarekin bat eginez zuzenketak gelditu dituzte.
Donibane Lohizuneko Sainte-Marie kolegioan goizean irakasleak sartu dira protesta ekintzaren arrazoia azaltzeko zuzentzaile ofizialei. 11:00etan kolegio barnean azterketak zuzentzen ari ziren irakasle euskaldunak kanpoan egiten ari zen elkarretaratzearekin bat egitera atera dira.
Brebeta frantsesez zuzentzen ari diren hezkuntza zentroen aitzinean #azteketakeuskaraz aldarrikatzeko elkarretaratzeak egiten ari dira Ipar EH guztian zehar. D. Lohizuneko Sainte Marie kolegioan ere @naiz_info pic.twitter.com/vGEdZ5wQFK
— Idoia Eraso (@idoia_eraso) July 5, 2022
Iaz bezala, Seaskako hainbat irakaslek egokitzen zitzaien zuzenketa ofizialak ez egitea erabaki dute, azterketak euskaraz aldarrikatzeko mugimenduarekin bat eginez. Horiek izan dira Sainte-Marie barnera sartu direnak azalpenak ematera.
Ikuskaritza Akademikoak egoera zaintzeko igorritako bi pertsonak irakasleak sartzea debekatzen saiatu dira, baina kolegioko zuzendariak barnera joaten uzteko erran die.
Donibane Garaziko Zitadella hezkuntza zentroan aldiz zuzendariak ez die irakasleei azalpenak emateko sartzen utzi.
Arazoak Historiako azterketarekin
Brebetan Historia eta geografia ikasgaia frantsesez eta Estatuko hizkuntza gutxituetan egin duten ikasleek azterketa ezberdina izan dute. Hau arauen kontra doa, eskubide berdintasunaren izenean Estatu osoan denek azterketa bera izan behar dutelako.
Historia eta geografia azterketa hizkuntza gutxituetan idazteko eskubidea dute ikasleek, horien artean euskaldunek. Prozeduraren arabera, ikasgaiaren galderak azterketa baino lehenago ezagutzera ematen den kasuetarako, beste bat izaten da prestatuta.
Aurten hori gertatu da. Bezperan azterketako galderak zenbait tokitan zabaldu dira, eta larrialdietarako bertsioa izan dute azterketa frantsesez egin dutenek; hizkuntza gutxituetako ikasleek, aldiz, jatorrizkoa izan dute.
Aurten berezitasuna izan da, gainera, bi azterketen artean ezerdintasun garrantzitsua izan delako, jatorrizkoan gaia berezia izan da, programaren baitan garrantzi gutxi duen gai bati buruz galdetu delako, eta ondorioz oso gutxi jorratzen dena. Bigarrenean, aldiz, urtero galdetzen den gaietako bat izan da.
Seaskak gutuna igorri du Hezkuntza Ministeriora. FELCO, hezkuntza publikoko okzitanierako irakasleen elkarteak prentsa agiria argitaratu du, non honako hau adierazi duen: «Irakasleek, burasoek eta hautagaiek azalpenak, erantzunak eta, beharbada, barkamenak ere espero dituzte arazo honen ondoren».