INFO

EAJk energia nuklearra eta gasaren alde egin duen apustua salatu du Eguzkik

Eredu energetiko berriztagarri eta jasangarri baten alde egin beharrean, «energia nuklearra eta gas-energia defendatzea» leporatu dio Eguzkik EAJri. Jelkideak «energia ustiatzaileen lobby pribatu eta politikoaren bozeramaile» gisa jokatzen ari direla salatu dute.

Energia nuklearraren aurkako mobilizazioa Gasteizen, ABBren egoitzaren aurrean, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Europako Parlamentuak energia nuklearrean eta gas ‘berdean’ egindako inbertsioak EAJren aldeko botoekin aintzat hartu izana deitoratu du Eguzki talde ekologistak, larunbat honetan plazaratutako ohar batean.

Gogoratu duenez, Europako Batzordeak gasean eta nuklearrean egindako inbertsioak berde gisa etiketatzeko proposamenak 328 diputaturen babesa izan du, tartean PP, Vox, Ciudadanos eta EAJkoenak.

«Erabaki horrek ez du zentzurik ingurumenaren ikuspegitik, ezta ekonomiaren ikuspegitik ere», adierazi du Eguzkik.

Erantsi duenez, «egungo ereduak, mendekoa, fosila, kontsumista eta baliabide naturalen ustiatzailea denak, inperialismoa, mendekotasuna eta krisi klimatikoa sortzen ditu. Argi dago hori jasanezina dela gizartean, ingurumenean eta ekonomian euskal herritarrentzat».

Ez da Ukrainako gerragatik

Eguzkiren esanetan, erabakiak ez du zerikusirik Ukrainako gerrarekin. Zehaztu duenez, argudio hori erabili zuen Izaskun Bilbao EAJko eurodiputatuak hura babesteko, baina gerra hasi baino hilabete lehenago ebatzi zuen Batzordeak bi energia horiek inbertsio berdeen zerrendan sartzea.

«Baliabide naturalen, interes orokorraren eta, oro har, herritarren kontura beren interes eta negozio propioa bilatzen duten energia-ustiatzaileen lobby pribatu eta politikoaren bozeramaile izatea» leporatu dio alderdi jeltzaleari.

Nabarmendu du, bestalde, EAJk bultzatzen duen ereduaren aurrean beste aukera bat dagoela: «eredu progresibo bat arlo sozialean eta ekonomikoan, baliabideak babesten dituena, energia eraldatzailea, murriztekoa eta dibertsifikatzekoa, eredu deszentralizatukoa, gizarte eta ingurumen balioei lehentasuna ematen diena, eta behar dutenei baliabideak eta beharrak bermatuko dizkiena».