INFO

Artola eta Mariezkurrenak festarako sasoiarekin jarraitzen dute (16-22)

Atzelaria erabat nagusitu zaio Rezustari, Altuna erabat jokoz kanpo utzita, eta azkenerako Iñaki Artolak ere bikain atera die zukua bere bikoteak irekitako zuloei.

Artola eta Mariezkurrena, pozik, garaipen handi bat eskuratu ostean. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Sanferminekin batera, gehienon indarrak azkenetan badira ere, nork daki Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrena Villabesaren entzierroan korrika egingo ez ote duten, Labriten gaur arratsaldean erakutsitako sasoia ikusita. Feria Ezkurdia-Martija –2020ko Binakako txapeldunak– txikituta ireki bazuten, amaitu edozein txapelketa irabazteko faboritoak izango liratekeen Altuna-Rezustari nagusitasunez gailenduta egin dute, Baikori 2016tik –Olaizola-Albisurekin– irabazten ez zuen torneo bat emanez.

Alde horretatik, garaipen honek badu aldarrikapen kutxurik bi irabazleentzat, kontuan izan behar da torneoko protagonistarentzat bere lehen torneo handia dela, duela bi urte enpresatik kanpo egon ostean, eta Lasoren ordez aritu den alegiarrak ere bere maila handia dela berretsi du, Iruñean bost partida jokatu eta bostak irabazita, udako konpromiso handietatik at geratu ostean.

Edukiz eta formaz

Eta emaitzaz harago, torneoa irabazteko modua ere nabarmentzekoa izan da, batez ere lehen eta azken partidan, bi bikote oso handiri goitik behera nagusitu direlako. Emaitzan, finalak ez du inolako antzik izan lehenengoarekin, baina jokoan gaurkoan ere oso nagusi izan dira gipuzkoarra eta nafarra. Ezbairik gabe, Jon Mariezkurrena izan da torneo honetako protagonista nagusia eta hala eraman du pilotaririk onenaren saria. Berriozartarrak ia partida osoa zazpitik atzera izan du Beñat Rezustaren mailako atzelari bat eta gutxitan ikusten den bezalako nagusitasuna izan du piloteoan, Jokin Altuna erabat jokoz kanpo utziz. Gorriek jo dituzten pilotakada kopuruari begiratzea besterik ez dago pilota non egon den ulertzeko –109 Altunak eta 156 Rezustak–.

Egia da, Iñaki Artolari, partidaren lehen erdian behintzat, pixka bat kosta zaiola bere atzelariak sortutako aukerei etekina ateratzen, baina ostiralean bezala, oso joko praktikoa eta egokia egin du, pilota atzeratu eta Altunarekin ahalik eta gutxien nahastuz. Bukaera alderako, gainera, errematean ere bikain asmatu du eta pozik egoteko motiboak ugari ditu.

Eta aurkarien joko bolada honen aurrean, Altuna eta Rezustari, ohikoa duten gisan, lana egin eta partidari ahal bezala eusten saiatzea beste erremediorik ez zaie geratu. Eta lan erditan, euren ohiko fidagarritasunak etekina emango ziela zirudien, 11-7 aurreratu baitira. Kontua da, emaitza horretara euren merituengatik baino, arerioen hutsei esker heldu direla eta Baikokoek galdutako pilotei amaiera ipintzen asmatu dutenean, piloteoan erakutsi duten sendotasunak ia zuzenean garaipenera eraman ditu.

FITXA TEKNIKOA

Altuna III.a-Rezusta: 16

Artola-Mariezkurrena: 22

Pilotakadak: 535. Iraupena: 66,14 minutu. Sakeak: 0 Altuna III.ak eta 2 Artolak. Egindakoak: 6 Altuna III.ak, 1 Rezustak, 7 Artolak eta 5 Mariezkurrenak. Galdutakoak: 3 Altuna III.ak, 6 Rezustak, 4 Artolak eta 5 Mariezkurrenak. Gorabeherak: Labriteko harmailak goraino bete dira eta giro bikaina egon da bertan Iruñeko feria itxi duen jaialdian.