INFO

Iruñeko lorategiak sutan... eta ez da klima aldaketagatik

Sanferminetako sexu-beroaldiak ezin dira beti etxean edo txabiskean itzali. Eskerrak berdegune gehien duen hirian gaudela... Hala ere, onartu beharko da gero eta zailagoa egiten dela plazerretarako txokoa bilatzea.

Iruñea elizkoiak ez du begi onez hartzen, baina Sodoma eta Gomorraren pare dago hiria egun eta gau hauetan. (Eduardo Sanz Nieto | Europa Press)

Estatistikarik ez dago oraindik baina iruindarrok ondo baino hobeto dakigu ez dela gezurrezko mitoa: apirilaren lehenengo hamabostaldian honelako «baby boom» bat gertatu ohi da hirian, eta urteko egutegian bederatzi hilabete atzera joaz erraz asmatzen da zergatia. Donostian urtarrilaren 20aren bueltan gertatzen omen da antzekorik, atera kontuak!

Bai, Sanferminak batzuen ustez alkoholak ezaugarritzen ditu, beste zenbaiten ustez zezenak, edota tradizioak. Gutxi aipatzen da jaietan sexuak duen garrantzia, baina egia berdaderoa da: une gogoangarri bat baino gehiago du bakoitzak bere curriculum sanfermineroan. Nerabezaroan su-artifizialen trakarekin batera agian, gazte garaian egunsentia aldera seguru eta zahartzaroan siesta orduan akaso... baina gogoangarria!

Beroaldia iritsita, bikote batentzako unea eta tokia aurkitzea ez da zailegia Iruñean. Batetik, hiria 24/7 irekitako gunea da Sanferminetan; jaiak ez du etenik. Eta leku egokia bilatu behar izanez gero, Iruñea Estatu osoan berdegune gehien duen hiria dela jakina da: biztanleko 26 metro karratu batez beste, 2010eko ikerketa baten arabera.

Lagun bakoitzeko 26 metro karratu berdegune izateak errazten du aukera Iruñean

Asko ala gutxi? Lagun bakoitzeko 26 metro karratu bikoteko 52 dira, alokairuko pisu bat ia... Baina Takonera aldean, esaterako, nekez aurki daiteke honelako eremu zabala, batetik Oinez gunean pilatzen den odol gaztea maiz berotzen delako, eta bestetik aurten poliziakideen patruilak hortik paseatzeko ohitura hartu dutelako. Baina, zer demontre galdu zaizue zuhaitz batetik bestera goizeko 5.00etan?

Arga erreka ondoan ere ez dago giro azken urteotan, feriak bertara bidali zituztenetik. Eta Ilargi Erdiko parkea, Takonerakoa bezala, haurren jolasetarako guneek hartu dute, helduei galdetu gabe. Segi ba metro karratuak kentzen...

Iruñeko alde puritanoa ere ez da oharkabean pasatzen. Duela zenbait urte, ez asko, bikote bat salatu zuen Donibane aldeko auzokide batek, Larreina aldetan larrugorritan eta ñiki-ñiki aritzeagatik, eta epaiketa pairatu behar izan zuten.

Eta zenbat aldiz ez ote dugu orrialde hauetan argazki bat edo beste kaxoian utzi behar izan, ibai aldean beroaldia freskatzen ari zirenena, goiko pasabidetik ikusle asko zituztela erreparatu gabe?

Berdeguneez gain, tabernen komunetan akrobazia askotxo ikusiak ditugu gau hauetan. Eta ikusi nahi ez genituen beste zenbait pasarte ere bai; Estafeta kalearen erdian porno gogorreko ikuskizuna eskaini zuen punki bikote batek duela pare bat hamarkada, bai eta txaloak jaso ere. Arrakasta frogaturik, klimaxera heldu ondoren ikusleei dirua eskatu zieten gandordunek.

Sexu-jardunaren kopurua biderkatu egiten dela Sanferminetan ukaezina dirudi. Kalitatea beste kontu bat da. Aholku xume bat; jolasetan hasi aurretik zapi gorria kendu, arren!!! Eta arazo bat: zenbat neska-mutil, neskato-mutiltxo, emakume-gizon, amona-aiton ez da jarduera gozogarriaren erdi-erdian lo seko gelditu, pilatutako nekearen poderioz?

Honelakoak jasan beharko ditugu azken txanpa honetan, baina gau tropikalek beren magia egingo dutelakoan nago. Su har dezatela Iruñeko berdeguneek, Opusekoetatik hasita.