INFO
Elkarrizketa
Nerea Reparaz
ETB-1ko ‘Entzierroa’ saioaren aurkezlea

«Entzierroak euskaraz behar ditu euskal komunitateak»

Nerea Reparaz ETB kate publikoaren aurpegi nagusia izan da Sanferminetako jaietan zehar, Joseba Olagarairekin batera. Egunero, goizeko 7.30tik aurrera, entzierroari eskainitako saioa zuzen-zuzenean aurkeztu baitu. Nola joan da esperientzia? Berari galdetu diogu.

Nerea Reparaz, Joseba Olagarairekin, biak ‘Entzierroa’ren aurkezle, aurten euskaraz. (ETB)

Aurpegi aski ezaguna da Nerea Reparazena: egunero ETB-1ean “Egun on Euskadi” aurkezten du, ikasturtean zehar, eta iraganean hainbat urtez Parisen berriemaile lanetan ibili da. Azken egunotan, aldiz, Iruñetik zuzen-zuzenean ikusi dugu, goizeko 7.30tik aurrera, entzierroen berri emanez. Berritasun garrantzitsua izan da, zezen-lasterketak 12 urte eta gero kate publiko honetan ikusgai izan direlako, eta gainera euskaraz. Miura zezenak lasterka egin ostean, azken korrikaldia amaituta, bere balorazioa jaso dugu.

Hasteko, nola prestatu zen saioa? Casting moduko bat izan zen edo jada hasiera-hasieratik zu «hautagaia» zinen?

Ia lan talde osoa nafarra izateko apustua egin da, eta nafarrak izan gara gehienok: Joseba eta biok, erreportariak, adituak eta elkarrizketatuak. San Ferminak nazioartekoak dira, baina gauza guztien gainetik nafarrak eta iruindarrak dira. Hori abiapuntu hartuta, saioa aberatsagoa izan dela uste dugu. Gehiago edo gutxiago, baina lan talde osoak du San Ferminekiko lotura hori.

Iruñekoa al zara?

Arbizuarra naiz, Iruñetik 40 kilometrotakoa. Hau San Ferminetan abantaila izan da askotan, zurrunbilotik ateratzeko aukera ematen dizulako. Gau eta egunez jaia inguruan izatea ez da erraza izan behar.

Entzierroak hainbat urte eta gero itzuli dira ETBra. Etxearentzat beste abiapuntu bat al da? Nola baloratzen duzu?

ETBra itzuli dira eta euskaraz eman dira, historian lehen aldiz, ETB-1ean. Erabakia poztekoa da, profesional eta nafar moduan diot hau. Honek beste aukera batzuk irekitzea litzateke onena. "Entzierroa" saioan dena izan da berria, teknikoki ere lan handia izan da dena aurrera ateratzeko, eta K2000 ekoiztetxeak lan nekaezina egin du. Balorazioa oso positiboa da.

Zelan zure lankidearekin, beste aurkezlearekin? Eta kaleetan zegoen jendearekin?

Joseba Olagarai eta biok saioari ekin aurretik ezagutu genuen elkar, eta denbora tarte txikian elkar ulertu eta kimika ona izan dugu. Hori funtsezkoa da bikotea aurkezten denean; orkestra batean bezala, musika-tresna guztiek konpas berean jo behar dute. Ni albistegietatik nator eta Josebak eskarmentua du entretenimenduaren arloan. Horregatik saioari behar zuen oreka eman diogula uste dut: entzierroa errespetuz, inguruan dagoen guztia kontatu, jaia ahaztu gabe.

«Entzierroak barrenak mugitzen ditu, jendeak ezin izaten die erreakzioei eutsi»

Aurreko urteetan ikusten al zenituen entzierroak telebistan?

Beti ikusi ditut entzierroak etxean, familiartean. Urtean behin Iruñera joaten ginen goiz batean, bertatik bertara ikusteko, eta berezia izaten zen. Aurten plato-an bertan ikusi ditugu, eta jendeak ezin izaten die erreakzioei eutsi: sofatik altxatu, garrasi egin, eskuak burura eraman... Entzierroak barrenak mugitzen ditu. Sekula ikusi ez dudana zezenketa bat da, eta ez dut egingo.

Eta nolakoa izan da zortzi egunez goizean goiz esnatu beharra?

Egiari zor ez zait gehiegi kostatu, entrenatuta nentorren. Ikasturte osoan zehar “Egun On Euskadi”-n goizeko 4:30etan esnatzen aritu naiz. Gainera, testuingurua hain berezia izanik, emozioak eta giroak harrapatu eta bultzatu egiten zaitu. Egia da ere zortzigarren entzierrorako, San Ferminetan lan egiten duen langile orok bezalaxe, gorputzak lasaitua eskatzen duela.

Zer da zailagoa? Parisetik hauteskunde bat jarraitzea berriemaile gisa, "Egun on Euskadi" aurkeztea edota entzierroak?

Hiru lanak oso ezberdinak dira, eta konparatzea zaila da. Zailtasuna alde batera utzita, entzierroena erronka polita izan da, zortzi egunez bederen beste erregistro batean aritzeko aukera eman didalako. Horrek aberastu egiten nau, nahiz eta nire bidea aktualitateari lotuta dagoen.

Zure ustez, zergatik ikusi behar dira entzierroak euskaraz, gazteleraz baino gehiago?

Ulertzen dut jende batentzako, ohitura dela eta, aldaketa egitea kostatzen dela. Baina gure hizkuntzan eskaintzen badigute aukera, mimoz egina badago eta bertako ikuspuntu batetik kontatzen bada, zergatik ez? Euskal komunitateak behar ditu horrelako erreferenteak, jaien zein tradizioen inguruan ere.

Egunero audientzia %11aren bueltan egoteak demostratu du bazegoela bete beharreko hutsunea. Pausoa eman behar zen. Poztekoa izan da ETBren erabakia eta RTVErekin lortutako akordioa.