«Eztabaida politikoan sakontzea» helburu, nazio konferentzia abiatu du Sortuk Lakuntzan
Lakuntzan bildu dira Sortuko kideak, ostiral honetan hasi eta larunbatean jarraituko duen nazio konferentzian. Bertan, hitzaldi eta tailerren bitartez «eztabaida politikoan sakontzea» dute jomuga, baita «herri eta hiriburuetan dituen funtzio eta zereginak» lantzea.
Sortuk bere bosgarren nazio konferentzia abiatu du ostiral honetan Lakuntzan. Topaketa hauen bidez, «eztabaida politikoan sakontzea» du helburu.
Urtarrilean amaitu zuen Sortuk hirugarren kongresua. «Herrigaia ponentzia ardatz hartuta, Euskal Herrian aldaketa politiko eta sozialaren aldeko indarrak sustatu eta borrokatzeko misioa bere egin zuen Sortuk. Lakuntzako nazio konferentziak norabide horretan sakontzeko aukera eskainiko digu», adierazi zuen alderdiak jardunaldiak aurkezterakoan. «Astinaldi handiko garaiak bizi ditugu eta ziurgabetasuna nagusitzen ari da. Pandemiari, krisi ekologiko larriari, zaintzaren krisiari eta euskararen aurkako erasoei aurre egin beharrean gauden honetan, zuzenean eragiten digun gerra piztu da Europan».
Horretarako ‘Gure garaia ulertzeko gakoak’ izeneko hitzaldiarekin abiatu dute konferentzia, gero hainbat solasaldiren bitartez sakontzeko.
Larunbat goizean ikasturtearen balantzea egingo du Sortuk nazioarteko zein Euskal Herriko lagunei aitortza eta harrera ekitaldi bat egin aurretik. Arratsaldean, hainbat tailerretan banatuko dira: herrietan zer egin, euskararen biziberritzea, hezkuntza, erronka ekologista, feminismoa, estrategia sozio-ekonomikoa eta Euskal Estatuaren erronka nazioartetzeko beharra landuko dituzte. «Sortuk herri eta hiriburuetan dituen funtzio eta zereginak landuko ditugu modu praktiko eta dinamikoan», laburbildu dute.