Mugak Zabalduz nazioarteko karabanak Alpeetarako bideari ekin dio Irunen
Mugak Zabalduz nazioarteko karabana Irunetik Alpeetarantz abiatu da. Karabana hilaren 24ra arte egongo da errepidean pertsona migrante eta errefuxiatuen eskubideak defendatzeko.
Mugak Zabalduz nazioarteko karabanak bere zazpigarren edizioa abiatu du ostiral arratsalde honetan, Irunen. Migrante eta errefuxiatuen eskubideen aldeko 150 ekintzaile inguru errepidera irten dira Alpeak helmuga dituztela, uztailaren 24an, igandean, giza eskubideen aldeko ibilbidea Bartzelonan amaitzeko.
Nazioarteko karabanak gogorarazi du ekimenaren xedea Europako Batasunaren migrazio politiken ondorioz pertsona migrante eta errefuxiatuek pairatzen duten «egoera jasanezina» ikusaraztea eta salatzea dela.
Parte-hartzaileen erdiak euskal herritarrak dira, alabaina, Katalunia, Valentzia, Madril, Gaztela eta Leon, Andaluzia, Extremadura, Aragoi, Kantabria eta Italiako ekintzaileek ere bidaiatuko dute karabanan.
‘Pirinioak-Alpeak 2022’ izendatu duten egitasmoan, Mugak Zabalduz-Caravana Abriendo Fronteras, Carovane Migranti, Tous Migrants, La couverture de la Memoire Tunisie, Rete Antirazzista de Catania, Linea d’Ombra, LasciateCIEntrare, Proyecto Puentes de Esperanza, Red Regional de Familias Migrantes CA, Cofamicenh (Honduras), Associations des mères des migrants disparus, Bona Fide (Montenegro) eta Aguilas del desierto (Mexiko-AEB) taldeek esperientziak, helburuak, salaketak eta exijentziak partekatuko dituzte.
Ibilbidea Irunen hastea ez da berariazko erabaki bat izan, mugako migrazio politikak salatzeko hautu bat baizik. Izan ere, Mugak Zabalduz Karabanatik Bidasoa zeharkatu nahian hil diren migratzaileak gogoan izan dituzte: «Azken urtean bost pertsona ito dira Bidasoan, batek bere buruaz beste egin du Irunen eta beste hiru tren batek harrapatuta hil dira. Frantziara bidean, berriz ere, muga hilgarri batekin egin zuten topo nahiz eta Schengen eremuko akordioek pertsonen joan-etorri askea ahalbidetzen duten».
Testuinguru honetan, Irun eta Hendaia lotzen dituen eta muga kontrolak ezartzen dituzten Santiago zubian hasi dute karabana.
Ibilbidean, memoria gidari
Edizio honetan, iraganak eta memoriak berebiziko garrantzia izango dute, karabana gidatuko dutela aurreratu baitute antolatzaileek: «Joan den mendean Europako erregimen totalitarioei aurre egiten zietenentzat klandestinoak izan ziren Europako barne mugak berriz ere klandestinoak dira Europako Batasunaren migrazio, ekonomia eta merkataritza politikei aurre egiten dietenentzat. Horregatik, memoriaren hariak gidatuko du karabana honen ibilbidea».
Ibilbidean zehar Gurseko kontzentrazio eremua (Biarnon) bisitatuko dute, non 1939tik aurrera 5.000 errepublikar baino gehiago atxiki zituzten, euskal jatorrikoak gehienak. 1940an, gainera, 14.000 judutar giltzapetu zituzten bertan. Bielsan, Huescan, La Bolsa museoa bisitatuko dute eta erbeste errepublikarra omenduko dute karabanako bidaiariek. Era berean, Argeles eta Rivasalteseko kontzentrazio esparruetako memorialetan geldialdia egitea aurreikusten dute.
Antolatzaileen aburuz, karabanako beste geltoki interesgarrienetako bat Elnaren Amatasuna izango da. 1939an jarri zuen martxan erizain suitzar batek, eta 36ko gerratik errefuxiatutako 597 amari erditzen lagundu zien frantziar Estatuaren hego-ekialdean. Gauza bera egin zuen gerora nazismoak mehatxatutako emakume judutarrekin.
Alpeetako muga franko-italiarra zeharkatzean, karabana Massi eta Claviereko babeslekuetan geldituko da. Elurra eta orografiak, alde batetik, eta ekintzaile xenofoboek, bestetik, migrazio ibilbide «bereziki arriskutsua» egiten dutela adierazi dute karabanatik. Ildo horretatik, duela 4 urte zendutako Blessin Matthew nigeriarraren kasua deitoratu dute: «Durance ibaian ito zen, Polizia atzetik zuela. Bere familiak eta aktibistek justizia eskatzen jarraitzen dute».
Turinera heltzean, uztailaren 22an, Pertsona Aberriratuen Zentro baten aurrean manifestazioa egingo dutela iragarri dute. Izan ere, Pertsona Aberriratuen Zentroak «deportazioaren zain dauden pertsona errefuxiatu eta migranteen atxilotze zentroak» direla kritikatu dute Mugak Zabalduz karabanatik.
Bukatzeko, karabanak Bartzelonan itxiko du zazpigarren edizio hau, non emakume migranteen kolektiboek antolatutako afari batekin bukatuko duten bidaia.