INFO

Total Energies-eko zuzendariaren aurrean protesta egin du Bizik Ezpeletako jauregian

Bizi! Mugimenduko 15 bat ekintzailek Total Energies enpresako zuzendari nagusiaren bisitan protesta egin dute, «klima aldaketaren arduradun nagusietako bat» seinalatuz.

Bizi! Mugimenduko 15 bat ekintzailek Total Energies enpresako zuzendari nagusiaren bisitan protesta egin dute. (@bizimugi)

Bizi! mugimenduko 15 ekintzailek Ezpeletako Baroien Gazteluko harresien inaugurazioan parte hartzen ari zen Patrick Pouyanné Total Energies-eko zuzendari nagusiaren bisita oztopatu dute. Ekintzaileek hainbat hitzaldi trabatu dituzte klima aldaketaren arduradun nagusietako baten buruzagia ohore handiz horrela errezebitzen segitzea ahalkegabekeria dela azpimarratzeko.

Ekintzaileek sirena joarazi dute, «Pouyanné: TOTALki arduragabea» zioten eskupaperak bota dituzte, teilatutik ‘Berotea TOTALek sustatua’ dion pankarta zabaldu dute eta ke sortzaileak piztu dituzte. Margot Fontaneau Biziko bozeramailearen arabera «klima aldaketaren zalutzea egiaztatzen duen beroaldi berri kezkagarria jasaten ari girelarik, arduragabea da TotalEnergies-ko zuzendari nagusia edonora gomitatzea».

Berotegi efektuko gasen isurketen arloan frantziar Estatuko «enpresarik txarrena» dela nabarmendu dute eta, oro har, «TotalEnergies beroketa klimatikoa gehienik lagundu duten 20 enpresetan» kokatu dute.

Bizik adierazitakoaren arabera, TotalEnergies-k bere datuen arabera bere inbertsioen %70 baino gehiago petrolioari eta gasari bideratzen segitzen du, «beroketa klimatikoa eta beroaldiak bultzatuz».

«Klima aldaketaren arduradun nagusietako baten buruzagia ohore handiz errezebitzen segitzea zentzugabekeria da», adierazi dute sare sozialen bitartez.

Era berean, nabarmendu egin dute «jasaten ari garen beroaldi berri kezkagarri honek klima-aldaketaren lastertzea egiaztatzen duen unean, arduragabea dela TotalEnergies-eko zuzendari nagusia edonora gomitatzea».

Hori dela-eta, enpresaren «proiektu klimatizida» salatu dute. Horren aurrean, «formakuntzaren garrantzia» azpimarratu dute, erronka ekologikoei aurre egiteko, eta «mobilizazioaren premia, gure jendartea antolakuntza bidezkoago eta jasangarriago batera bideratzeko».