Sorturen deia: «Herria zutik jarri beharra dago berdintasun eta askatasunaren bidean segitzeko»
Ostiralean 24 urte bete ziren ‘Egin’ itxi zutenetik, aurki 20 urte izanen dira Batasuna legez kanporatu zutela. «Ezker abertzalearekin amaitzen saiatu ziren», baina «gure egitasmoak inoiz baino babes sozial handiagoa du», nabarmendu du Sorturen Nazio Batzarrean Arkaitz Rodriguez idazkari nagusiak.
‘Independentziarako indarra’ leloarekin, bosgarren Nazio Konferentzia egiten ari da Sortu Lakuntzan. Ostiralean hasi eta larunbat honetan amaituko da bi funtzio inportante dituen hitzordu hau: alde batetik, eztabaida politikoan sakontzea, bertzetik Euskal Herri osoko militanteak bildu eta elkarrekin egun eta erdi partekatzea. Konferentzia berezia da urtarrilean amaitu zelako alderdiaren hirugarren kongresua, askapen prozesuan jauzi bat egiteko erronka hartuta, eta salto horretan aurrera egin nahi dutelako.
Beroak ez du jendea kikildu, eta antolatzaileak gustura agertu dira lagun ugari bildu delako: militanteak, ardura ezberdinak betetzen ari direnak, herri mugimendukoak...
Larunbat goizean Nazio Batzarra egin dute, ikasturteko balantzea eta plan politikoaren ardatzak aletuz. Ondotik, Arkaitz Rodriguez idazkari nagusiak hartu du hitza.
Hiru agur berezi
Agur berezi batzuk bidaliz hasi da donostiarra: Lazaro Galarza Mexikon lan istripuz hil den Oderitzeko iheslari ohiaren senide eta lagunei; preso, iheslari, deportatu politiko eta haien hurbilekoei –«Nahi eta behar baino askoz luzeago jotzen ari da, baina ez egin dudarik, lortuko dugu»– eta Mercedeseko, Araba eta Bizkaiko metalgintzako, garbiketako eta bertze hamaika borrokatako langileei –«Eutsi, ez etsi, galtzen den borroka bakarra abandonatzen den hori da»–.
Salbuespeneko garaia bizi dugula azaldu du: «Historian lehen aldiz kapitalismoa bizitzaren eta giza espeziearen beraren iraupena kolokan jartzen ari da, kapitalismo hori bera azken 200-300 urteetako ezberdintasun handiena eragiten ari da, eta amaitu da erregai fosil merkeen aroa».
Bidegurutzean gaude: «Lanaren, aberastasunaren eta zaintza lanen banaketa erradikala ala jendartearen pobretze eta prekarizatze orokortua. Ekoizpen, banaketa eta kontsumo ereduaren eraldaketa sakona ala kolapso ekonomiko eta biologikoa. Eskalada armamentistiko-belikoaren etena eta atzeraldia ala eskala handiko gerra (nuklearra)».
Arriskuz eta aukeraz betetako sasoia
Arriskuz beteriko sasoia da, baina aukeraz betea ere bai, azpimarratu duenez. Horren adibide, Gabriel Borich, Gustavo Petro eta Sinn Feinen garaipenak ere garai honetakoak direla ohartarazi du, baita Frantziako ezkerraren berpiztea, Eskoziako bigarren erreferenduma, olatu feminista, ekologista eta bertze hainbat borroka eraldatzaile ere.
Aldarrikatu duenez, borroka egin beharra dago «dena irabaz daitekeenaren anbizioarekin, eta batez ere botere bokazioarekin eta estrategia argi batekin. Ezkerra, gu, ez ginen jaio betiereko kontrabotere izateko, jaio ginen irabazteko, boterea eskuratu eta euskal estatu independente, ezkertiar eta feminista eraikitzeko. Horretan ari gara eta horretara goaz», baieztatu du txalo artean.
Bost erronka
Rodriguezek adierazi duenez, Sortuk baditu estrategia, plana, grina eta indarra datozen hilabete eta urteetarako erronkei heltzeko. Bost zehaztu ditu: krisi ekonomiko eta sozialari aurre egitea, betikoek ez baizik eta erantzuleek ordain dezaten; «kapitalismoaren parez pare alternatiba oso bat planteatzea, zibilizazio berri bat, sozialista, interes kolektiboa lehenetsi eta bizitza eta zaintza erdigunean jarriko dituena»; burujabetzaren berreskuratzea –«ez garelako ez frantsesak, ez espainolak: gu euskaldunak gara eta harro gaude»–, ezkerreko subiranismoa indartzea, eta herri bulkada berri bat martxan jartzea, duela 65 urteko euskal kultur berpizkundearen parekoa.
Salbuespenezko egoera honek ahalik eta akordiorik zabalenak osatzea eskatzen duela erantsi du Sortuko idazkari nagusiak, hiru helbururekin: eskuin erreakzionarioak gelditzea, eskubide sozial eta ekonomikoen berreskurapenean eta nazio eraikuntzan ahalik eta gehien aurreratzea, eta eskuin erreakzionarioek Madrilgo Gobernua eskuratzen badute etor dakigukeenari erantzutea eta herri gisa aurrera egitea.
«Herri hau zutik, martxan jarri beharra dago, edozein delarik ere etorkizuneko agertokia, burujabetzaren, berdintasunaren, askatasunaren eta justizia sozialaren bidean aurrera egiteko», azpimarratu du.