INFO

Zapore gazi-gozoa utzi dio profesionaletako lehen partidak Aimar Morgaetxebarriari

Karmen egunez, frontoia beteta eta giro itzelean jokatu du zornotzarrak bere lehen partida Baikoreki, baina kantxa barruan Jaka-Elizegik datorkionaren berri eman diote 22-13 gailenduta.

Aimar Morgaetxebarria pilota astintzen bere debut egunean. (Oskar MATXIN_EDESA/FOKU)

Zapore gazi-gozoa utziko zion Aimar Morgaetxebarriari pilotari guztientzat horren berezia den debutaren egunak. Gozoa Karmen egunean, –bere aurreko azken pilotari zornotzarrak, Iñaki Izak, baino 15 urte geroago– pilotalekua beteta eta giro ezin hobean egin duelako, eta gazia kantxan nahi baino gutxiago gozatu ahal izan duelako. Mikel Urrutikoetxea aitabitxitzat, 22-13 galdu dute bizkaitarrek Erik Jaka eta Iker Elizegi gipuzkoarren aurka.  

Egia da pilotaria bera izaten dela debutaren eguneko emaitzaz gehien oroitzen dena, bai behintzat 22ra heltzea lortu ote zuen, baina emaitzaz harago, hurrengo hilabete eta, zorterik badu, urte luzeetan, datorkiona bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuen zornotzarrak.

Estraineko partida orekatu antzean hasi da Aimar Morgaetxebarriarentzat, baina laster ohartu da debuterako izan zezakeen aurkaririk makurrenetako bat jarri ziola enpresak. Izan ere, tantoak amaitzerako orduan gutxi dira gaur egun Erik Jaka baina eraginkorragoak eta gaur, gainera, egun inspiratua izan du lizartzarrak, aukera zuen bakoitzean tantoa amaitzeko sekulako dohainak erakutsiz.

Eta hortxe sufritu du gehien profesional berriak, aurkako aurrelariari pilota kentzen asmatu ez duen bakoitzean, gupidarik gabe zigortu baitu Erik Jakak.

Elizegi, bizi

Parean ere atzelari zimela jarri diote zornotzarrari lehen egunerako. Iker Elizegik ez du beste batzuek izan dezaketen sonarik, baina Morgaetxebarria berari eman beharko zaion maila berrira egokitzeko denbora igarota, bere jokoan gorakada izugarria izaten ari da ateasuarra azken hilabeteetan. Gaur bizi ibili du pilota, gehienean bizkarra erakutsi dio etxean aritu zen debutariari eta hori guztia apenak akatsik egin gabe.

Hemendik aurrera beste era batetako partidak jokatzea egokituko zaio Morgaetxebarriari, uda sasoi ederra da aurten horren partida gutxi jokatu dituen pilotari batek erritmoa har dezan eta ikasketa prozesu zail honetan zorte apurrik badu, kantxan askoz gehiago disfrutatzeko egunak izango ditu, ziur.