INFO
Elkarrizketa
Izaro Elorza
Oñatiko alkatea

«Herritarrak gobernuaren parte izatera igarotzea bilatzen dugu»

Partaidetzaren arloan urteetan ondutako esperientzia baliatuz, herritarrak politika publikoaren erdigunean jartzea bilatzen duen ordenantza onartu du Oñatiko Udalak. Administrazioaren irekitasuna, parte-hartzeko bide ezberdinak eta lankidetza publiko-soziala arautzen ditu dokumentuak.

Izaro Elorza, Oñatiko alkatea, udaletxearen atean. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

«Herritarren parte-hartzea, lankidetza publiko-soziala eta gardentasun instituzionala» arautzeko udal ordenantza martxan duzue uztailaren 11az geroztik. Izenak asko esaten du, baina xeheago, zeintzuk dira ordenantzaren lerro nagusiak, helburuak?

Ikuspegi eraldatzaile eta emantzipatzaile batetik eta gizarte justizian oinarritutako partaidetzaren ideiatik abiatzen da ordenantza. Bilatzen duguna da herritarren parte-hartzea eta ikuspegi komunitarioa duten ekimenak politika publikoaren erdigunean jartzea. Nolabait, herritarrak gobernuaren parte izatera igarotzea. Horretarako, Udalaren, gizarte-eragileen eta norbanakoen arteko lankidetza ahalbidetu nahi dugu. Bilatzen dugu, baita ere, harreman bidezkoagoak eta berdinagoak izatea eta, halaber, kapital soziala indartzea.

Zehatzagoak izateko, partaidetzako araudi-esparrua zehazten du ordenantzak, baita herritarren eskubide eta betebeharrak ere. Partaidetzan oinarritutako prozesuen kalitateren bermea bilatzen du eta lankidetza publiko-sozialerako formulak zabaltzea eta sendotzea dira helburuak.

Herritarren parte-hartzea entzutean, herri galdeketak etorriko zaizkie gogora askori. Zuek hortik harago joateko asmoa daukazue?

Bai, hau beste kontu bat da. Guk esaten dugu parte-hartzea benetakoa, eraginkorra, eta atsegina izan behar dela, eta politika publikoen diseinuan ere eragin behar duela. Estrategia hori, ordenantza honetan, lau modu desberdinetan jasotzen da: herritarren eskubideak, partaidetza zuzenerako kanalak, organoa eta prozesua. Aipatu dugun ikuspegi eraldatzaile eta emantzipatzaile horren baitan parte-hartzea, azkenean, tresna bat da.

Arg.: Gotzon ARANBURU/FOKU
Arg.: Gotzon ARANBURU/FOKU

Zerk bultzatu zintuen ordenantzaren bidea hastera?

Ordenantzan jasotzen duguna ez da berria Oñatiko Udalarentzat, azkenengo urteetan hau guztia praktikan jartzen, ikasten eta hobetzen aritu gara. Baina egia da ez genuela ekimen hauek arautuko zituen ordenantza bat eta, horregatik, beharrezkoa ikusten genuen tokiko araudi bat onartzea. Uste dugu politika publikoaren estrategia berriz pentsatu behar dela, orain artekoak ez duela balio eta ordenantza da ahalegin horretan jarraitzeko bermea. Dokumentua irekia da, baina zentzua eta norabidea oso argi dauka: irekiagoak, kolaboratzaileagoak, parte-hartzaileagoak eta inkusiboagoak izan nahi dugu. Beraz, pauso bat gehiago da, parte-hartze politikak egonkortzeko eta indartzeko bidean.

«Gobernatzeko modua berrikustea eskatzen du honek, egiteko modu horizontalagoak eta malguagoak eskatuko ditu»

Aho batez onartu zen ordenantza berria martxoaren 31ko osoko bilkuran. Udaleko talde guztiek egin diote bultza herritarren parte-hartzea sustatzeko estrategia honi?

Bai, aho batez onartu zen eta horri garrantzi berezia ematen diogu. Esan behar da azkenengo urteetan Udalak apustu bat egin duela norabide honetan, eta norabide hori argia da, honetan sinesten dugu. Baina bidean aurrera egiteko baliabide batzuk bideratu behar dira eta, hala, sail propio bat sortu zen teknikari propio batekin. Garrantzitsua da esatea, baita, hau ez dela paper batean geratzeko, baizik praktikan jartzen jarraitzeko.

Ekimen honi ordenantzaren forma emateak zer onura ekartzen dio sustatu nahi den parte-hartzeari?

Ahalbidetuko du herritarrak eta gizarte zibilak Udalean eragiteko dituzten bide horiek, eskubide eta betebehar horiek, modu ordenatuan garatzea. Hori lagungarria izango da herritarrentzat, baina baita Udalarentzat ere. Baina beste modu batera ere ulertu daiteke; honek, azken finean, Udalaren konpromisoa erakusten baitu, eta bermatu.

Orain arte, zer esperientzia ditu Oñatiko Udalak partaidetza prozesuen inguruan?

Prozesu ezberdinak egon dira, batzuk handiagoak eta beste batzuk txikiagoak, baina denak herritarrak erdigunean jarrita egin dira. Adibidez, Gaztelekuan parte-hartze prozesu bat egin zen bertako gazteekin, Emakumeen Etxearen prozesua ere martxan daukagu eta Eltzia sortu zeneko prozesua ere esanguratsua izan zen.

«Eskatu-eman edo hornitzaile-kontsumitzaile ereduetatik harago joan nahi dugu, espazio eraldatzaileak bilatzeko»

Kontuan izan duzue beste nonbaiten martxan jarritako eredurik ordenantza osatzeko? Zer esperientzietatik edan duzue?

Gure ibilbidean asko oinarritu gara, aurrez martxan jarritako esperientzietan. Baina bai, hartu ditugu beste hiri batzuetako ordenantzak, erreferentzia moduan erabiltzeko. Batez ere Iruñea, Bartzelona, Madril, Donostiatik ere hartu dugu zerbait… pasatzen dena da inguruan erreferentzia gutxi daudela eta, horietatik, askok parte-hartzearen eta eredu komunitarioaren ulerkera desberdina dute, batzuetan murritzagoa. Orduan, ideiak hartzeko orduan, gurera moldatu behar izan ditugu.

Sarri esaten da Udalak direla herritarrengandik gertuen dauden administrazioak. Aurrerantzean, zein ardura izango ditu Oñatiko Udalak parte-hartze prozesuetan?

Herritarrengandik gertuen dagoen administrazioa denez, errazago du Udalak harremanak beste modu batean ulertzeko, formula desberdinak bilatzeko eta finkatzeko. Eskatu-eman edo hornitzaile-kontsumitzaile ereduetatik harago joan nahi dugu, espazio eraldatzaileak bilatzeko. Guk espazio horrek bideratzeko edo sortzeko ardura daukagu eta horretan ari gara.

Arg.: Gotzon ARANBURU/FOKU
Arg.: Gotzon ARANBURU/FOKU

Zeintzuk dira administrazioaren eta herritarren artean indartu nahi dituzuen zubiak edo kanalak?

Herritarrek orain arteko kanal berdinak izango dituzte, baina ordenantza honek erregulatzen ditu kanal horiek izango dituen bermeak eta zehazten ditu horien prozedurak. Badira parte-hartzeko prozesuak, gune edo espazio desberdinak, herritarren ekimenak edo herri-kontsultak, horiek guztiak jasotzen dira. Baina gobernantzako txapel horretara iristeko modu ezberdinak daude. Ordenantzan hiru asmo jasotzen dira: informazioaren eskuragarritasuna edo administrazioaren irekitasuna, parte-hartzeko bide ezberdinak eta lankidetza publiko-soziala.

Lankidetza publiko-sozialaz hitz egiten duzunean, zertaz ari zara zehazki?

Administrazioa, gizarte-eragile eta norbanakoaren arteko lankidetza eremua izango litzateke. Hori nola egin daiteke? Bada, maila eta modu ezberdinetara. Adibidez, Udal espazioaren lagapena eginez, eragile ezberdinen lana balioan jarrita eta baliabideak eskainita edo kolaborazio puntualak edo iraunkorrak sustatuz.

Gobernantza ereduaren aldaketa ere eskatuko du honek, ala?

Bai, gobernatzeko modua berrikustea eskatzen du honek, egiteko modu horizontalagoak eta malguagoak eskatuko ditu. Hori da muina.

«Ordenantza honen ezaugarri garrantzitsuenetako bat da genero ikuspegia presente egon dela hasiera-hasieratik eta lanketa berezi bat egin dela horretarako, helburu nagusia delako herritar guztiendako aukera berdintasuna bermatzea»

Eta herritarrei, eskatuko die aldaketarik? Logika komunitarioa indartu nahi bada, inplikazioa eta ahalduntzea beharrezkoak dira.

Parte-hartzeak badu ahalmen eraldatzaile bat, baina faktore ezberdinek baldintzatzen dute. Tartean hori dago, inplikatuta dauden gizarte-eragile eta norbanakoek ere aldaketa kultural bat behar dute. Horretarako inportantea da haiek erabakitzeko gaitasuna izatea eta baldintzak eskaintzea horretarako, hori guri dagokigu. Ikusi behar dute posible dela eragitea, ez bakarrik entzunak izatea, baizik horren isla bat ikustea. Jada logika horretan daudenei bide emango diegu eta, gainontzekoekin, baldintza horiek errazteko lana egin beharko dugu.

Zentzu horretan, Oñatiko gizarte-ehuna indartsu ikusten duzu?

Oñatik badu partaidetzako kultura bat, badu testuinguru bat. Eragile, elkarte, auzo elkarte, gizarte mugimendu... dentsitate eta aniztasun handikoak ditugu eta funtsezko lana egiten dute herrian. Hori poztekoa da. Aktiboki mantentzen dira eta indartsu daude. Guk egin nahi dugun horretarako oinarri sendo bat dira. Orain, hain justu, ari gara diagnosi bat egiten herrian dauden eragileen inguruan, mapatze moduko bat egiten. Diagnosi horretatik abiatuko gara hurrengo urratsak emateko.

Arreta berezia jarriko duzue gutxiago ordezkatuta dauden pertsona horiengan, ezta? Aipatu dugu ordenantzak jasotzen duela genero ikuspegia eta intersekzionalitatearen kontzeptua ere aipatzen duzue.

Ordenantza honen ezaugarri garrantzitsuenetako bat da genero ikuspegia presente egon dela hasiera-hasieratik eta lanketa berezi bat egin dela horretarako, helburu nagusia delako herritar guztiendako aukera berdintasuna bermatzea. Zeren, partaidetzaren arloan ere, badaude logika eta praktika baztertzaileak eta nahiz eta badauden legeak gizarte berdinzaleagoak bilatzeko, horretan bakarrik oinarritzea ez da nahikoa. Gai publikoak lantzeko orduan badira desorekak eta zailtasunak, batzuek bereziki traba bereziak dituzte. Gure hautua genero ikuspegia txertatzea izan da eta lanketa sakona eskatu du horrek. Baina generoaz gain ere parte-hartzea eragin dezaketen beste faktore batzuk kontuan hartu ditugu ordenantzan, adibidez, jatorri aniztasuna, klasea, desgaitasunak, adina eta abar.

Araudia onartua, egitea tokatzen da orain. Zeintzuk izango dira lehen pausoak?

Asmoa da orain ordenantza hau gizarteratzea. Ez bakarrik herritarrek jakin dezaten ordenantza bat dagoela, baizik ahaleginak egin behar ditugu ulertu dezaten zer den, zergatik egin den eta zertarako den.