Girondako suteek 19.000 hektarea baino gehiago kiskali dituzte dagoeneko
Hiru sute handi piztuta daude Girondan eta dagoeneko 19.000 hektarea baino gehiago suntsitu dituzte. Bero boladak ekialdera egingo du datozen orduetan eta Meteo Francek dagoeneko kendu du kanikulagatik fatxada atlantikoko 15 departamendutan ezarria zuen alerta gorria.
Duela astebetetik Bordeletik hegoaldera hazi diren suteek aurrera jarraitzen dute astearte goizean eta dagoeneko 19.000 hektarea baino gehiago kiskali dituzte. Egun hauetan, 37.000 pertsona baino gehiago ebakuatu behar izan dituzte.
Girondako prefekturak Twitterren adierazi duenez, gaua «oso zaila» izan da, eta zaharren egoitza bat ebakuatu behar izan dute Pilaten, La Teste de Buch ondoan, non dagoeneko 6.500 hektarea kiskali diren.
Beste frontean, Landirasen, sugarrek aurrera egiten jarraitu dute, eta 12.800 hektarea erre dira, Prefeturak zehaztu duenez. Hala ere, ez da inor ebakuatu behar izan. Sute hau piztea leporatuta, gizonezko bat atxilotu zuten atzo arratsaldean.
Hirugarren sute batek ere kolpatu du Gironda. Vensacen, Bordele iparraldean, 500 pertsona baino gehiago ebakuatu dituzte azken orduetan eta, oraingoz, 70 hektarea suntsitu dira.
2.000 suhiltzaile baino gehiago ari dira lanean sail guztietan, aireko bitartekoen laguntzarekin, azken egunetako beroagatik eta haize-aldaketa etengabeengatik berpiztu diren suak kontrolatzen saiatzeko.
Egunotan bizitzen ari garen muturreko beroak tenperatura errekor historikoak ere ekarri ditu. Bero bolada hau gaurko egunean zehar ekialderantz egitea espero da eta Meteo Francek dagoeneko kendu du kanikulagatik fatxada atlantikoko 15 departamendutan ezarria zuen alerta gorria.