INFO

Bizkaiko errepideetan kamioiei bidesaria kobratzea onartu dute Batzar Nagusiek

EAJ eta PSEren aldeko botoekin, PPren aurkakoarekin eta EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaiaren abstentzioarekin, Bizkaiko errepideetako bost zatitan kamioilariei kanonak kobratzea onartu dute Batzar Nagusiek. Bitartean, garraiolariek protesta egin dute atarian.

Garraiolarien protesta Larrabetzun, joan den martxoan, erregaien prezioen igoeragatik. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bizkaiko Batzar Nagusiek kamioilariei kanonak kobratzea onartu dute. Gobernuan diren EAJ eta PSEk alde bozkatu dute, PPk kontra, eta EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaiak abstentzioa hautatu dute. Zehazki, 3,5 tonatik gorako ibilgailu astunei kobratuko diete bidesaria A-8an Basurtutik Kantabriako El Hayara, N-240an Barazarren barna, N-636an Durangotik Gipuzkoara Barazarretik, Txorierriko lasterbidean eta BI-625ean, Laudiotik Basaurira.

Bozketa egiten ari ziren bitartean, garraiolarien protesta entzun zitekeen Gernikako Batzar Etxearen atean. Oposizioko taldeek euren esana aintzat hartzeko eta sektorea babesteko eskatu dute. Azaldu dutenez, garraiolariek ezingo dute gastu gehiago hartu beren gain eta horrek arriskuan jarriko du sektorearen parte handi bat.

Babes neurriak ez ezik, kamioilariekin kanonaren eragina leuntzeko formulak adosteko eskatu dute. «Neurria ez dadila Bizkaiko oinarrizko sektore baten amaieraren hasiera izan», adierazi du Elkarrekin Bizkaiak.

Bai alderdi honek eta bai EH Bilduk aurretik lurraldeko garraioaren antolaketa jasangarriago bat egin ez izana leporatu diote Aldundiari, baita kanonarekin lortutako diru hori errepideak mantentzera bideratzeko asmoa ere, garraio sistema «osoki» hobetzeko baliatu ordez.

Imanol Pradales Azpiegituren diputatuak eta foru Gobernua sustengatzen duten taldeek, ordea, defendatu dute Europak jasangarritasunaren arloan exijitzen duena betetzera datorrela kanona: «Errepideak gehien erabiltzen dituztenek mantendu behar dituzte».

«Errepideak debalde edo bidesariekin egiten direla esatea gezurra da, mantendu behar direlako eta mantenu hori denon artean edo gehien erabiltzen dutenen artean ordaindu behar delako», arrazoitu du PSEk.

Gainera, errepide sareko puntu batzuetan ibilgailu astunen trafikoa murriztu behar dela ohartarazi du, ezin baitute ibilgailu gehiago hartu. «Onuragarria litzateke garraioaren zatirik handiena trenez edo itsasoz, modu jasangarriagoan egitea», proposatu du.

EAJk baieztatu du instituzioa «etengabeko harremanean» dagoela sektorearekin. «Bere egoeraz jakitun da» eta garraiolariekin mintzatzen segituko du.