INFO

EHU munduko 200 unibertsitate onenen artean ageri da zazpi diziplinatan Shanghaiko sailkapenean

Espezialitate akademikoei buruzko Shangaiko sailkapenaren azken edizioan, Euskal Herriko Unibertsitatea munduko 500 unibertsitate onenen artean ageri da 27 diziplinatan, eta 150 onenen artean hiru arlotan, Ingeniaritza Metalurgikoan, Ingeniaritza Kimikoan eta Kimikan.

Ikasleak EHUko Ibaetako campusean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Jiao Tong Unibertsitateak (Shanghai, Txina) bere urteko txostenaren azken edizioaren berri eman du. Bertan, munduko 500 unibertsitate onenak zerrendatzen ditu espezialitate akademikoen arabera. Oraingoan, Euskal Herriko Unibertsitatea 150 onenen artean kokatu da hiru diziplinatan: Ingeniaritza Metalurgikoa, Ingeniaritza Kimikoa, eta Kimika. Estatu Espainiako lehen unibertsitatea da hiru diziplina horietan.

Gehiago ere bada: Shanghaiko rankinga izenez ezagutzen den sailkapen honetan, 200 onenen artean ageri da EHU beste lau diziplinatan: Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Materialen Zientzia eta Ingeniaritza, Nanozientzia eta Nanoteknologia; eta Matematika, talde pribilegiatu honetan sartu dena.

Postu esanguratsuak beste diziplina batzuetan ere

Shanghaikoa unibertsitate munduan gehien baloratzen den ebaluazio irizpideetako bat da, eta eragin handiena duenetako bat unibertsitateen nazioarteko proiekzioa ebaluatzeko orduan. Sailkapenak munduko 500 unibertsitate onenak biltzen ditu, goi hezkuntzako 1.500 erakunde nagusiak aztertu ondoren, mundu osoko 20.000 unibertsitatek baino gehiagok osatutako multzo batetik abiatuta. EHU 2012an sartu zen munduko 500 unibertsitate onenen talde entzutetsuan, eta 2020ko ediziotik, 400 onenen artean egon da.

Espezialitate aipagarri horiez gainera, EHUk postu oso garrantzitsuak lortu ditu beste diziplina batzuetan ere: Telekomunikazio Ingeniaritza, Energiaren Zientzia eta Ingeniaritza, Farmazia eta Zientzia Farmazeutikoak (munduko 300 unibertsitate onenen artean).

Beste hamabi diziplina 400 onenen artean azaltzen dira: Fisika; Nekazaritza Zientziak; Ingurumen Zientzia eta Ingeniaritza; Ingeniaritza Elektrikoa eta Elektronikoa, Ingeniaritza Mekanikoa, Zientzia Biologikoak, Osasun Publikoa, Zientzia Politikoak; Zientzia eta Ingeniaritza Informatikoa; Ekologia; Ekonomia eta Psikologia.

Eta lau diziplina gehiago 500 hoberenen artean: Hezkuntza, Lurraren Zientziak, Zientzia Biometrikoak eta Kudeaketa (Management).

Unibertsitate osoa eta jendartea ere zoriontzeko modukoa

Eva Ferreira EHUko errektorearen iritziz, argitaratu diren datuak oso esanguratsuak dira. «Gurea unibertsitate sendo bat dela erakusten dute, dinamikoa, etengabeko hobetze prozesun dagoena. Zoriontzekoa da lehen 200 onenen artekoak zazpira igo izana, Matematika ere sartu baita, eta munduko 500 unibertsitate onenen artean egotea Telekomunikazio Ingeniaritzan (300 onenen artean) eta Ekonomia eta Psikologian (400 onenen artean), besteak beste», adierazi du.

Erantsi duenez, kontuan hartu behar da jakintza arlo guztiak daudela ordezkatuta gai espektro zabal horretan. Horrek, unibertsitatearen orotariko izaera ez ezik, arlo guztietan ezartzen den autoexijentzia maila adierazten du errektorearen ustez. «Arrazoi ona da gure unibertsitate osoa eta euskal gizartea ere zoriontzeko, hari zor baitiogu geure zerbitzua».

Txinako unibertsitateak egiten duen unibertsitateen ex aequo sailkapena, multzoka, honela azaltzen da: lehenengo ehun unibertsitateak izendatzen ditu, ordena zorrotzean; ondoren, 50 unibertsitateko bloke bat ezartzen du; gero, beste bloke bat, 50 unibertsitatekoa; eta hortik aurrera, 500era arte, hiru bloke, bakoitza 100 unibertsitatekoa.