Herriko Etxeak ikastola handitzeko egitasmoa trabatzen duela salatu dute Beskoitzen
Beskoitzeko ikastolako gurasoek eta Seaskako ordezkariek prentsaurrekoa antolatu dute gaur Udalak txiki gelditu den ikastola handitzeko proiektuari babesa ez diola emanen salatzeko.
2013an sortua, lau haurrekin hasi zuen Beskoitzeko ikastolak bere ibilbidea familia baten etxean. Oroitu behar da gainera Pirinio Atlantikoen Prefekturak trabak ezarri zituela ikastetxe berria sortzeko garaian, udal agintarien aurkako jarrera bortitza hartuz.
Hala eta guztiz ere 2014. urtean Herriko Etxeak utzi zuen lur batean plantatu zen ikastola. Geroztik ikasleen kopurua etengabe hazi da. Horrek «prekarietate handiko egoera» sortu duela salatu dute gaur goizean ikastolako gurasoek Seaskako ordezkarien sostenguarekin antolaturiko agerraldian.
Beskoitzeko ikastolako burasoak eta @seaskaikastola prentsaurrekoa eskaintzen ari dira Lapurdiko herrian. Herriko Etxeak ez du txiki geratu den ikastola handitu nahi https://t.co/3W71zUas6B
— kazeta.eus (@kazetaeus) July 22, 2022
Andrea Ibarra pic.twitter.com/wxAmgwtwCM
Gaur egun haurrek 400 metro karratutan banaturiko hiru aurrefabrikatutan hartzen dituzte kurtsoak.
Julen Jauregi ikastolako buraso eta bulegoko kideak Kazeta.eus atariari errandakoaren ildotik ikasturte berriari begira «ezin dela gehiago horrela segitu» adierazi dute ikastolako ordezkariek.
Beskoitzeko ikastolak eraikitzeko eskubidea eskatzen du, bere garapenerako. Ez du diruztatzerik galdetzen.
Haatik, Herriko Etxeak ez du handitze horren beharra ikusten eta ikasle kopurua 50era murriztearen argudioa erabili izan du askotan.
Izan ere, langa hori ere gainditua da, aurten 51 ikasle bildu dituelako Beskoitzeko ikastolak.
Badira bi urte Herriko Etxearekin abiatu zituzten negoziaketek emaitzarik ez badute eman ere, traba guztien gainetik, «Beskoitzeko ikastolak segituko duela bere garapena» argi dute gurasoek.
Beskoitzen bizi diren haurrak soilik ez, Urketako, Ahurtiko, Mugerreko eta Lehuntzeko haur batzuk ikastetxe horreta joaten dira eta «haur horiei euskaraz ikasi, lan eta bizitzeko aukera eman behar diegu», nabarmendu dute une oro gurasoek.
Euskarari lehentasuna emanez, ikasleei harrera duina ematea izanen da erronka, eta horren alde konponbide baten xeka jarraituko dute Beskoitzeko ikastolako gurasoek.
Korrika garaian beraien kexa astindu zuten dagoeneko Beskoitzeko ikastolako ordezkariek.
Horretaz gain, ikasleek ez dutela merezi aurrefabrikatuetan errezibituak izan salatzeko sinadura bilketa abian eman zuten.