Van Aert, Vinegaard, Alaphilippe, Evenepoel...ikuskizuna ziurtatua dago aurtengo Klasikoan
Lasterketa hasi aurretik antolakuntzak homenaldi bat egingo dio Alejandro Valverderi murtziarraren azken parte hartzean eta txapela ere jarriko diote buruan.
Antolatzaileek oraintxe bertan esku artean baieztatuta dituzten izen guztiak azkenean irteera marran izaten badira, gutxi izango dira aurtengo Donostiako Klasikoak izango duen parte hartzea berdindu ahal izango duten lasterketak. Tourrean bigarren postuan den Pogacar izan ezik, egungo izar guztiak Gipuzkoa zeharkatuko duen proban izango dira, antolatzaileek gaur jakitera eman dutenez.
Jumbo izaten ari da Tourreko talderik sendoena eta bere bi izarrik handienak Donostian izango dira hurrengo larunbatean. Frantziako Itzulia irabaztear den Jonas Vingegaard Herbeheretako taldearen hautatuen artean dago eta baita liderrak adinako erakustaldiak ematen ari den Wout Van Aert. Flandriarra ibilbide mota guztietan sekulako erakustaldiak ematen ari da azken egunetan eta Klasikoan ere gauza handiak egiteko moduan da. Danimarkako igotzailearekin itxaron egin beharko da Tourra nola amaitzen duen eta zer erabakitzen duen, baina printzipioz Donostian izatekotan da.
Baina faboritoen zerrenda ez da Tourraren lehian dabiltzan txirrindularietara mugatzen, 2018 eta 2019ko irabazleak ere, Julian Alaphilippe eta Remco Evenepoel, euren bigarren garaipena eskuratzeko asmoz etorriko baitira Euskal Herrira, baita iazko txapeldun Neilson Powless estatubatuarra ere. Geraint Thomas, Bauke Mollema, Simon Yates, Vizenzo Nibali, Romain Bardet edo David Gaudu ere oso kontuan hartzeko izenak dira.
Euskaldunak ere prest
Euskaldunen artean, Mikel Landa, Izagirre anaiak edo Alex Aranburu ere irteeran izango dira, Euskalteleko Azparren, Isasa, Caja Ruraleko Mikel Nieve edo Kern Pharmako txirrindulariekin batera. Denera, 24 taldetan banatutako 168 txirrindulari arituko dira Boulevardean besoak altxatzeko asmoz.
Emaitza edozein dela ere txapela burura eramango duena Alejandro Valverde espainiarra izango da, Klasikoa hasi aurretik antolakuntzak omenaldi bat egingo baitio irteera marran, denboraldi amaieran txirrindularitza uztera doa eta. 2008 eta 2014an Donostian garaile izan zen murtziarrari aurreskua ere dantzatuko diote irten aurretik.