INFO

Ez da Mutriku, polizia eredua da

Gatazka edozein izanik ere (langileen aldarriak, etxegabetze baten aurkako ekimen baketsua...), erantzun bakarra borra bat baldin bada –ondoren datozen mozal lege, epaiketa, isun eta espetxe zigorrak ahaztu gabe–, inor ez dadila asaldatu uniformeak ongi etorriak ez direnean.

Ernaiko zazpi auziperaturi elkartasuna adierazteko iragan ekainean Bilbon egin zuten manifestazioan ateratako irudi bat. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gurean herri mugimenduren bat kriminalizatzeko enegarren «polemikak» Mutrikun izan du epizentroa oraingoan. Zabaldu denez, herriko ertzain batek salatu du poliziakide izateagatik ez zaiola utzi jaien barruan gazte asanbladak antolatutako gazte egunean parte hartzen. Kasu konkretu horretatik harago edo, hobe, hortik abiatuta, azter dezagun zer gertatzen den gure herri honetan poliziarekin. Edo poliziekin, nahi adina koloretakoak ditugu-eta.

Lehenik eta behin, gazteek beren espazioetan poliziarik nahi ez dutela esateak zenbaitengan eragindako harridurak berak utzi nau ni zur eta lur. Pauso bat harago joanda, galde diezaiegun geure buruei, zintzoki, zein arrazoi egon daitekeen horren atzetik. Alegia, iraganeko tik horiek ahotan hartu dituztenek pentsa dezatela zeintzuk diren beraiek sustatu dituzten tikak. Zertarako (eta noren aurka) erabili duten polizia. Beharbada hortik ulertzen has daiteke zerbait, jakinik, noski, ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dagoela.

Nolanahi ere, gazte belaunaldiek poliziarekiko edo, oro har, agintea eta boterea irudikatzen duen guztiarekiko duten mesfidantza (hitz suabe bat erabiltzeagatik) ez da berria eta, noski, ez da Euskal Herrian esklusiboki gertatzen. Ez gara hain bereziak horretan ere, ez gaitezen engaina. Beharbada, hemen nabarmenago erabili izan dira poliziak sektore politiko jakin bat eta disidentzia irudikatzen duen oro jazartzeko. Indar faktiko bihurtu dituzte. Errepide bazterretako kontroletako edo atxiloaldietako basakeriak dira horren isla. Zigorgabetasun erabatekoa eman zaie, gainera: inoiz epaituak izan ez diren torturatzaileak, zigorra jaso ondoren indultatuak eta sarituak izan direnak, hor daude ere ‘Cabacas auzia’ eta beste hamaika izen propio... Horri guztiari lotuta, galdera bat datorkit burura: txio, ohar, adierazpen eta abarretan seinalatzen ari diren gazte mutrikuar horiei, ehizagaiak balira legez, «ciervo» deituko zaie oraindik ere komisarietan?

Gatazka edozein izanik ere (langileen aldarriak, etxegabetze baten aurkako ekimen baketsua...), erantzun bakarra borra bat baldin bada –ondoren datozen mozal lege, epaiketa, isun eta espetxe zigorrak ahaztu gabe–, inor ez dadila asaldatu uniformeak ongi etorriak ez direnean.

Autokritikak eskatzen horren iaioa den jendea duen herri honetan, irekitzeke dagoen meloia da polizia ereduarena. Memoriek (eta amnesiek) ezin dute selektiboak izan, aurrera egingo badugu. Eztabaida zintzo bat dugu zain aspalditik. Bestela jai dugu. Mutrikun eta Euskal Herrian.