Eraginkorragoa da energia berriztagarrietan inbertitzea «renove planetan» baino, dio EHUk
EHUren ikerketa batek egiaztatu duenez, ingurumenaren kontserbaziorako eraginkorragoa da energia berriztagarrietan inbertitzea etxetresna elektrikoen «renove planetan» baino.
EHUren Life Cycle Thinking Group eta Ekopol taldeek burututako ikerketa baten arabera, etxetresna elektrikoetan energia berriztagarriak erabiltzeak atzeratu egingo luke etxetresna elektriko horiek ingurumen arrazoiengatik aldatzeko beharra, 30 urte inguru bete arte. Hortaz, ondorioztatu dute ingurumenaren kontserbaziorako eraginkorragoa dela energia berriztagarrietan inbertitzea etxetresna elektrikoen «renove planetan» baino.
Ondorio honetara heltzeko, hiru etxetresna elektriko aztertu dituzte EHUko ikerlariek: mikrouhin labea, ontzi-garbigailua eta garbigailua. Zehazki, hiru hauen fabrikazio prozesua, erabilera eta bizi amaiera, desegitea eta birziklatzea hartu dituzte kontuan.
«Inpaktu horiek murrizteko ingurumen arrazoiengatik etxetresna elektriko berriak egungoez ordezkatzeko izan behar duten eraginkortasuna kalkulatu dugu hiru kasuetarako», azaldu du Ortzi Akizu Gardokik, EHUko Life Cycle Thinking Group taldeko ikertzaileak eta lanaren egileetako batek.
Kalkulu horietan etxetresna hauek beren bizi etapa bakoitzean eragindako inpaktuak kuantifikatu dituzte, alternatiba eraginkorragaok baloratuz.
‘A’ motako etxetresna berria vs energia berriztagarriak
«Egin dugun azterketa konparatiboan ikusi dugu erabilera etapan kontsumitzen den elektrizitatea dela etxetresna elektrikoek isurtzen dituzten berotegi efektuko gasen eragile nagusia», ebatzi du Akizuk. Ildo beretik, ikerlariak jakinarazi du ekonomia zirkularraren baitan dauden neurriak aplikatuz, CO2 emisioak %68 murriztu daitezkeela mikrouhin labeetan, %76 ontzi-garbigailuetan eta %61 garbigailuen kasuan.
«Hobekuntza horiek erabilera fasean energia berriztagarrien mix bat erabilita eta erabilera arduratsuaren ondorioz energia kontsumoa %10 murrizteari esker lortzen dira», gehitu du EHUko ikertzaileak. «Lortutako ingurumen hobekuntzekin batera, etxetresna elektrikoen balio bizitza luzatu egiten da energia eraginkortasun handiko gailu berri batekin ordezkatu baino lehen», baieztatu du.
«Hain zuzen, erabilera fasean energia berriztagarriak bakarrik aplikatzen direnean, ingurumenaren ikuspegitik etxetresna elektriko horiek ‘A’ motako mikrouhin, ontzi-garbigailu eta garbigailu batez ordezkatzea bideragarria litzake soilik 24,4, 19,3 eta 28,5 urte igaro ondoren, hurrenez hurren», abisatu du Akizuk.
Ostera, erabilera fasean kontsumitutako energia %10 murrizten bada kontsumo jarraibide arduratsu batzuen ondorioz, denbora tarte horiek, hurrenez hurren, 30,3, 26,2 eta 33,9 urtera arte luzatzen direla dio ikerlariak.