Zangoak astindu ondoren, biper omeleta dastatzeko aukera, Baionan
8.000 lagunek parte hartu dute Biarritzetik atera eta Baionako Herriko Etxearen aurrera amaitu den bestazaleen lasterketan. Behin zangoak astinduta, Merkatu Plazan iragan den munduko biper moleta txapelketan jaien irekierako prestatze aldera sabela betetzeko aukera izan dute bestazaleek.
Bestazaleen lasterketarekin abiatzen da Baionako bestendako atzera kontua.
Hala, goizean goiz, 7.00ak aldera, abiatu da jai hauek bilduko duten jendetzaren iragarle izan daitekeen korrikaldia. 8.000 lagunek parte hartu dute ekimenean.
14 kilometroko distantzia gaindituta Pierre Urruty heldu da lehena helmugara. Bere bosgarren garaipena da. Emazteen kasuan, Betty Urruty, lehenaren bikotekidea, izan da azkarrena.
Bero larregi egiten zuenez, korrikalariak mahuka batekin urarekin freskatu dituzte antolatzaileek Askatasun plazan.
Lasterketa amaituta, begirada guztiak, baina bereziki sudurrrak, Merkatu Plazara zuzendu dira, bertan egin baitute munduko biper moleta (tortila) txapelketa.
Aurtengo edizioaren garailea Gosse karrikan bere egoitza duen Gela Ttiki peña izan da. Orotara 30 bat elkartek parte hartu dute lehiaketa gastronomikoan.
Baionako Udalak garaileari txapela ematearekin batera ohorezko saria eman dio aurten suhiltzaileen lagunen elkarteari.
Handik aurrera, bestei aitzin gustua hartzeko aperitifa eta bazkariaren ordua heldu da. Bazkalostean, berriz, Moderne Trinketean pilotazaleei lehenengo hitzordua eman diete bestetako antolatzaileek.
Irekiera ekitaldi bikoitza
Gaur arratsaldeko 20.00etan Patxa plaza erreferente nagusitzat hartzen duten besta alternatiboak abian emanen dira San Andresko Les Pyrenees ostatuko goikaldean iraganen den idekiera ekitaldiaren bidez.
Besta herrikoi, euskaldun eta feministen aldeko apustua berretsiko dute Gazte Asanbladako kideek azken urteetako hutsunea betetzeko irrikan egitarau oparoa prestatuz.
Eta bi oren beranduago, besta idekiera ofiziala iraganen da Herriko Etxeko plazan.
Ohi bezala, balkoitik euskaraz eta gaskoieraz eginiko agurrak entzunen dira eta horren ondotik, covid-19ak eragindako pandemiaren garaian herritarren zaintza hartu zuten osasun langileen esku –beste gonbidatu sorpresaren bat edo beste baztertu gabe– geldituko da plaza beteko duen jendetzaren esku hiriko giltzak uzteko enkargua.
Behin giltzen jaurtiketaren zeremonia amaituta, lehen gau bestarako ateak zabal zabalik izanen dira Lapurdiko hiriburuan.