INFO

Azken agurra eman diote Gari Arriaga amnistiaren aldeko militante eta preso ohiari Iurretan

Felipe Arriaga ‘Gari’ amnistiaren aldeko militante eta preso ohi zendu berriari azken agurra eman diote Iurretan, bertako ezker abertzaleak antolatutako omenaldi baten bitartez.

Gari Arriaga amnistiaren aldeko militante eta preso ohiari Iurretan (FOKU)

Felipe Arriaga ‘Gari’ Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kide izandakoa eta horregatik espetxetik pasatako iurretarrari azken agurra eta omenaldia egin diote ostiral honetan udalerri bizkaitarreko Herriko Plazan. Astelehenean hil zen.

20 urte zituela sartu zuten lehendabiziko aldiz kartzelan. 4 urtez egon zen preso. Basauri, Burgos, Soria, Langraiz eta Alcala-Mecoko kartzeletan egon zen. Ikasketez kazetaria zen Arriaga, eta APS Press albiste-agentziaren sustatzaile eta buru izan zen.

Libre utzi zutenetik amnistiaren aldeko mugimenduan militatu zuen. Bere ustez, diktadura ostean preso politikoak etengabe egotea espainiar sistemaren zilegitasun demokratiko ezaren adierazgarria zen. Horren aurka eta Euskal Herriaren askatasunaren alde egin zuen borroka bizitza guztian zehar. Adibidez, kartzelatik atera ostean, 1987an, Arriaga Herri Batasuna alderdiko udal hautagaitzaren parte izan zen Durangon.

Bere militantziagatik, hain zuzen ere, epaituko zuten Arriaga 2008. urtean, beste 27 kiderekin, «dena da ETA» doktrinaren arabera eraikitako makrosumario horietako batean. Baltasar Garzon izan zen 33/01 sumarioaren bultzatzailea. Gari, besteak beste, Amnistiaren Aldeko Batzordeetako komunikazio arduraduna izan zen.

Epaiketa horretan, Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta haren ondoren sortu zen Askatasuna legez kanpo utzi zituzten Auzitegi Nazionaleko epaileek, eta bi erakundeen desegitea agindu zuten. Horrekin batera, 21 militanteen aurka 200 urteko kartzela zigorra ezarri zuten. Arriagari, zehazki, zortzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Kondena oso-osorik bete ondoren, 2016an aske geratu zen, ordurako dagoeneko 60 urte zituela. Une hartan Burgoseko kartzelan zegoen.