INFO

Olazabalek eta Elosegik lehendabiziko aukeran lortu dute finalerdietarako txartela C1ean

Klara Olazabal eta Ander Elosegik sailkapen jaitsierako lehendabiziko saiakeran lortu dute finalerdietarako txartela C1ean. Miren Lazkanok, berriz, akats bat izan du bigarren jaitsieran eta beraz, finalerdirik gabe geratu da Munduko txapelketan. Igandean lehiatuko dira C1eko finalerdi eta finalak.

Klara Olazabal Munduko txapelketako sailkapen jaitsieran, C1 modalitatean. (@BATBASQUETEAM)

Augsburgon jokatzen ari den slalomeko Munduko txapelketak C1 modalitateko sailkapen probak jaso ditu ostiral honetan. Hiru euskaldun lehiatu dira eta horietatik bi finalerdietan izango dira igandean. Klara Olazabal eta Ander Elosegik lehendabiziko jaitsieran lortu dute txartela –ozta-ozta izan bada ere–; Miren Lazkano, berriz, kanpoan geratu da bigarren saiakeran egin duen akats baten ondorioz. Donostiarrak jaitsiera ona egin du aurrenekoan –sailkapen zuzenetik ehuneko batzuetara geratu da– baina kale egin du bigarrengoan.

Ozta-ozta baina pasatu direnak, Olazabal eta Elosegi izan dira. Irundar biek (biak Santiagotarrak klubekoak) 20 onenen artean bukatu dute eta beraz, igandean jokatuko diren finalerdietan izango dira (finala ere igandean jokatuko da).

Olazabalen kasuan, berak itxi du zuzeneko sailkapena lortu dutenen zerrenda, 114.17 segundoko jaitsierarekin; lehenak (Andrea Herzog) baino 10 segundo gehiago eginda.

Sailkapena lortu duen edo ez jakiteko itxaroaldia «luzea» egin zaiola adierazi du Olazabalek. Izan ere, bi palista falta ziren jaitsiera egiteko, bata Jessica Fox Olinpiar Jokoetan dominak irabazitakoa zen eta bestea, Georgia Morou. Greziarraren erreferentziak oso atzean geratu direnez, Klarak arnasa lasai hartu ahal izan du azkenean. 20 piraguista pasatzen ziren zuzenean finalera eta bera izan da hogeigarrena. Ez du zigorrik izan eta 114.17ko denborarekin txartela lortu du.

Nolanahi ere, autokritika egin du eta onartu du ez duela lortu «esperotako jaitsiera» egitea. «Toki gehienetan bai baina akats larri bat izan dut erdialdean eta segundo asko galdu ditut; hortik bukaeraraino, nabigazio garbia egitea zen helburua», azaldu du Basque Teameko mikrofonoetan.

Finalerdietara begira, aurrez planeatutakoa hasieratik bukaeraraino mantenduko duela iragarri du, gaurkoan «uraren mugimenduagatik» aldatu egin behar izan baitu. «Nire nabigazio polita eta azkarra bilatuz gero» finalera sailkatzeko aukerak izan ditzakeelakoan da Olazabal.

Helburua beteta

Ander Elosegik ere justu-justu lortu du finalerdietarako sailkapena lehendabiziko aukeran (98.67 segundo). 30 ehuneneko gehiago eta kanpoan geratuko litzateke, Liam Jegou irlandarrari pasa zaion moduan (98.96).

Denboraldia ez da erraza izaten ari Ander Elosegirentzat, nahiz eta berak dagoeneko ohartarazi duen hainbeste urtez maila gorenean egon ondoren, intentsitatea noiz jaitsi jakin behar dela, indarberritzeko.

Ander Elosegi, Munduko txapelketako jaitsiera proban. (@BATBASQUETEAM)

«Kontent» agertu da egindako jaitsierarekin, helburu nagusia sailkapena lortzea baitzen. «Ez da jaitsiera onena izan baina ez da txarra izan, eta uste dut paper ona egin dudala», azaldu du Basque Teameko mikrofonoetan. Urte guzti hauetan pilatu duen eskarmendua «abantaila» dela iritzi du: «Nire burua ondo ezagutzen dut eta badakit zer egin behar dudan momentu hauetan. Hori abantaila da eta hori ere ikusi da. Momentu garrantzitsuenetan nire bertsiorik onena atera izan ahal dut».

Finalerako txartela lortzea zaila izango dela jakitun, aukerak dituela pentsatzen du. Orain, finalerdietako ibilbidea ezagutu eta «plan solido» bat marrazteko lanean murgilduko da.

Miren Lazkano atsekabetuta

Txanponaren beste aldean kokatzen da Miren Lazkano, 2019an Europako txapeldun izandakoa. Lehendabiziko jaitsieran sailkapena lortzetik gertu egon da (2 segundoko zigorra jaso du 5. atea jotzeagatik eta 20. postutik segundo batera geratu da, 115.33) eta bigarrengo aukeran ez du hobetu jaitsiera. 50 segundoko zigorra jaso du 14. ateak eta horrek erabat baldintzatu du txapelketa.

Kolpe galanta izan da donostiarrarentzat eta atsekabea ez du ezkutatu Basque Teameko kameren aurrean. Lur jota agertu da denboraldi osoan buru belarri aritu baita C1ean eta onartu du emaitza hau «barneratzea kosta egingo» zaiola. Denboraldia bukatzeko gogoz agertu da baina geratzen zaizkion bi Munduko Kopa eta Espainiako txapelketa «konfiantza berreskuratzeko» saio modura ikusi dezakeela onartu du. Nolanahi ere, txipa aldatzeko beharra ikusten du, «horrela ez dut uste asko aguantatuko dudanik».

Igandean extrem modalitatean lehiatuko da, «garrantzizkotzat» hartzen duena baina jakitun, ez duela hainbeste lan saio egin.