Donostiarra eta Orio garaiz berregin dira Getxon garaipenaren bidea berreskuratzeko
Donostiarra eta Orio Euskadiko Txapelketan hirugarren eta bigarren izan ziren astelehenean, baina sendo atera direla erakutsi dute. Lehenengoek 1.70 segundogatik puntu bat murriztu diete Hondarribiari sailkapen nagusian eta mirotzek bosgarren garaipena lortu dute, Arraun Lagunaki bi segundo ateraz.
Aurreko astelehenean jokatutako Euskadiko Txapelketa inflexio-puntu bat izan zitekeen Eusko Label eta Euskotren Ligetako ontzientzat. Gizonezkoetan, Urdaibaik irabazi zuen, Ligan oso sendo dabiltzan Donostiarra hirugarren eta Hondarribia seigarren utziz. Emakumezkoetan, aldiz, Arraun Lagunakek sekulako erakustaldiarekin irabazi zuen, Orio bigarren postuan utziz. Bada, bai Donostiarrak eta baita Oriok ere garaipenak lortu dituzte larunbat honetan Getxoko uretan, lehenengoek "Ama Guadalupekoa" ontziaren itzala jarraituz sailkapen nagusian –puntu bakarrera dituzte orain– eta mirotzek lidertza sendotuz bosgarren garaipen jarraiarekin.
Ohorezko txanda: Donostiarrak arantza kendu du
Aurreko bi txandetako joera mantendu da hemen. Hau da, hirugarren kaletik abiatu den traineruak aurrea hartu du segituan. Hori Donostiarra izan da ohorezko txanda honetan. Kontrako aldean, berriz, lehen kaletik abiatutako Urdaibaik segundo dezente galdu ditu lehen ziabogan, bost alegia. Aurrean, Donostiarrak eta Hondarribiak denborak berdindu dituzte lehen biraketan eta Kaikurenak hiru segundogatik hobetu.
Bigarren maniobran hasi da estropada apurtzen. "Torrekua II.a" ontziak hiru segundo atera dizkio Ioseba Amunarrizen gidaritzan zetorren Hondarribiari, bost atzetik aurrera egin duen Urdaibairi eta zortzi Oriori. Argi zegoen garaipena txanda honetan zegoela, 14 segundotan hobetu baitute Kaikuren marka puntu honetan.
Donostiarrek ondo eutsi diote lidertzari luze honetan, bost segundoko aldea ateraz "Ama Gudalupekoa" ontziari, 12 Urdaibairi eta 18 Oriori. Eta azken maniobran eta luzean, emozioa azken unera aarte mantendu da. Hondarribiak ondo estutu ditu hortzak, baina aurrean zegien "Torrekua II.a"k ere, eta 1.70 segundogatik besterik ez du irabazi. Atzerago Urdaibai (+16) eta Orio (+26) helmugaratu dira, Kaikuren denbora oso gutxigatik hobetuz.
2. txanda: Kaiku, Caboren denborarekin sufrituz
Haizeak beheraka egin badu ere, hemengo lau traineruek aurreko txandakoen ur korrontea gehiago sufritu dute, gehienbat etorrerako luzeetan. Eta hor etorri dira ezusteko nabarmenenenak. Ez bakarrak. Izan ere, txanda hasi bezain laster, ikusi da Aitor Lazkano patroiaren eskutik Zierbena laugarren kaletik hirugarrenera abiatu dela zuzen-zuzenean, Kaiku zegoen kalera alegia. Segundo batzuk galdu dituzte maniobra horretan bizkaitarrek, hiru alegia, baina luzea joan ahala errekuperatu egin dira.
Hala ere, Kaiku izan da azkarrena lehen biraketan, Zierbena (+6), Getaria (+6) eta Santurtziren (+8) aurretik. Azken traineru honetako Iñigo Pelayok ezustea eman du biraketan, arraunak ihes egin baitio eskuetatik eta berriro hartzean aurrean zuen Mikel Pedrosa taldekideari buruan kolpetxo bat ematerakoan.
Ezustea izanda ere, lanean jarraitu du "Soterak" baina txandako azkena jarraitzen zuen hurrengo biraketan. Kaikuk jarraitu du buruan, aurreko txandako Caboren denbora bi segundogatik hobetuz. Getaria bigarren ipini da, 8 segundora, eta Zierbenak beste segundotxo bat behar izan du biraketan.
Hurrengo balizan, ordea, bizkaitarrek Getaria aurretik egin dute maniobra, eta aurrean Kaikuk txandako garaipena eskuan zuen, Caboren denbora bost segundotan hobetuz gainera. Hala ere, dena ez zegien eginda eta azken unera arte sufritu behar izan dute galiziarren marka hobetzeko. Pentsa, Cabok Kaikuren atzetik amaitu du, Getariak, azken unean Zierbenari gaindituz, denbora gehiago behar izan baitu. Santurtzi probako sailkapeneko azken posturaino erori da.
1. txanda: Cabo, hirugarren luzean txikizioa
Euskotren Ligan haizeak sortutako eragozpenak kontuan izanda hasi dute estropada Eusko Label Ligako lehen txandako lau traineruek. Ondarroak asko zuen jokoan sailkapen nagusiko azken postutik ateratzeko. Eta hasieran hartu du burua, baina Cabok pasa du lehen ziaboga lidertzan. Atzean, berriz, Ares denbora asko galtzen hasia zegoen zegoeneko eta Lekittarra, hirugarren, buruan zihoazen bi ontzien itzala ez galtzen saiatzen zen.
Bigarren luzean Ondarroak aurre hartu dio Cabori, eta bigarren ziabogan Lekittarrak eta Aresek denbora bera markatu dute, 7 segundora. Hala ere, hirugarren luzean Cabok txikizioa egin du. 11 segundo atera dizkio Ondarroari! "Antiguako Ama" ontziak asko sufritu du luze honetan eta atzetik zetozen Lekittarra –denbora bera markatu du hirugarren biraketan– eta Ares pega-pega eginda zituen.
Azken luzean astean zehar Galiziako txapeldun izandako Cabok ezin izan du aldea handitu, baina beste hiru traineruak segundo bateko aldean zetozen, emozioa azken unera arte mantenduz. Ondarrutarrek txandako bigarren postua mantendu ahal izan dute, Lekittarra eta Aresen aurretik. Hala, "Antiguako Ama" ontziak Ares baino bi puntu gehiago lortu ditu eta azken postutik atera da.
GETXOKO XLIV. IKURRINA
1. Donostiarra 19:51.30
2. Hondarribia 19:53.00
3. Urdaibai 20:07.78
4. Orio 20:17.62
5. Kaiku 20:17.92
6. Cabo 20:21.96
7. Getaria 20:29.88
8. Zierbena 20:30.52
9. Ondarroa 20:31.48
10. Lekittarra 20:32.64
11. Ares 20:33.60
12. Santurtzi 20:39.90
EUSKO LABEL-SAILKAPEN NAGUSIA
1. Hondarribia 99 puntu
2. Donostiarra 98
3. Urdaibai 93
4. Orio 87
5. Kaiku 60
6. Getaria 53
7. Zierbena 53
8. Cabo 35
9. Santurtzi 33
10. Lekittarra 32
11. Ondarroa 30
12. Ares 28
Euskotren Liga: Oriok sendo jarraitzen du
Astelehenena Arraun Lagunakek irabazi zuen ikurrina eta Euskotren Ligan Oriorekin duen borroka larunbat honetan Getxon indartu zitekeen edo ez zegoen ikusgai. Gaurkoan beste protagonista bat agertu da: haizea. Proba hasi aurretik ufada gutxi batzuk espero baziren ere, estropada unean 15-20 kilometroko haizea zegoen, jarraian, ufadarik gabe.
Egoera honetan, hasiera-hasieratik nabarmendu dira Orio eta Arraun Lagunak estropadan, segituan traineru bateko aldea ateraz Tolosaldea eta Donostiarrari. Aipatzekoa da azken bi traineru hauen lana, sailkapen nagusia ixten duen Tolosaldea Gipuzkoako hiriburuko ontziaren aurretik aritu baita.
Lehen ziabogan, Arraun Lagunak pasa da lehendabizi, baina mirotzek denbora bera markatu dute eta maniobra gainditzerakoan segundo bat irabazi dute, estropadako lidertza berreskuratuz. Sendo jarraitu dute azken luze horretan eta bi segundoko aldea atera diote sailkapen nagusiko bigarren sailkatuari. Orain hiru puntuko aldea dago bien artean Ligan.
Atzetik, Tolosaldeak bigarren aldiz lortu du hirugarren postuan amaitzea. Oriorengandik 13 segundora helmugaratu den bitartean, Donostiarrak 14ra egin du.
GETXOKO XIV. IKURRINA
1. Orio 10:52.56
2. Arraun Lagunak 10:54.90
3. Tolosaldea 11:05.76
4. Donostiarra 11:07.00
EUSKOTREN SAILKAPEN NAGUSIA
1. Orio 26 puntu
2. Arraun Lagunak 23
3. Donostiarra 12
4. Tolosaldea 9