INFO

Baionako bestetan 1,2 milioi pertsona izan dira aurten, 2019an baino %15 gehiago

Suprefeturak eta Herriko Etxeak Baionako bestetako bilana eman dute astearte goiz honetan. Bertan emandako datuen arabera, bisitarien kopuruak gora egin du eta 1,1 eta 1,2 milioi pertsona inguru ibili dira, azken edizioa izan zen 2019koan baino %15 gehiago. 190.000 sarrera saldu dira.

Etchegaray Baionako auzapeza, Le Moing-Surzur suprefeta eta Parizel prokuradoreordea. (GUILLAUME FAUVEAU)

Uztailaren 27tik 31ra ospatu ziren Baionako besten 90. edizioan 2019an izan ziren jaiekin alderatuta %15 hazi da jende kopurua; orotara 1,2 milioi pertsona bildu direla kalkulatzen da. Suprefeturak, Herriko Etxeak eta Fiskaltzak astearte honetan egin agerraldian bortxaketa bat eta lau bortizkeria salaketa izan direla jakinarazi dute.

Philippe Le Moing-Surzur suprefetak, Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapezak eta Euskal Elkargoko presidenteak eta Caroline Parizel prokuradoreordeak antolaketa eremuko kideekin batera prentsaurrekoa eman dute Lapurdiko hiriburuko Suprefeturan.

Agerraldian egin duten bilanean, bisitari kopuru handia izan bada ere, giroa «lasaia» izan dela baieztatu du suprefetak. Bestetako zenbait partaidek aldiz, «bilan beltza» dela baieztatu du Biltxoko elkarteko kide Ibai Agirrebarrenak

Izan den bortxaketa salaketari loturik 2 pertsona kontrol judizialpean askatu dituztela adierazi dute. Erasoa ostegunetik ostiralerako gauean gertatu zen.

124 lagunek adierazi dute ziztatuak izan direla, eta 11 salaketa izan dira; 17 pertsonari egin dizkiete azterketak. Suprefetak ziztaden arazoa ez dela pentsatzen zena bezain larria izan jakinarazi du.

Lau pertsona bortizkeriengatik atxilotuak izan dira, horietatik bat sastakada batengatik. Ekintza egozgarrietan 17 kasu lapurreta indarrez tira egiteagatik izan ziren, eta 137 telefono mugikorrak ebasteagatik.  

Segurtasunean egunero 592 pertsonak lan egin du: poliziak, jendarmeak, militarrak...

Kultura

Antolatu diren kultur ekimenetan ohi baino jende gehiago izan da, saldu diren 190.000 sarrerei loturik. «1.200 musikari ibili dira karriketan. 10.000 pertsona herri kiroletan, karroen desfilea sekula baino jendetsuagoa, zezenketa arrakastatsuak…» adierazi du Yves Ugalde Baionako Herriko Etxeko Kultura axuantak.