Sumendi bat erupzioan hasi da Reykjaviketik 40 kilometrora
Islandiako Meteorologia Bulegoak ohartarazi duenez, sumendi bat erupzioan sartu da Islandiako Reykjanes penintsulan, Reykjaviketik 40 kilometro mendebaldera.
Islandiako Meteorologia Bulegoak asteazken honetan iragarri du sumendi bat erupzioan hasi dela Islandiako Reykjanes penintsulan, Reykjaviketik 40 kilometro mendebaldera.
Meteorologia Bulegoak ohar labur batean jakinarazi du posible dela «gasen emisioengatik kutsadura antzematea».
RUV Islandiako telebista kate publikoak argitaratu dituen zuzeneko irudietan, suteak ikusi daitezke Meradalur haraneko lurretan, Fagradalsfjall sumendiaren atzean. Hedabide honen arabera, erupzioa «intentsitate txikikoa» da eta litekeena da magma zutabeek 50 metroko altuera ez gainditzea.
Agintariek zientzialari talde bat helikopteroan bidali dute sumendiaren zonaldea aztertzeko, eta, bitartean, herritarrei bertara ez hurbiltzeko eskatu diete.
Esnatu den sumendia iaz ere erupzioan sartu zen sei hilabetez. Orduan ez zuen kalte esanguratsurik eragin eta fenomeno turistiko bihurtu zen.