INFO

Leitzan egindako proba ongi joan da eta Altunak jokatu egingo du Gasteizko Torneoa

Ordu erdiz aritu da Jon Apezetxearekin, Txema Urrutia sendagilea gainean zuela, eta ez du minik sentitu. Beñat Rezustarekin osatuko du bikote biharko finalerdian Ezkurdia eta Zabaletaren aurka jokatzeko.

Jokin Altunak ordu erdiko proba bat egin du gaur goizean Leitzan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Jokin Altunak Gasteizko Andra Mari Zuriaren Torneoko finalerdia jokatu egingo du bihar. Aurrelari amezketarrak azken proba bat egin du gaur goizean Leitzan eta bere lesioa erabat gaindituta dagoela adierazi du komunikabideei igorritako mezu batean.

«Bihar jokatzeko prest nago, minik gabe behintzat. Txemak (Urrutia, sendagilea) berotu nau hamar bat minutuz, gero kremak eman eta ordu erdiz aritu naiz Jon Apezetxearekin. Beraz, biharko prest», izan dira Altuna III.aren hitzak gaurko probaren ostean.

Gogoratu behar da Jokin Altunak uztailaren 29an hartu zuela min Getarian jokatutako Masterseko partidan. Neurketa gogorra izan zen, 22-20 galdu zuena Imazekin Ezkurdia-Mariezkurrena II.aren kontra, baina dema amaitu egin zuen arren, bertan jasotako kolpe baten erruz geldirik egon da igande honetara arte.

Aspek jakinarazi zuenez, Altunak «kolpe handi bat» hartu zuen «ezker sorbaldako deltoidean», eta ezkerreko besoa ia altxa ezinik ibili zen hasieran. Apurka-apurka bere osasun egoerak hobera egin du –ostiralean egin zioten erresonantzian ikusi zen lesio larririk ez zuela–, eta Gasteizen jokatzeko moduan da.

Altunak Beñat Rezustarekin osatuko du bihar bikote Ezkurdia eta Zabaletaren aurka jokatzeko. Gaur-gaurkoz Aspek ipini dezakeen partidarik onena da, bere koadroko lau pilotari onenak bilduz. Jaialdia 17.00etan hasiko da eta hiru partidaz osatuta egongo da.

Gainera, ostiral gauean lehen finalerdia Laso-Imazek irabazi zutenez, baliteke datorren astearteko finalean udako lehen Laso/Altuna lehia ikusteko aukera izatea. Oraingoz ezin izan da bi izar nagusien arteko demarik ikusi: lehenik Jokin Altunak geratu behar izan zuen ezker eskuko arazoak sendatzeko, gero nafarra lesionatu zen sanferminetako lau eta erdiko finalean eta orain amezketarra ibili da berriz ere min hartuta.