INFO

Ura «negozio pribatu» bihurtu duela leporatu dio EH Bilduk EAJri Busturialdean

Bermeoko EH Bilduk asteazken honetan salatu du EAJk uraren zerbitzua «negozio» bihurtu eta diru publikoa «enpresa pribatuen esku» utzi duela.

Ur emaria iturri batetik. (Jon URBE | FOKU)

Busturialdeko ur eskaintza astintzen ari duen lehortearen testuinguruan, Bermeoko EH Bilduk, uraren eskaintza «negozio» bihurtu duela leporatu dio EAJri: «Busturialdea Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoan (BBUP) sartzean urarekin enpresa pribatuek (Iberdrola, Acciona edo Aqualia…) negozioa egiten dute eta diru publikoaren %60 baino gehiago eskuratzen dute. Integrazio honekin, EAJk herritarron 179.336.940 eurotako ondasunak enpresa pribatuen eskuetan utzi ditu».

Izan ere, 2011 eta 2015 bitartean, EH Bilduko Iratxe Arriola Busturialdeko Ur Patzuergoko (BUP) presidentea izan zen. Urte horiei erreferentzia eginez, alderdiak adierazi du busturiarrek bertoko ura kontsumitzen zutela, kanpotik ekarri beharrean: «Busturialdeko Ur Partzuergoagaz, Busturialdean egoten zan ura edaten genuen».

Alabaina, 2015ean BUPa EAJren esku gelditu zen berriz, Iñaki Gorroñoren gidaritzapean, eta 2022ko urtarrilaren 1ean BUPa Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoan integratu zen, ur zerbitzuaren kudeaketa zentralizatuz. «Orain, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekin, Gasteiztik, Zadorratik ponpatuko dute. Ur horrek kostu bat dauka: azpiegitura, mantenua eta energiaren kostua. Nork ordainduko du hori? Herritarrek beren fakturetan, fakturak ehuneko handi batean garestituz», ohartarazi du EH Bilduk.

Ildo beretik, koalizio abertzaleak irmoki salatu du BBUPk ur edangarria Bermeora tangaontziz eramateko hartu duen erabakia: «Barku kimiko batean ur edangarria ekarriko dute, horrek suposatzen duen kostu ekonomiko handiarekin, 1,8miloi. Eta, 2026 urterako, Zadorratik ura ekartzeko tuberia bat egingo dabe, 16 miloi gastatuz».

Hori horrela, EH Bilduk ur defizitaren arazoa «aspalditik» datorrela azpimarratu du, eta uraren kudeaketa eredu publiko bat aldarrikatu du, «herritarrek interes orokorreko zerbitzu gisa dituzten eskubideak errespetatuko dituena».

Ur defizitari aurre egiteko proposamenak

Bermeoko EH Bilduk hainbat proposamen plazaratu ditu ur defizitari aurre egiteko. Lehenengoa, Oizeko hodia berriztea izango litzateke. Tuberia izorratuta dago eta ur emariaren %40 inguru galtzen du. EH Bilduk gogorarazi duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak tutu hau eraberritzeko proiektu bat du 2011tik, baina «EAJk ez du egin. Aitzakiak aitzaki, ez da tuberia berriztu».

Bestetik, Gernikako La Vega poligono industrialeko ur putzua erabili beharko litzatekela adierazi du koalizioak: «Ur hori kutsatuta dago, bere garaian EAJren politikei esker metal astunez kutsatu zen. Ur hori edateko ez diren beste erabilera batzuetarako erabili daiteke dagozkion tratamenduak eginez».

Bukatzeko, Busturialdeko turismo eredua birplanteatzea, ekoberrikuntzarako neurriak martxan jartzea eta bai ingurumen hezkuntza, bai biosferako jasangarritasun laborategia indartzeko eskatu du EH Bilduk.