INFO

Berangoko hiru bizilagun Auzitegi Nazionalera eraman ditu Voxek, ekitaldi baten harira

Vox eta beste talde ultraeskuindar batzuen ekimenez, Berangoko hiru lagun Auzitegi Nazionalean izan dira astelehen honetan, «terrorismoa goratzeko» akusazio bati aurre egiteko. Ibai Aginaga presoa kalera atera osteko ekitaldi batean oinarritzen da inputazioa.

Entzutegi Nazionaleko sarrera.

Berangoko hiru lagunek Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izan dute astelehen honetan, Vox alderdiak, Fundacion Villacisneros delakoak eta Dignidad y Justicia taldeak jarritako salaketa baten ondorioz. Ibai Aginaga preso ohiari ongi etorria egitea leporatzen diete eragile ultraeskuindar hauek. Akusazioak ukatu egin dituzte salatutakoek.

Martxoan atera zen kalera Ibai Aginaga, espetxean 18 urte eta erdiko zigorra amaituta.

Kandaru Kultur Elkarteko kideak dira salatutakoak. Honek ohar baten bidez salatu duenez, elkartea «2018. urtean sortu zen, gure inguruko kultura indartzea eta honen garapen hobeago baten alde lan egiteko». Helburuen artean «euskal preso politikoen esparruan eta euren senideekin lan egiten duten elkarte edo erakundeekin lankidetzan aritzea» dago. Gauzak honela, martxoaren 13an «Berangoko frontoian ekitaldia egin zuen Kandaru Kultur Elkarteak, frontoia guztiz betez», aipatu du.

‘El Correo’k horren kontrako «kriminalizazio kanpaina» bultzatu zuela salatzen du oharrean. «Ondoren, Berangoko Udaletxearen zigorra heldu zen: hiru hileko bina debeku udal guneak erabiltzeko, gehi 500 eurotako bina isun pankartak frontoiko hormetan itsasteagatik eta frontoiaren ‘erabilera desegokiagatik’. Bi kasuetan helegiteak jarri dituzte eta, jakinarazi dutenez, «oraindik erantzunik gabe jarraitzen dugu».

Honen ostean heldu ziren Auzitegi Nazionalaren aurreko salaketak, eta hauek eragin dute gaurko itaunketa. «Kandarutik berresten dugu gure herri lanarekin jarraituko dugula, aurretik aipatutako helburuak elkarlanean eramanez, herria eraikitzen eta Euskal Herri libre baterako bidea eginez», erantsi dute.