INFO

Ukrainako 769 adingabek eskatu dute EAEn ikastea, eta 32k jaso dute eskolaz kanpoko laguntza

2020an Aukera Suspertzen programa martxan jarri zen, covid-19ak eragindako desberdintasunak lausotzeko asmoz. Horri segida emanez, Ukrainako adingabeei laguntza eskaintzeko atal bat sortu zuen Lakuak duela hilabete batzuk.

Ukrainako haurrak, martxoan Oñatiko harrera zentroan eginiko agerraldian. (Raul BOGAJO | FOKU)

Ukrainako 769 haur eta nerabek matrikulazioa eskatu dute EAEko ikastetxeetan. Bestalde, horietatik 62k eskatu dute Aukerak Suspertzen Ukraina programa komunitarioak eskaintzen duen eskolaz kanpoko laguntza, eta 32k soilik lortu dute onartuak izatea.

Lurraldeka banatuz, 360 izan dira guztira Gipuzkoan eskatu dutenak matrikulazioa, 271 Bizkaian eta 138 Araban.

Aukera Suspertzen deituriko programa 2020an jarri zen martxan, covid-19aren pandemiak eragindako arrisku, bazterketa edo pobrezia egoerei erantzuteko asmoz. Geroztik, 2.123 adingabek jaso dute laguntza zerbitzu horretatik.

Familien eta Haurren Zuzendaritzak sustatu zuen zerbitzu hori, eta Agintzari gizarte-ekimeneko kooperatibak kudeatzen du. Haren helburua da eten digitala murriztea eta gizartean desabantailan dauden neska-mutilen eta haien familien gaitasunak indartzea.

Jatorrizko ereduaren ildotik, hogei bat gizarte-erakundek parte hartzen dute Aukerak Suspertzen Ukraina programaren garapenean, ekainaren amaieratik. Ekimenak eskolaz kanpoko hezkuntza-errefortzua eskaintzen die, presentziazkoa nahiz birtuala, Ukrainako gerraren ondorioz lekualdatutako lehen edo bigarren hezkuntzako adingabeei.

Aukerak Suspertzen Ukraina tokiko sare komunitarioa aktibatuz ematen den zerbitzua da, jatorrizko programa bezala, eta Hirugarren Sektoreko erakundeek, Ukrainatik datozen adingabeei udan harrera egiten dieten elkarteek, esku-hartze sozialaren esparruko profesionalek eta boluntarioek erantzuna ematen diete eskola-lanak egitean, ikasketa-teknikak ikastean edo gaitasun digitalak garatzean sor daitezkeen beharrei.

Programan, halaber, haurren, nerabeen eta haien familien hizkuntza-gaitasunak garatzen dira, euskal hezkuntza-sistemara errazago egokitzeko, eta zerbitzua erabiltzen duten pertsonek gailu elektronikoak eta konektibitate-txartelak erabil ditzakete helburu horrekin.

Isuri Funtsa

Aukerak Suspertzen Ukraina programa Isuri Funtsaren zati bat da, Lakuako Gobernuak abian jarri duen premiazko neurrien multzoa, Ukrainaren inbasioaren ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko.

Apirilean, Gobernuak neurri osagarriak gehitu zizkien Errusiako gatazka hasi eta hurrengo egunetan abian jarri ziren berehalako neurriei. Horiek biztanleriako sektore ahulenen beharrei erantzuteko abiarazi ziren, lehendik zeuden programak berraktibatuz edo indartuz.

Erreskate sozialeko funts horrek 15,1 milioi euro ditu guztira, eta Aukerak Suspertzen eredua handitzea barne hartzen du. Eredu horrek 300.000 euroko aurrekontua du, Ukrainatik datozen adingabeen integrazio akademikoa errazteko.

Programak martxan jarraituko du ikasturtean zehar, eskaria handitzea aurreikusten denean.