INFO

Kanbo eta Donibane Garazi arteko tren zerbitzua eten egin dute lur hondoratze baten ondorioz

Asteburuan gertatu zen luizi baten ondorioz, Kanbo eta Donibane Garazi arteko tren zerbitzua eten egin zuten. SNCFko iturriek gaur azaldu dutenez «astea amaitu aitzin jakinen dugu zehaztasun gehiagorekin konponketa lanen iraupena».

Kanbo eta Donibane Garazi arteko tren zerbitzuan etenaldi anitz izan dira azken urtetan. (@transportail)

Iragan igandeaz geroztik tren zerbitzurik ez dago Kanbo eta Donibane Garazi artean. Lapurdi eta Nafarroa Behereko hiriburuak lotzen dituen TER sareko 54. linean sortu zen eragozpena, bezperan lur hondoratzea gertatu ondoren.

SNCF tren konpainiako komunikazio bulegotik gaur NAIZi azaldu diotenez, «teknikariak arazoa konpontzeko lanean dira eta astea amaitu aitzin zehaztasun gehiagorekin jakin behar genuke zeintzu diren egin beharreko lanak eta zenbat luzatuko diren konponketa horiek». Zerbitzua noiz berrabiarazi daitekeen ez dute oraingoz zehaztu aipaturiko iturriek.

Erran bezala, luiziak eragin zuen, joan zen igandean, tren zerbitzua bertan behera uztea. Hastapenean Baiona eta Donibane Garazi arteko zirkulazioa eten egin zuten baina ordu batzuk igarota Lapurdiko hiriburua eta Kanbo arteko tren zerbitzua berriz jarri zuten martxan.

Kanbo eta Donibane Garazi arteko bidaia egin behar duten erabiltzaileei, ordea, joan-etorriak bermatzearren autobusak jarri ditu SCNFk tren zerbitzua berrabiarazi bitartean.

2021ko abenduan izan ziren uholdeek eragin zuten barnealdea eta kosta arteko lotura bermatzen duen tren zerbitzua bost hilabetez bertan behera uztea. Hain zuzen, uda atarian, ekainean berrabiazi zuten oraingoan bertan behera utzi behar izan duten zerbitzua.

Erabiltzaileen eta tren langileen kexak

Azken urteotan arazo anitz izan dira Baiona eta Donibane Garazi arteko tren zerbitzuan. 2015eko azaroan berriz ere errailetan eman zuten tren lerroa. Alta, burdinbidean egin beharreko lanen ondorioz SNCFk hiru hilabetez eten zuen zerbitzua 2017an. 2018an, berriz, euriteek tren zerbitzua bertan behera uztera eraman zuten.

Erabiltzaileen kexak aintzat harturik, urte luzez sindikatuek eman zuten borrokaren ostean, 2019ko abenduaz geroztik Baiona eta Donibane Garazi arteko tren ibilbideak maiztasun gehiago hartu zuen, lanera edo ikastera joateko zerbitzua baliatzen duten herritarren beharretara egokitzearren.

Geroztik bost itzuli daude Donibane Garazi eta Kanbo artean, astelehenetik ostiralera, eta lau asteburuetan. Baiona eta Kanbo arteko norabiderako, zortzi itzuli astean eta beste lau asteburuetan.

Auto partikularraren erabilpena mugatzeko ezinbestekotzat jotzen du Euskal Elkargoak Lapurdi eta Nafarroa Behere artean eguneroko tren zerbitzua bermatzea.

Ipar Euskal Herriko erakundearekin batera Akitania Berriako Eskualdeak diruztatu zuten, hain zuzen ere, trenaren maiztasuna hobetzea ahalbideratu zuten lanak.