INFO

Pronostikoak bete eta Aste Nagusiko Torneoko finalean dira Laso eta Mariezkurrena II.a (22-13)

Aurretik 1-5 hasi dira Urrutikoetxea eta Albisu eta lanak eman dituzte lehenengo erdian, baina behin hamarna berdindu ostean, Ataungo atzelariak beherantz egin du eta hori baliatu dute gorriek Baiko enpresaren hautagaiak izateko Bilboko finalean.

Mariezkurrena II.a Albisu baina indartsuago agertu da atzealdean. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Pronostikoak bete dituzte Lasok eta Mariezkurrena II.ak eta Bilboko Aste Nagusiko Torneoko aurreneko finalerdia, Baikoren adarrari dagokiona, beraientzat izan da. Azken markagailuak dioena baino gehiago sufritu behar izan dute nafar biek, 1-5 atzetik ere izan baitira partidaren aurreneko tantoetan. Hala ere, berehala hartu dute aurrea eta partida aurreneko atsedenaldira berdinduta iritsi bada ere, handik aurrera gorriek nahiko erraz atera dute aurrera. Albisuri lana pilatu zaio –azkenean zazpi pilota eta sake bat laga ditu altxa gabe– eta Ataungo atzelariak beherantz egin ahala, Lasok egin ditu partidarekikoak.

Hori bai, esan bezala, hasiera batean urdinak freskoago kantxaratu dira eta ideak argi dituztela. Hala, 1-5 aurretik jarri dira aitaren batean. Sakea bereganatu, pilota aldatu eta berehala izan dira kapaz gorriak finalerdi honi buelta emateko. 7-0etako partziala lortu dute Lasok eta Mariezkurrena II.ak eta 8-5 jarri sdira aurretik akordatzerako. Urdinek ez dute etsi, baina ez dira partidan berriz aurretik jartzeko kapaz izan.

Berdintzeko bai, ordea, 10-7tik 10na berdintzera pasa baitira Urrutikoetxea eta Albisu. Hala ere, gorriek berriz ere sakea eta ekimena hartu dituzte eta Aste Nagusiko Torneo honetako aurreneko finalerdia hausteko bidean jarri dira. 12-10 iritsi dira lehenengo atsedenaldira, baina ordurako Albisu onenak emanda egotearen trazak azaltzen hasi ote den.

Hala izan zein ez, 10natik 16-10 aurretik jartzera pasa dira bi pilotari nafarrak. Oraindik ere tanto pare bat egiteko kapaz izan dira Zaratamoko aurrelaria eta Albisu, baina behin urdinek 17-13koa lortu ostean, gorriek azeleragailua zapaldu dute eta akabo. Atsedenal atseden, zuzenean joan dira 22-13koa ezarri duten arte.

Bada Lasok eta Mariezkurrena II.ak ordezkatuko dute Baiko enpresa zapatuan jokatuko den Bilboko Aste Nagusiko Torneoko finalean. Hortarako, ordea, Aspe enpresatik aurkaria zein  bikote izango ote den jakin beharko dute. Ostegun honetan jakingo dute nafarrek zeinen aurka jokatu beharko duten: Ezkurdia –Altuna III.aren ordez aurreko koadroetan ariko dena– eta Martija alde batetik, Elezkano II.a eta Zabaleta bestetik.

Hala, esan behar Ezkurdia eta Zabaleta ostegunean ere elkarren aurka ariko direla. Izan ere, asteazken hontan, Elgoibarko San Bartolome jaieei loturiko pilota programan aritu baitira. Ezkurdiak eta Rezustak 22-14 irabazi diete Irribarria –Altunaren ordezkoa Elgoibarren– eta Zabaletari.

LASO-MARIEZKURRENA II 22 - URRIKOETXEA-ALBISU 13

Pilotakadak: 370.

Iraupena: 55:00 minutu.

Sakez: 1 Lasok eta 0 Urrutikoetxeak.

Tantoak: 9 Lasok, 2 Mariezkurrena II.ak; 5 Urritukoetxeak, 1 Albisuk.

Galdutakoak: 4 Lasok, 3 Mariezkurrena II.ak; 3 Urritukoetxeak, 7 Albisuk.

Markagailua: 0-1, 0-3, 1-3, 1-5, 2-5, 8-5, 8-6, 9-7, 10-7, 10-10, 12-10; 16-10, 16-12, 17-13, 18-13; 19-13, 22-13.

Gorabeherak: Aste Nagusia 2022 Torneoko aurreneko finalerdia Bilboko Bizkaia frontoian. Sarrera ona harmailetan.