INFO

Anexa dantza garaikidearen konpainia: bide urratzaile, ondorengoen aitzindari

Anexa dantza konpainia 1969. urtean sortu zen Donostian, eta Estatu espainolean dantza garaikidearen aitzindaria izan zela inork ez du eztabaidatzen. Taldea desagertu zenetik ia 50 urtera, Julio Duran dantzariak ibilbide emankor haren dokumentuak eman dizkio dohaintzan Eresbili.

Iñaki Landa, Anexako kide izana. Andoni CANELLADA | FOKU

Aitzindaria izan zen Donostiako Anexa dantza taldea, inoiz lehenago konpainia batek Estatu espainiarrean esploratu ez zituen bideak arakatu zituelako. 1969. urtea zen, eta dantza garaikidea zer zen ere deskubritzeko zegoen. Definitzeko. Dena egiteko zegoen.

Hasieran akademia kutsua zuen proiektuak berehala hartu zuen konpainia baten forma. Lehen urratsak Donostiako Trueba kaleko lokal batean egin zituzten; han entseatzen zuten dantzariek nork bere lana amaitzen zuenean. Profesionalak ziren, denek zuten formakuntza, baina kideetako inor ez zen dantzari esker bizi. Dantzak, ordea, beste zerbait ematen zien are inportanteagoa: pasioa zen, bizitza zen.

Ibilbidea nahiko laburra izan bazen ere, hiru urte pasatxo baino ez, oso-oso emankorra izan zen, eta garai haiek publiko bezala bizitzeko aukera izan zutenetako askok ziur gogoratuko duela ikusitako emanaldiren bat. Inportantea da testuingurua zein zen oroitzea: oraindik Franco bizirik zegoen, eta giroa pil-pilean zegoen. Errepresioa, zentsura… eta nolabait halako proiektuek arnasguneak sortu zituzten; ikusleriak zerbait «ezberdina», abangoardia zena, kontsumitzeko zuen beharra asetzen zuen.

Konpainia hura osatu zutenetako batzuk, gerora, gaur egun Euskal Herrian ditugun punta-puntako dantzarien irakasleak izan ziren, Anexa desagertu arren kideek ez zutelako sekula dantza utzi, eta askok beren eskolak eta akademiak sortu zituzten. Hala nola Julio Duran, Iñaki Landa, Menchu Medel, Jose Lainez, Concha Martinez…

Ondarea gorde eta babestu

Anexa desagertu zenetik 50 urte igaro diren honetan, konpainia gaurkotasunera itzuli da memoria ariketa zirraragarri bat planteatuz. Julio Duran kide izandakoak urte haietan mimo handiaz gorde eta sailkatu zuen material izugarria: estreinaldien afixak, jantziak, karteldegia, argazkiak, prentsan argitaratutako albisteak… orain, hori guztia Eresbil musikaren artxiboari dohaintzan eman dio honek babestu, gorde eta partekatu dezan. Urte batzuetako dokumentazio eta artxibo lanaren ostean, dena sailkatuta eta katalogatuta dago, eta nahi duenaren eskura dago Errenteriako egoitzan, baita Eresbileko webgunean Anexari eskaini zaion atarian bertan ere.

Dokumentazio lanetan aritu da buru-belarri Eresbiletik Jaione Landaberea. Kontatu duenez, lehen urratsak 2017 eta 2018an egin ziren. Orduan, dantzaren sorkuntza eta formakuntza sustatzen duen Dantzaguneak Duranengana jo zuen, jakitun artxibo pertsonal izugarri aberatsa zuela. Helburua ondare hori guztia balioan jartzea zen, lekukotza gisa, «gure dantzaren historia idatzi, osatu ahal izateko», dio Dantzagunetik Sofia Alforjak.

Etengabe egiten duten elkarlanari esker jo zuen Dantzaguneak Eresbilengana. «Oso inportantea da dugun sarea, eta elkarrekin lan egitea. Materiala artxibatu eta dokumentatu ahal izateko ezinbestekoa izan da», erantsi du.

Denek Julio Duranen eskuzabaltasuna eskertu eta aipatu nahi izan dute, orain denona den ondarea berea izan delako, eta baduelako asko balore emozionaletik. «Ziur ez dela erraza izan hori guztia nolabait askatzea, hor badagoelako asko bere bizitzatik», dio Landabereak.

Proiektuaren koordinatzaile teknikoak berak kontatu duenez, harrituta gelditu zen materiala Eresbileko egoitzarazein ordenatua eta ondo jasoa eta aurkeztua heldu zen ikustean. «Juliok eman diguna artxibo bat izan da; izugarrizko mimoarekin gordetako memoria da duguna. Funtzio bakoitza du eskuz dokumentatuta, eta normalean funtsak ez dira horrela iristen. Lehen zeregina materiala ordenatzea izaten da; eta honekin, aldiz, ez zen beharrezkoa izan».

Hiru urte horietako Anexaren ibilbidea funtzioz funtzio dago sailkatuta, baita argazkien bidez ere. «Horri esker ikus daiteke zein den funtsaren edukia eta mamia, eta horri esker ere egin ahal izan dugu sailkapen kontzeptualago bat; adibidez, koreografien arabera egin ditugu fitxak, eta lotu ahal izan ditugu funtzioekin eta berau osatu zuten materialekin».

Ines Alcorta, Julio Duran eta Ana Moreno dantzariak, «Aker» obraren emanaldi batean. Juan Angel ARRIETA

Julio Duranen funtsa

Konpainiaren sorreratik Anexako dantzaria izan zen Julio Duran, eta konpainiak 1969. eta 1974. urteen artean estreinatutako 25 koreografietatik 17ren estreinalditan aritu zen. Hain zuzen, aro horretakoa da Duranek jasotako material gehiena, 1998 arteko dokumentuak badituen arren.

Duranek dohaintzan eman ditu lau koaderno uztaidun, hamar album, lau programa karpetatxo, 37 argazki, 60 gutun azal negatiboekin, 35 karpeta kartelekin, zazpi dokumentu txiki, 15 inprimatze xafla, hiru jantzi eta Super 8 film bobina bat.

Eresbilek bildutako materialaren balioa goraipatzen du, eta zera azpimarratzen du: Estatu espainiarreko eta Gipuzkoako dantzaren XX. mendeko historiaren aro garrantzitsu baten erakusgarria da. Duten balio historikotik harago, ordea, jasotako zenbait objektu «artelantzat» jo litezke bere horretan, besteak beste, Jose Lainezek eskuz egindako kartelak, eskuorriak eta koreografiak azaltzeko zirriborroak. «Eta bereziki adierazgarriak dira Juan Angel Arrieta argazkilariak saioz saio egindako argazkiak».

Bizitza osoa dantzari eskainia, Duranek kide izan zuen Iñaki Landarekin batera gerora dantza akademia bat ireki zuen, eta erretiroa hartu zuten arte aritu ziren irakasten, transmisioaren soka elikatzen.

Anexaren hazia eta fruituak

Konpainiaren hazia Jose Lainez (Donostia, 1941) eta Concha Martinez (Donostia, 1943) dantzariek erein zuten. Hogei eta hemezortzi urterekin Amsterdamera joan ziren, eta bost urtez aritu ziren bertan profesionalki dantzan, Het Nationale Ballet-en. Etapa hartan nazioarteko antzoki ospetsuenetan aritu ziren bi dantzariak. Paris, Kolonia, Rotterdam, Buenos Aires, Lima, Madril eta Bartzelona, Brusela, Amsterdam… Handik bueltan, Herbehereetan puri-purian zegoen dantza esperimentala jaioterrian bultzatu eta sustatzea pentsatu zuten. Horren ondorioa izan zen Anexa.

Bidelagunak behar zituzten proiektua martxan jartzeko, eta horietako bat izan zen Iñaki Landa. Bizitako garai berezi haren memoria ireki nahi izan du GAUR8rentzat, eta gurekin konpartitu ditu une errepikaezinak. Zenbait hamarkada igaro diren arren, bizi-bizi ditu anekdotak, pasadizoak, elkarrizketak…

«Anexak egitura osoa zuen konpainia gisa funtzionatu ahal izateko, eta sinestezina da bere obra propioak ekoitzi eta sortzeko gai zela xentimorik izan gabe», oroitzen du Landak. Horregatik, bere hitzetan, Anexarena «pasio baten istorioa da». Dantzagatik sentitzen zuten maitasun itsuak eraman zituen Lainez eta Martinezen proposamenari baiezkoa ematera.

«Herbehereetatik itzuli zirenean ezagutu ahal izan genituen gerora Anexaren bueltan batu ginen dantzariek. Gehienak Kontserbatorioko ikasleak ginen, eta dantza eta musika ikasketak eta formakuntza genituen. Hogei urte pasatxo genituen, eta denek gure lanak genituen, zela bulegoan, zela fabrikan… Sedukzioaren zeremonia izan zen Conchak eta Josek gurekin egin zutena. Ideia bat, asmo bat, amets bat transmititu ziguten, eta guk besoak zabalik jaso genuen».

1969. urtea zen, lehenengo obraren estreinaldia baino urtebete lehenago. «Jar gaitezen testuinguruan. Diktadura batean bizi ginen, eta emakume eta gizon talde bat ginen garaikidea dantzatzen. Gaur egun ‘arraroa’ bada, pentsa orduan!», dio. Edozein kasutan, debekuaren zama hori ez zen traba izan Gipuzkoan zein Euskal Herrian beste estiloetako dantza taldeak sortzeko. «Talde dexente ginen hau eta hura dantzatzen, eta zentzu batean dantzaren bidez ekintza politikoa egiten genuen, inplizituki eta modu agerikoan ez bazen ere», uste du Landak.

Zentsurari ere hainbatetan iskin egin behar izan zioten, eta oso ondo oroitzen ditu kontrolak. «Zentsura estreinaldiaren aurreko entsegura etortzen zen, eta abisua jasotzen genuen. Saio horietan gauzak lausotu egiten genituen, debekuak gainditzeko. Adibidez, galtza ipurditik sartuta bazen, belaunetaraino janzten genuen. Eskoteak tul oihalekin estaltzen genituen… Zentsuratzaileak, gainera, oro har ez ziren gai izaten koreografien irakurketa zehatzak egiteko, zeren dantzak ez du esaten, iradoki baizik. Ondo genekien nola egin mugimenduak zentsura gainditu eta estreinatu ahal izateko».

Hala ere, Anexak estreinatu gabeko obrak utzi zituen prest: “Las ratas blancas”, “Gopak” eta “El zapato y el pie”.

Drogak eta homosexualitatea bezalako gai ausartak jorratu zituzten oholtza gainean. Koreografia ia gehienak Lainezenak izan ziren; gizon «argia, trebea eta eskuzabala» gisa oroitzen du Landak. Entseguak, ordea, Martinezen zuzendaritzapean garatzen ziren. «Klaseak hasi bezain pronto konturatu ginen han jasotzen genuena ezberdina zela. Beste maila bateko formakuntza da eman zigutena. Deskubrimendu handia izan ziren guretzat», oroitzen du.

Maria Jesus Marin eta Julio Duran dantzariak «Las ratas blancas» obraren entsegu batean. Juan Angel ARRIETA

Lorpen pertsonala eta taldekoa

Egunez nork bere lantokian lan egin eta arratsaldeak entseguetan ematen zituzten. Ia profesionalak ziren. Victoria Eugenia antzokian, Donostiako Orfeoiarekin batera egindako jaialdi batean izan zen estreinaldia. 1970. urteko ekainaren 14a zen. “Anexa”, “Metaphoras”, “Triptico” eta “Vision tras un ojo de cristal opaco” eskaini zituzten.

Aretoak bete egiten zituzten, eta arrakastak arrakasta, Landak dio unean ez zirela kontziente «apurtzailea» zen ezer egiten ari zirenik. «Orduan ez ginen konturatu, baina gerora ikusi genuen bai pertsonalki bai talde moduan egin genuen lorpenik handiena izan zela Anexaren parte izatea».

Estatuan gainontzeko dantza konpainia garaikideak denbora bat gerora sortu ziren, 70eko hamarkadaren hasieran, Anexaren sorreratik bizpahiru urtera. Hala ere, panorama artistikoan bazeuden mugimenduak, «beharra eta egarria zeudelako» oholtzaren beste aldean. «Sarrerak agortu egiten ziren, eta edukierak betetzen ziren, gaur egun ez bezala!», dio Sofia Alforjak.

Une hartan Katalunian Els Joglars zegoen, eta Sevillan Salvador Tavorak sortutako “Quejio” (1972) obra ari zen zimenduak puskatzen. Haien maila berean kokatzen zen Anexa. «Une hartan kritikari entzutetsuena zen Jose Monleon; ‘Primer acto’ aldizkarian idazten zuen. Berak aipatu zuen Anexa dantza garaikidean lehen konpainia bezala, alegia, ez da guk geure buruari jarri genion etiketa bat. Kanpotik iritsi zitzaigun, eta guk asumitu egin genuen, hala zelako», dio Landak.

Kritiken bidez ere egurra jaso zutela oroitzen du dantzariak. «Obretako batean komun batekin ateratzen ginen oholtzara, kaka egitera moduan. Gaur egun ere zentsuragarria litzateke. Are gehiago, egun ez litzateke egingo –uste du–. Probokazioa zen, baina lan fin batez lagunduta. Ikusle batzuek onartzen zuten eta beste batzuek ez».

Hitzik gabe elkar ulertu

Jose eta Concha «tandem perfektua, berezia» zirela dio Landak, miresmenez. Harago ikusteko gaitasuna zuten goi mailako obrak diseinatu eta ekoizteko. Konpainian denetarik lantzen zutela oroitzen du dantzariak: klasikoa, garaikidea, inprobisazioa, kantua, antzerkia… «Bakoitzak ezagutza batzuk zituen, eta nork beretik aportatzen zion istorioari, lanketa prozesuari. Josek ideiagintza magikoa zuen, eta bazekien nola garatu nahi zuen lan bakoitza. Eta gu… gu bere puzzlea osatzeko piezak ginen, bazekien gu nola maneiatu, nola atera bakoitzaren onena…».

Kimika zegoen kideen artean, eta horrek «ia hitz egin gabe» elkar ulertzea posible egiten zuen. «Josek askotan ez zigun gehiegi esplikatzen zer nahi zuen kontatu, gero ñabartzen zituen pertsonaiak. Baina beti iradokitzen. Dantzak ez baitu esplizituko esaten, ulertzera eman baizik».

«Bertute bat zuen Josek –dio Landak–: ez zitzaizkion hainbeste inporta dantzari bakoitzaren teknika, eta haren ezaugarriak, baizik eta jarrera. Horregatik, teknika ez zuenari ez zion inoiz paper tekniko bat ematen agertokian gero deseroso sentitu ez zedin. Bakoitzaren gaitasunak eta indarguneak lantzen zituen, bakoitzak bere onena eman genezan, distira egin genezan. Conchak zuzentzen gintuen entseguetan».

Anexak bide baten lehen urratsak egin zituen. 70eko hamarkada zen. Ordea, hurrengo dantzarien belaunaldia ez zen jarraian loratu. Sonia Alforjak kontatzen duenez, Gipuzkoan dantzari, koreografo eta sortzaileak 80ko hamarkadaren erditik aurrera hasi ziren ernaltzen. «Hamabost bat urteko basamortua dago tartean. Baina esanguratsua da gauza bat: gaur egun puntakoak diren gure dantzariek, hala nola Igor Kalonje, Asier Zabaleta, Jone San Martin eta Iratxe Ansa, batzuk aipatzearren, Anexaren parte izan ziren dantzarien eskutik jaso dute formakuntza. Menchu Medelen, Iñaki Landaren beraren edo Julio Duranen akademietan».

Utzikeriak eragindako amaiera

Ibilbide oparoa baina zoritxarrez laburra izan zen Anexarena. Talentu handia zegoen, eta ideia apurtzaileak, begirada ezberdin bat eskaintzen zituen. Publikoa eta kritika alboan zituen. Orduan, zerk eragin zuen haren amaiera? «Uste dut hemengo estamentu guztien erabateko utzikeriagatik izan zela», iritzi dio Landak.

Amaieraren hasiera gogoratzen du. “Aker” obra eskaini zen Donostian, Nazioarteko Sorginkeria Kongresuaren baitan. Rafael Balerdik diseinatu zuen kartela, musika collage bat zen eta koreografia Jose Lainezena. Aldi hartan gerora klabea izan zen pertsona bat agertu zen, Pau Garsaball, Bartzelonako Capsa antzokiaren zuzendaria zena. «Bartzelonan zegoen penintsulan egiten zen abangoardia, eta ‘Aker’ han eskaintzeko kontratatu gintuen astebetez. Sekulako arrakasta izan zuen», kontatu du Landak.

Donostiara bueltan, konpainia bezala «kasik» Bartzelonan instalatzeko aukera izan zutela dio. «Etxean ez zegoen jarraitzeko aukera handirik, dena gure baliabideekin egiten genuen, eta jasotzen genuen dirulaguntza 10.000 pezeta ziren urtean, eta horrekin ezin zen hamabi laguneko lan taldea mantendu. Profesionalak ginen, baina azpiegitura, babesa eta laguntza guztia falta zitzaizkigun», tamaldu da.

«Pentsatu nahi dut denboraz kanpo ginela. Hemen, etxean, ez zen horretarako momentua. Edo estamentu batzuek behintzat hala pentsatu zuten. Bartzelonara joateak bazituen bere arriskuak, baina erabaki egin behar zen. Nukleo batek Jose eta Conchari jarraitu zien, eta beste multzo bat Donostian gelditu zen».

Julio Duranen funtsak, eta Iñaki Landarena bezalako testigantza biziak Euskal Herriko dantzaren historia osatzen laguntzen duten ezinbesteko piezak dira. Ondarea, materiala eta immateriala. Argazkiez eta afixez aparte, oroitzapenak eta bizipenak beharrezkoak dira. «Zein inportantea den hau dena jasotzea, baliagarria izango delako historiagile, ikertzaile zein artistentzat. Dantzaren baitan material asko gelditzen da oraindik argitara ateratzeko –uste du Eresbileko Jaione Landabereak–, baina hau oso hasiera ona da».

50 urteren ondoren, Landak asumitzen du gelditzen zaiona «memoria poetikoa» dela, baina horrek gauza bat erakusten du, inportanteena: pasioa zegoela. «Zeren gauza apasionatua ez bada, zure memoriak hiltzen uzten du bizitakoa, eta galdu egiten da. Ahanzturan erortzen da. Ez zen bide erraza izan, gure zailtasunak ere izan genituen, baina haiek ere pasioz bizi izan genituen».