INFO

Euskal artzain txakurra, gainbeheran den antzinako arraza

Euskal artzain txakurra pluralean deklinatu behar da, ez baitago aldaera bakarra, ezberdintasunak eta ezaugarri komunak dituzten bi «mota» baizik. Horrek ez du bertako arraza honen gainbehera eragozten, bere jarraitzaileen atsekabe handirako.

«Iletsu» eta «Gorbeia», bi euskal artzain txakur motak. (MEDIABASK)

Gure baserrietan betidanik egon den txakurra da, artaldea egoki zaindu eta gidatzen duelako. Eta euskaldunok atsegin dugun arraza da, ohituragatik»; Edurne Arluzearen hitzak dira, Euskal Artzain Txakurraren Adiskideak Elkarteko (EATA) lehendakariordearenak, Euskal Herriko txakur arraza bakarra sustatzen duen elkartekoa. Desagertzeko arriskuan ikusten du arraza. 50 kidek osatzen dute elkartea, arraza honetako txakurren jabe sutsuak eta txakur-hazle «arduratsuak», eta bere misioa euskal artzain txakurren kopurua pairatzen ari den gainbeheraz ohartaraztea da.

Dibertsitate genetikoa

Horren arrazoietako bat: modaren eragina, border collie edo artzain txakur australiarra arrazak lehenestera bultzatzen duena. Arluzea euskal arraza honen enbaxadore onenetakoa da, jakintza handia pilatu du, ia dena daki, bereziki hautespen genetikoaz. «Baserri-txakurra da, landatarra, modaren ondorioak pairatu ez dituena, sarritan ekoizpen masiboa eta odolkidetasuna. Euskal artzain txakurra sanoa da, zeren baserritarrek estalketarako lekualdatzeko ohitura zeukaten». Egun, elkarteak arrazaren hazkuntza arduratsua bultzatzen du; alegia, «sena eta dibertsitate genetikoa gordetzea» xede duena.

Arraza landatarra izateaz gain, artzain txakurren lehiaketetarako moldagarria eta bizkorra da, eta publikoak askotan ezagutzen ez duen bereizgarri bat aurkezten du: bi barietate genetiko daudela, «Iletsu» eta «Gorbeia». Lehena, begiak estaltzerainoko ile zuri luzeduna, piriniotar jatorrikoa da, eta gehienbat Nafarroan eta Gipuzkoan aurki dezakegu. «Lehen artzai txakur lehiaketen artxiboko argazkien arabera, gehien zabaldua zegoen tipoa zen», diosku Edurne Arluzeak. Eta beste herrialdeetan, Araban eta Bizkaian, Gorbeia barietatea da nagusi, txakur meheagoa, gaztaina kolorekoa. «Banaketa geografiko hori belaunaldiz belaunaldi familiek transmititu dituzten ohituretatik dator».

Arluzearen eta bere elkarteko kideen ustez, bi tipo hauek ez dira arraza berekoak eta ez dira elkarren artean gurutzatu behar, ezta arraza bakar bat sortzeko xedez ere. «Europar Batasunean 2000. urtean zuzentarau bat bozkatu zen jatorrizko arrazen barietate genetikoaren alde», adierazi digu, «ze egiaztatu zen bariabilitate genetikoa galtzen zela eredu intentsiboagatik».