INFO

Lau gazte gehiago graduatu dira ontzigintza tradizionalean Albaolan

Pasaiko Aprendiztegi Nazioarteko Eskolak lau gazte gehiago prestatu ditu ontzigintza tradizionalean eta, haiei txanda hartuz, irailean nazioarteko ikasle berriak joango dira Albaolara. Hiru urteko prestakuntzan, lanbide tradizionalak ikasteaz gain, itsas ondarea berreskuratzeko lanean lagundu dute.

Graduatu berriek ‘San Juan’ baleontzia bezalako proiektuak eraikitzen lagundu dute. (ALBAOLA)

Aprendiztegi Nazioarteko Eskolak lau gazte berri prestatu ditu ontzigintza tradizionalean eta, haiei txanda hartuz, irailean nazioarteko ikasle berriak joango dira eskolara haien lehen kurtsoa hasteko. Bost ikasle berri hartuko dituzte, hain zuzen, Albaolak argitu duenez.

Euskal Herria maila goreneko ontzigintza arotzen lurraldea izan da. Ia desagertu arte galdu den arren, formakuntza honek egurrezko ontzien eraikuntzaren teknologia, teknikak, tresnak, lehengaiak eta gainerako osagaiak berreskuratzea ahalbidetzen du 2017tik.

Bertako lore izan dira aurten Lea Conteau Vendundik (Estatu frantsesa), Antoine Tuquoi Lapurditik, Vera Witek Austriatik eta Eva Sardà Mallorcatik. Hiru urteko prestakuntzan, lanbide tradizionalak ikasteaz gain, itsas ondarea berreskuratzeko eta zabaltzeko lanean lagundu dute.

Abuztuaren 30ean haien graduazio eguna iritsi da. Ontzigintza tradizionala ikasten hiru urte pasa eta gero, graduazio-diploma jaso dute ikasleek Albaolako langile, gainontzeko aprendiz eta lagunez inguratuta. Atzealdean euren lanaren argazki proiekzio bat zutela hitza hartu dute banan-bana: Lea Conteauk esan du gustoko dituela ontzi tradizionalak, baina «esperientzia berrien bila» ariko dela orain. Bai Conteau eta bai Vera Witek lan bila dabiltza, «formatu ondoren hau guztia praktikan jartzeko». Amaitzeko, Eva Sardàk azpimarratu nahi izan du «Albaolan mutil zein neskek baldintza berdinetan» egiten dutela lan.

Hiru urteko esperientzia-prestakuntzaren eta proiektu ugariren ondoren, beharrezko trebetasun guztiak eskuratu dituzte ontzi tradizionalak eraikitzeko, teknika tradizionalak eta modernoak konbinatuz, baina, batez ere, ontzigintza tradizionalaren lanbidea mantentzeko, hartan jarraituko baitute Albaolatik ateratzerakoan ere.

Ontzi historikoen prestaketa

Aprendiztegin prestakuntza guztiz praktikoa da, ikastunek jakintza ontzi mota ezberdinak eraikiz eskuratzen dute, beren irakasleen ikuskaritzapean. Aprendiztegi Lance Lee Nazioarteko Ontzigintza, Albaolako ontzigintza eskola tradizionalaren izena da eta Estatu Batuetako ontzigintza tradizionalaren irakaskuntzaren aitzindaria izan zen Lancee Leek 1972an sortutako prestakuntza-ereduan du oinarria. Eskola honen bidez Albaolak ontzigile tradizionalaren ogibidearen ezagutza transmititzen die belaunaldi berriei.

Aprendiztegin graduatu berriek eraikitzen lagundu duten ontzietako batzuk dira ‘Juanita Larando’ patatxa, XVIII mendekoa da eta 15 metroko luzera du; ‘Potxua’, ia ehun urteko historia duen batela; ‘Ixil-ixil’ motora, 8 metroko luzera du eta planoak berrogeigarren hamarkadakoa da; waterwag bat, bi ala, bale-txalupa edo ‘San Juan’ baleontzia bera egiten lagundu dute, Unescoren aitortza duen XVI. mendeko erreplika.