INFO

‘Auzoa eraikitzen’ eta txupinazoko akuarela, San Fermin Txikiko kartel lehiaketaren irabazleak

San Fermin Txikiak laster datoz. Hamabost urte baino gehiagoko kartel lehiaketa Ander Arangurenek eta Ekhi Iragik egin duten ‘Auzoa eraikitzen’ obrak irabazi du. Ekhiotz Arbek irabazi du, berriz, 15 urte beherakoen mailan, txupinazoa islatzen duen akuarela batekin.

Ander Aranguren eta Ekhiotz Arbe. (ALDE ZAHARREKO JAI BATZORDEA)

‘Auzoa eraikitzen’, 15 urte baino gehiagoko kategorian, eta txupinazoa islatzen duen izenbururik gabeko kartela, txikien kategorian azkeneko hau, irailaren 23tik 25era ospatuko den San Fermin Txikiko jaiak iragartzeko hautatutako kartelak izan dira. Lehenengoa, Ander Aranguren eta Ekhi Iragiren lana, eta bigarrena, berriz, Ekhiotz Arberena.

Oraingo honetan, bi urtetako nahitaezko geldiunearen ondoren, Alde Zaharreko Jai Batzordeak antolatutako lehiaketan 23 kartel aurkeztu dira, 7 helduen kategorian, eta 16 txikienean. Guzti hauek, bost egunez Santo Domingo merkatuan egon dira ikusgai, non auzoko bizilagunek bozkatzeko aukera izan duten.

Auzoa eraikitzen

15 urte baino gehiagoko kategoriaren barne egon den ‘Auzoa eraikitzen’ kartelarekin, Ander Arangurenek eta Ekhi Iragik «Alde Zaharra eraiki duten edota eraikitzen jarraitzen duten kolektibo eta guneei omenaldi txiki bat» egin nahi izan diete. «Jai herrikoi batzuentzako» kartela, non, Nabarreriako plazan kokatutako helbide zutoin batek Alde Zaharrak duen sare asoziatiboa islatzen duen.

Kartelaren lanketak prozesu neketsua izan du. Azken emaitzara heldu aurretik, bertan zer adierazi nahi zuten pentsatu zuten. Ondoren, nahi zuten ikuspuntua lortu arte hainbat argazki atera, zirriborro eta kolore froga egin zituzten, eta, azkenik, behin betiko kartela «diseinu grafikoko tabletan ordu asko sartu ondoren iritsi zen», azaldu du Arangurenek. «Azken momentuan amaitu genuen: azken egunean zortzi ordu inguru egon nintzen marrazten, gosaldu ere egin gabe», gaineratu du.

Lehenengo aldiz irabazi du Arangurenek San Fermin Txikiko kartel lehiaketa. Iragik, aldiz, ez: aurreko edizioetan parte hartu izan du eta baita irabazi ere, txikien kategorian. 350 euro irabazi dute eta beste 50 euro merkatuan gastatzeko. Dirua banatu eta merkatuko txartelarekin kuadrilarentzat barbakoa bat egingo dutela azaldu dute.

Txupinazoa Aldapako San Ferminetik

Ekhiotz Arbek, 2019an ere irabazle izandakoak, irabazi du aurten ere, 15 urte beherakoen kategorian, Aldapako San Fermin elizatik botatzen den txupinazoaren unea islatzen duen akuarela batekin. «Txikia nintzenean alkate txiki izan nintzen eta izugarri gustatu zitzaidan esperientzia hura; horregatik islatu nahi nuen kartelean», nabarmendu du. Bere kasuan ere, kartelaren prestakuntzak denbora behar izan du: hainbat egun zirriborroa egiteko eta beste bat akuarelekin koloreztatzeko.

14 urte dituen Arbek lehiaketa honetan eskarmentu handia du, «txikitatik» parte hartu duelako. Bere proposamenagatik 100 eurotako saria irabazi du, jaietako programan iragartzen diren komertzioetan gastatzeko, eta bere lagunak gonbidatzera zuzendua egongo da.