INFO

Astelehenean pentsiodunen mugimenduak mobilizazioei ekingo die berriro herri eta hirietan

Irailaren 5ean eta 12an Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioei ekingo die berriro. Hiriburuetan, 5ean Bilbon eta Iruñean eta 12an Donostian eta Gasteizen. Urriaren 15ean Espainiako Kongresuaren aurrean egingo dute protesta.

Pentsiodunen bizikleta martxa Bilbotik igaro zeneko irudia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioei ekingo die berriro irailaren 5ean eta 12an. Hiriburuei dagokionez, mobilizazioak 5ean Bilbon eta Iruñean izango dira, eta 12an Donostian eta Gasteizen.

Ohar batean gogoratu duenez, «uda honetan, gure mobilizazioak herri askotan mantendu dira, uztaileko eta abuztuko bero itogarriaren pean; milaka pertsonaren babesa jaso dugu ekainean Euskal Herri osoan zehar egindako Bizikleta-Martxan, 70.000 pertsonak baino gehiagok sinatu dute pentsioak benetako KPIarekin eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioekin, eta abuztuaren 24an manifestazio indartsua antolatu genuen Bilboko Aste Nagusian».

«Ikasturte berri bat hasiko da, eta era guztietako mehatxu eta zorigaitzekin, energiaren oligopolioek eta banku handiek etekinen errekorrak hautsi bitartean. Prezioak igoz aberasten diren bitartean, langileak eta pentsiodunak, gure erosteko ahalmena galduz eta gure bizi- eta lan-baldintzak okertuz ordaintzen ditugu beren onurak», gaineratu dute.

Pentsionisten mugimenduaren arabera, «pentsioak ez dira altuak, gero eta errakitikoagoak dira murrizketen erreformen ondorioz. Soldatak, gero eta pertsona gehiagorentzat, ez dira nahikoak bizitza duin eta autonomoko proiektu bat garatzeko. Eta beste behin ere engainatu nahi gaituzte, guk sortu ez dugun arazo baten errudun izan nahian, eta ez dugu onartuko.

Horregatik urriaren 15ean Espainiako Kongresuaren aurrean mobilizatuko dira Madrilen, udan herri eta erkidegoetan jasotako milaka sinadurak aurkezteko, «eta azaroan erakunde sozial eta sindikalekin lan egingo dugu erantzun masibo eta irmoa emateko».

«Pentsioak eta soldatak urteko KPI metatuarekin handitzea, pentsioak eta gutxieneko soldatak, Europako Gutun Sozialaren eskakizunekin bat etorriz, soldatetan eta pentsioetan genero-arrakala desagerraraztea, pentsioen eta soldaten murrizketen erreformak indargabetzea eta pentsioak eta zerbitzu publiko duinak bermatzea dira gure berehalako helburuak, eta, horregatik, kalean behar den denbora jarraituko dugu», azpimarratu du.