INFO

Ipar Amerikako euskal elkarteek jaialdia egin dute Connecticuten

«Balea-buztanaren iturria» du izena New London hiriko plaza nagusiak. Eskulturaren aldamenean euskal traineru bat jarri dute; ikurrina bat ere bai portuan. AEBetako mendebaldeko musikariak eta Ipar Amerikako euskal etxeetako kideak batu dira mende erdi betetzear dagoen elkartearen biltzarrean.

Balea-buztanaren eskulturaren ondoan traineru bat jarri zuten. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Ternuatik Kaliforniaraino, dozenaka euskaldun eta euskal-amerikarren topagune izan zen joan den asteburuan New Yorketik bi ordura dagoen Connecticuteko hiria. Euskal arrantzale eta artzainen tradizioa urrun sumatzen da komunitate italiar, irlandar eta afro-amerikar handiak dauden inguruotan. Baina lau frontoi izan ziren Ingalaterra Berrian 80ko hamarkadan: hiru Connecticut estatuan eta bat Rhode Islanden, eta Markinako dozenaka pilotari etorri ziren zesta-puntan aritzera.

«Udako denboraldia hemen egiten genuen, eta negukoa West Palm Beach-en, Floridan», kontatu zigun Roberto Gerenabarrena euskal etxeko presidente ohiak. «Momentu batean koadroak egonkortu egin ziren, eta urte osoz egoten zinen». Hala, haietako askok bikotea osatu eta familia eratu zuten. Gaur egun ere New England Basque Club-en hogeita hamarren bat puntista ohi daude, eta eurek eta euren senideek osatzen dute taldearen bizkarrezurra.

«Baina honelako ospakizunetan, espero ez duzun jendearekin egiten duzu topo. Gaur Vermontetik etorri zaigu ezagutzen ez genuen bat; aita fabrikara lanera etorri zen, bera hemen bizi da, eta euskaraz ere ederto moldatzen da», adierazi zigun Juan Mari Aramendi markinarrak.

Bertakoekin ere konplizitatea jorratu dute; balearen tradizioarekin lotura egin duen alkatearekin, edota egur mozketan diharduten beste aizkolari batzuekin, esate baterako. Baita Thames River konpainiarekin ere; ardo eta pattarrak lantzen dituzte, eta euskal etxearen izena daraman garagardoa ekoitzi zieten festan dastatzeko.

Gertuko elkarlanari eta urrunagoko loturei esker, euskal jai arrakastatsua izan zen joan den asteburukoa. Mendebaldetik, Utah estatutik, etorritako Amerikanuak musika taldeko kideek muslari sutsuenak ere dantzan jarri zituzten: “Ikusi mendizaleak”, “Xalbadorren heriotzean”, Athletic zein Realaren ereserkiak (Osasunaren kamisetaren bat izan zen jaialdian), eta “Gernikako arbola”, amaitzeko.

Kirola, musika, dantza, eta, pandemiaren ostean, etorkizunean ere euskal kultura Ipar Amerikan lantzen jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten biltzarrean elkartutako euskal amerikarrek.

Traineru bat mugan

New London hiriak harreman estua dauka itsas tradizioarekin, eta ospakizuneko protagonistetako bat euskal trainerua izan zen. Quebec-eko euskal elkartearena da, Angeluko Ibaialde arraun-elkartearen bisita batean opari utzi zieten; pandemia aurreko ekitaldietan ere egin izan zuten Montrealdik Connecticuterainoko bidaia. Oraingoan, baina, ohiko sei orduko txangoa uste baino luzeagoa izan zen, eta goizaldeko laurak ziren Quebeceko espedizioa Connecticuteko hirira iritsi zenerako.

Motiboa: Estatu Batuen eta Kanadaren arteko mugan trabatutako trainerua. Barrez gogorarazi ziguten anekdota, momentuan bertan urduritasuna nagusi izan zela aitortuta ere: «Ez dakit zehazki nola gertatu den, muga bihurgune batean dago, gaua zen gainera… kontua da mugako kabinara iritsi eta pasaporteak ematean, atoian generaman trainerua ez atzera ez aurrera geratu dela», gogorarazi zuen Adriano de Mata Montrealgo euskal etxeko kideak. Idazlea eta itzultzailea da, eta urteak daramatza Quebecen postari.

Hala, Kanada eta Estatu Batuen arteko muga blokeatu zuten euskaldunek. Gero eta auto ilara luzeagoa, eta mugazain estatubatuarra urduri jarri zitzaien, «kabina hautsiko geniola esaten zigun, baina ezin pasa ari ginen. Azkenean, autotik jaitsi eta atoiraino joan gara, eta hantxe, bultza eta bultza, pasatzea lortu dugu».

Euskal etxeko euskara irakasleak, Beñat Urrutia uztariztarrak, mezua utzi zien agente estatubatuarrei: «Bihar berriz itzuliko garela esan nien, trainerua Quebecera itzuli behar dugu eta».

Euskal tradizio luzea

Ez da Ipar Amerikan dagoen traineru bakarra. Frantziaren menpe dagoen Saint-Pierre eta Mikelune uharteetako euskal etxean ere badute bat, eta astero irten ohi dira arraun egitera.

«Elkartearen azken berrikuntzetako bat izan da, baina euskal tradizio luzea dago gurean», ohartarazi zuen Sonia Borotrak. XIX. mendearen erdialdean iritsi ziren Arbonatik haren arbasoak Ipar Amerikara. «Ipar Amerikako frontoirik zaharrena daukagu, 1906koa da».

Abuztuaren erdialdean ospatu zituzten euskal jaiak, 39. aldiz; segidan Connecticutera etorri ziren NABOko biltzarrera, datorren urteko 50. urterako ospakizuna gogoan zutela.