INFO

Laurita Siles, ardien munduarekin maitemindutako artista andaluziarra

Arte sormenaren uretan murgilduta, ardien munduarekiko pasioa da Laurita Silesen proiektu artistikoaren ardatz nagusietako bat, bere lan askotan islatzen denez. Halere, harago doa kultura aniztasuna maite eta euskara ikasten ari den artista andaluziarraren proposamena.

Laurita Siles, artilez egindako produktuak erakusten. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Kultura eta tradizio ezberdinen artean hazita, sormena Karrantzan duen bizi proiektuarekin lotuta dago, eta ardiek ez ezik, artzaintzaren tradizioak, sustraiek, kulturak, identitateak, larreek, egiteko moduek, jardueratik eratorritako produktuen erabilerak... horiek guztiek bere lana inspiratzen dute. Adibiderik argiena bikotekidearekin abian jarritako Muturbeltz proiektua da. Begirada horrek, gainera, Karrantzatik Ameriketako Estatu Batuetara eraman du sortzailea duela gutxi. Euskal diaspora ezagutu du bertan, eta kontaktu berri bat izan du artzaintzarekin; ardiak, sustraiak, kultura, folklorea... “Iruten har nuzu. I am making wool” erakusketa dauka Boiseko hirian, Idahon, irailaren 10era arte, «euskal-amerikar identitatearen esplorazioaren emaitza».

Siles 2003an heldu zen Euskal Herrira, Arte Ederretako Fakultatera. GAUR8ri kontatu dio kultura nahasketa baten erdian hazi zela Marbellan. Gurasoak jatorri andaluziarrekoak dira, baina Tangerren hazi ziren, han aurkitu zuten aitona-amonek babesleku diktadura frankistan. Eta orain, etxeko gabonak dira kultura nahasketa horren adibidea: «Amak plater marokoarrak prestatzen ditu, eta balkoian, Olentzero, hiru errege magoak eta Bizarzuri eskegitzen ditu, mundu guztia da ongi etorria, jaiotza jartzen du, baina kuskusa jaten dugu... nahastura handiko familia gara», azaldu du azentu andaluziar gozo batekin euskara ikaslea ere badenak.

Kultur aniztasuna ez da etxeko girora mugatzen. Txikitan, jatorri siriarreko, kurduko, txinatarreko... eta euskalduneko lagunak zituela gogoratzen du. Orain ohikoa izan daiteke, baina «41 urte ditut eta garai hartan ez zen hain ohikoa». Edonola ere, «oso zorionekoa» sentitzen da «kultur tolerantzia superpolit batean hazi izanagatik».

Euskal Herrira heldu ostean Kanadara joan zen, eta hurrengo urteetan munduan barrena ibili ostean Marbellara itzuli zen, baina handik oso gutxira Euskal Herrian zen bueltan. Josu Errekalde irakasleak tesia aurkeztera animatu zuen eta 2017an defendatu zuen arte garaikidean folklorearen erabileraren inguruko lana, Euskal Herriaren eta Andaluziaren arteko konparazio ariketa bat, lau atalez osatuta: Oihua, irrintzia eta quejío-a; Hitza, bertsolaritza eta cante jondo-a; Kolpea, txalaparta eta kriskitinak; eta Haizea, txistua eta gaita rociera.

Garai hartan Joseba Edesa bere «bizitzako laguna» ezagutu zuen, karrantzar peto-petoa. Irribarre batekin gogoratzen du zortzi abizen karrantzar zituela esan ziola. Ardien artzaintzarekin oso lotuta dagoen familia batera heldu zen lagunaren eskutik. Adibide modura azaltzen du Josebaren amama haraneko gaztagile ezaguna zela, aitite-amonak artzainak izan zirela, ikazkinak... Hain identitate indartsu baten inspirazioari, gainera, naturarekiko eta animaliekiko maitasuna erantsi behar zaiola dio. Horrela batu ziren pasio ezberdinak: artzaintza eta hezkuntzarekikoa –Joseba irakaslea da–, eta Silesen begirada artistikoa.

Oinarri horiekin ez da harritzekoa Muturbeltz bezalako proiektu bat sortzea. Webgunean bertan azaltzen dutenez, artzainen ofizioa bezala galtzeko arriskuan dagoen ardi karrantzarra bultzatzea helburu duen bizitza proiektu bilakatu da. Jakintza horien galeraren aurrean, agroekologian oinarritutako praktika artistikoa proposatzen dute.

Jakintzaren transmisioa

Proiektuak lau esku ditu. Silesen eskuak eta bere «Muturbeltz sorgin baserria», sormena eta jarduera artistikoa garatzeko; eta Joseba Edesarenak: txikitatik artzaintzan aritzetik eta baserri lanetatik edan duen Hezkuntza Fisikoko irakaslea. Beste kide baten inspirazioa ere badute: Lur Edesa, «euskandalus purua», ardiak eta txakurrak besarkatzeaz gain, «adar artean barraskilo bilatzaile nekaezina, oiloei korrika eginarazten diena eta sudurra pailazo baten moduan margotuta eramatea, abestea eta ilargiari begiratzea maite duen 4 urteko karrantzar txikia».

Proiektuak tradizio baten balioak eta artzaintzaren munduaren inguruko jakintzaren transmisioa uztartzen ditu, begirada artistikoarekin. «Artilea eta artea dira beste bi hankak, zuzenean landu ditudanak», adierazi du 2017tik antolatzen dituzten “Ondo Bizi Arte” egonaldi artistikoak aipatuz: «Artistak gonbidatzen ditugu hamar egunetan zehar gurekin eta haraneko beste artzainekin bizitzeko, eta denbora horretan proiektu bat garatu behar dute». Ate irekietako jardunaldi bat antolatzen dute egitarauaren barruan, eta beste gonbidatu batzuen bisita jasotzen dute. Ekimen horren barruan Arantzazuko Artzainen Eskolaren gogoetak bildu dituzte, elikadura subiranotasunari buruzkoak... Ekimenak publikoari zuzendutako erakusketa bi uzten ditu; bata Karrantzan eta bestea Bilbon, kokapen ezberdinak izaten dituena; hurrengoa Leioako Arte Ederretako Fakultatean izango da. Argitalpen batek egonaldien ingurukoak biltzen ditu.

Proiektuak «beste hanka bat dauka», haraneko artzainei lotua. «Elkarte gisa eratu ginen laguntzak jaso ahal izateko eta arte egonaldien inguruko guztia kudeatu ahal izateko, baina egiten dugun lanagatik jasotzen dugun diru guztia artilearen ikerketan inbertitu dugu. Arazo handi bat dago, artilearekin zer egin. 2017tik hamalau-hamabost artzaini erosten diegu artilea eta euro bat pasatzen dugu ardi bakoitzeko, Estatuan ordaintzen den preziorik altuena», azaldu du.

Artilearen erabilera proiektuaren beste ardatzetako bat izan da, euskal artilea ez baita inoiz industrializatu. «Elosegi edo Encartada bezalako lantegi ospetsuek artile australiarra erabiltzen dute fabrikatutako elementuetan. Hemengo artilea koltxoiak betetzeko eta etxeko erabilerarako izan da, galtzerdiak, jertseak eta abar egiteko, baina ez zen inoiz industriara eraman», zehaztu du Silesek.

Izan ere, artilearen problematika horri erantzun bat emateko asmoz abiatu zuen ikerketak goruari eragiten zion bizikleta diseinatzera eraman zuen. Urte batzuk lehenago Islandiara egin zuen bidaia batean gorua erabiltzen ikasi zuen. Joseba bikote lagunarekin batera artilearen trataeraren lehen pausoak ikasteko aukera izan zuen, eta Josebaren ardien artilezko lehen haria egin ahal izan nuen, ardatza erabiliz «goruaren arbasoa dena; niretzat Muturbeltzeko lehen harria bezalakoa izan zen».

Horrela sortu zuen ‘bizi-rueca’, gorua daukan bizikleta, Silesek sortutako «artefaktuen» zerrenda luzatuz: ‘txalamovil’ (txalaparta jotzeko gailua), ‘putxeramovil’, putxeretan kozinatzen duenak poteak hartzeko aukera izan dezan, eta ‘bicicine’ bat, irudiak grabatu eta zuzenean erreproduzitzen duen gailua. 2015ean BilbaoArtek emandako beka batekin bi ‘bizi-makina’ sortu ahal izan zituen: bizikleta bat iruteko eta beste bat artilea kardatzeko.

Aurrekari horiekin, Boisetik Euskal Jaialdian parte hartzeko emakume artista baten bila zebiltzala idatzi ziotenean, Silesek proiektua aurkeztu zuen eta aukeratua izan zen. Hala ere, ez zela erraza izan onartu du, urte eta erdiko haurtxoarekin ez zelako unerik onena bidaia egiteko, eta pandemiak aukera hori atzeratu zuen. Aurten bidaia egin ahal izan du, eta ez da erraza izan etxekoengandik urruntzea, baina animatu egin zuten, «aukera paregabea baitzen euskal-amerikar identitatea esploratzeko».

«Nahasketa superpolita dago»

Esperientziaren emaitzetako bat Boisen ikusgai dagoen erakusketa da. Jantzi, marrazki, irudi eta beste hainbat elementuren bilduma da ikusgai jarri duena. Silesek berak kontatzen duenez, sekulako aukera izan da euskal diaspora ezagutzeko. «Nahasketa superpolita dago, emigratu zuten euskaldunek sustraiak oso presente izan dituztelako, baina amerikar sustraietan ere integratu dira», nabarmendu du lehen begirada batean.

Esperientziak, gainera, bere bizi proiektuarekin lotura zuzena duen jakintza eskuratzeko aukera eskaini dio; ardiak larratzea izan baitzen euskaldun asko eta askoren ofizioa. Kontatu duenez, izugarri harritu zuen datu batek: pasa den mendeko 30-40 hamarkadetan bi milioi ardi zeuden Idahoko lurraldean. «Ardi gehiago zegoen pertsonak baino, eta askoz kopuru handiagoan gainera, lurraldeak jasan zitzakeenak baino gehiago».

Beste datu bitxi bat aurkitu zuen. Euskal artzainek larratzen zituzten ardien arrazak ikertuta, arraza ezberdin ugari gobernatzen zituztela aurkitu zuen, baina Europatik eramanak guztiak. Antza, Idahon ardi moduko animalia autoktonoa dago, mufloia, baina ez da inoiz etxekotu. Halere, Idaho Agricultur Esperimetal Station izeneko erakundean, hiru arraza berri sortu zituzten ardi europarrak nahastuz, esne eta haragi hobea izan zitzaten, eta lurraldera errazago egokitu zitezen.

Jakin-mina piztuta, informazioa bildu eta euskal artzainek larratu dituzten ardi arrazak marraztu zituen, hogei guztira. Boiseko gorulariekin jarri zen kontaktuan, artile mota ezberdinak lortu eta Boisen dauden Gernikako Arbolaren kimu bien itzalean haril handi bat osatu zuten. Idahon, gainera, Henry Echeberry ezagutu zuen, artzaintzan jarraitzen duen euskal migranteen ondorengoa.

Emigratu zuten emakumeen esperientzia ezagutzea esplorazioaren helburuetako bat zen. Jakin ahal izan zuenez, euskal emakume asko senarrarekin joan ziren, baina beste asko lanera joan ziren. «Haiek ‘boarding house’ delakoetan egiten zuten lan; pentsio modukoak, artzainek neguan lo egiteko».

Artistak azpimarratu duenez, kontuan hartzekoa da emakume haiek bizirik mantendu zuten ‘alaitasunaren subiranotasuna’. «Cerratoko Landa Unibertsitatean lehen aldiz entzun nuen termino hori, eta azaltzen zutenez, elikaduran, ehungintzan eta hainbat arlotan subiranotasuna galdu dugun bezala, alaitasunarena ere galdu dugu, kantatzeari, dantzatzeari... utzi diogu, eta Boisen emakumeek egin dutena oso lotuta dago ideia horrekin, euskal kultura eta alaitasunaren subiranotasuna gorde dute, kantetan, dantzetan...».

Identitate indartsu bat erakusten du hango euskal komunitateak, baina kulturaren merkantilizazioaren arriskua ere ikusten du. Silesen ustetan, erakustaldi handiak baino autentikoagoak dira formatu txikiagoko jaiak. Nabarmendu duenez, kulturak urna batean gordetzea baino askoz naturalagoa eta aberasgarriagoa da kulturen nahasketa: euskaraz ari direnean «you know» horrekin bukatzea bezala, «oso polita iruditzen zitzaidan», onartu du.